2026ko Itzuliko azken etapea Bergaran amaituko da

Bizkaie! 2025-11-18 13:40   Kirola

Antzuolako Goizper enpresatik urten ondoren.

Bergaran amaituko da 2026ko Itzulia Basque Country, azken etapea Antzuolako Goizper enpresatik urten ondoren. Ibilbidearen barri emoteko ekitaldian, Bergarako eta Antzuolako udaletako, Goizper enpresako eta Lokatza Taldeko ordezkariek eta OCETAko presidenteak, Javier Riañok, parte hartu dabe.

Ibilbideak 133,7 kilometrokoan, malda positiboa +3.000 metro ingurukoa izango da. Bestalde, ondoko portu honeek pasauko ditue: 

  • Asentzio (3. maila).
  • Gorla (2. maila).
  • Azkarate (3. maila).
  • Gorla (2. maila).
  • Azkarate (3. maila).
  • Asentzio (2. maila).

Ibilbidea Bergaran amaituko da, Matxiategi kalean, hain zuzen be.

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, ondokoa adierazo dau: Itzuliak maila altuko ikuskizuna eskaintzen dau, baita gure herrialdea mapan jarteko modua be. Jakin badakigu Bergarako eta inguruko herrietako bizilagunak txirrindularitza-zale amorratuak dirala. Ondo baino hobeto dakit kaleak jentez beteta egongo dirala, beraz, giroa parebakoa izango da. Horren ondorioz, sekulako indarra izango dau Itzuliak.

Bestalde, Antzuolako alkateak, Olatz Lezetak, adierazo dauanez: euskal herritarrek Antzuola ezagutuko dabe. Orain dala urte batzuk be, Iñaki Lete tarteko, Antzuolan hasi zan Itzulia. Orduko gaztetxoek upealako akordua dabe.

Iñaki Madinak, Goizper Groupeko zuzendari nagusiak, lankidetza horren arrazoia adierazo dau: Goizper, herrian bertan jaiotako enpresa industrial internazionala da. Gure jatorri eta balio kooperatibistei erantzunez, jatorriko arlo sozialak jagoteko eta sustatzeko ekimenetan parte-hartzen dogu. Egungo arlo sozialean, kirolak barruan izanik, txirrindularitzea gure lankide, herri eta euskal kulturan errotuta dago. Itzulian parte-hartzeko aukereak gure barruak mobidu ditu zeozelan eta Goizper enpresarako zein Antzuola herrirako aukera ona dala pentsetan dogu.

Lokatza Taldeko Ion Unamunoren esanetan: urteak pasau dira hildako Pello Garitanok eta biok proiektuari ekin geuntsala eta, jente askoren lankidetzeari esker, helmugara helduko gara

Javier Riañok, OCETAko presidenteak, ekitaldiaren azken zatian ibilbidea aztertu eta ondokoa adierazo dau: Itzuliaren formatua aldatu behar da ekimen barriak martxan jarriz, beste udalerri batzuek Itzuliko hasierea edo amaierea izateko aukerea izan deien. Goizper Group lako enpreseak etapa batean parte hartu nahi badau, bide onetik gagozela esan gura dau.

Goizper Group

Goizper Group 1959an Antzuolan sortutako kooperatibea da. Dibisino industrialek eta enpresa teknologikoek ondoko sektore honeetarako urtenbideak egiten ditue: potentzia bialtzea, ureztapena eta bioteknologia. Erakundearen eredu kooperatiboak agerpena dau nazinoartean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu