'Karmel' aldizkaria sarean eta DVDan
2011-02-17 10:451931ean hasi eta gaur egunera arteko Karmel aldizkari guzti-guztiak batu ditue.
Karmeldarrek herrian euki daben garrantzia eta herrian kulturea eta euskerearen alde euki daben eragina omendu guran, orain dala urte bi hainbat ekitaldi atondu zituan Markina-Xemeingo Udalak. Orduan erabagitako egitasmoen artean Karmel aldizkaria digitalizetea hartu eben gogoan, eta oraintsu aurkeztu dabe emoitzea.
DVD euskarrian zein www.karmelaldizkaria.com webgunean eskuragarri dagoz 1931ean hasi eta gaur egunera arteko Karmel aldizkari guzti-guztiak. Horrezaz gan, bilaketak erraz-erraz egin ahal izateko eta materialari etekin handiagoa atara ahal izateko, bilatzaile baten bitartez, artikuluak konsultetako bide erosoa ipini dabe, hainbat erispide tarteko dirala: urtea, egilea, izenburua, gaia eta testua libre.
Proiektuaren aurkezpena Markina-Xemeingo udaletxean egin eben. Ekitaldian parte hartu eben Jabier Alberdi alkateak, Julen Urkiza aldizkariaren zuzendariak, Juan Mari Arrizabalaga gune digitaleko arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jabier Kalzakorta aldizkariko idazleak.
Gaur egun ezagutzen dogun Karmel aldizkariaren jatorriaren bila 1931ra jo behar dogu, orduan sortu zan eta Karmengo Argia izenagaz. Gerra zibilera arte iraun eban, orduan amatau zan. 1951an Larreako (Zornotza) karmeldarrek Karmengo Amaren Egutegia izenburuagaz barriro ataraten hasi ziran, urtean behin. 1959-1962 artean Karmengo Argia izena hartu eban, eta 1970etik gaur egun arte, Karmel.
Euskal aldizkari zaharrenetarikoa da. Literatur sorkuntza, saiakera edo bibliografiaren ganeko lan aitagarriak agertzen dira bere orrialdeetan. Aldizkaria idazleen sortzaile be izan da, euskal kulturea eta euskerearen inguruko era askotako jenteak parte hartu izan dau bertan, izen handiko idazleak eta hasibarriak. Andres Urrutiak berak hor emon zituan lehenengo pausuak literaturako gaiak idazten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!