Mozart protagonista aurtengo Musika-Musica jaialdian
2011-02-16 14:42 MusikeaMartiaren 4tik 6ra bitartean, Austriako konpositore ezagunaren 66 obra eskainiko ditue Bilbon, Musika-Musica jaialdiaren hamargarren ekitaldian. Horregaz batera, datozan asteotan, musika klasikoagaz lotutako beste hainbat jarduera eta kontzertu antolatu ditu Bilbao-700 Fundazinoak.
Martiaren 4tik 6ra bitartean, Austriako konpositore ezagunaren 66 obra eskainiko ditue Bilbon, Musika-Musica jaialdiaren hamargarren ekitaldian. Horregaz batera, datozan asteotan, musika klasikoagaz lotutako beste hainbat jarduera eta kontzertu antolatu ditu Bilbao-700 Fundazinoak. Ohiko moduan, jaialdiko emonaldietarako sarrerak merke salduko ditue, 5 eta 9 euro artean, musikazaleak ez eze, era guztietako herritarrak musika klasikoaren mundura hurreratu daitezan.
2002an, Musika-Musica jaialdiaren lehenengo ekitaldian, Haydn eta Mozart izan ziran protagonistak eta aurten, hamargarren edizinoa ospatzeko, barriro berreskuratu gura izan ditue Wolfgang Amadeus Mozart austriar konpositore ezagunaren doinuak. Entzuteko musika erraza da Mozartena, atsegina eta ederra, azaldu dau Begoña Salinas Bilbao-700 Fundazinoko arduradunak. Holan, martiaren 4tik 6ra, Mozarten 66 obra eskainiko ditue, musikariak landutako estilo guztietatik apur bat ezagutarazo guran. Euskalduna Jauregian izango dira emonaldiak eta nazinoarteko musikari bikainak etorriko dira kontzetuak emoten. Begoña Salinasen esanetan, Musika-Musica jaialdiaren helburua da, musika klasikoa zabaldu eta ahalik eta jente gehiago erakartea. Adituek zein musika mundua ezagutzen ez dabenek, bardin-bardin disfrutetako saioak dirala uste dabe antolatzaileek.
Mozarti eskainitako kontzertuez ganera, bestelako jarduerak be egiten dabilz Musika-Musica jaialdiaren harira. Esaterako, asteon amaituko da gazteentzako antzerki-zikloa, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak jaialdira erakarteko programea. Bestetik, kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleek be, Musika-Musica jaialdian parte hartzeko aukerea eukiko dabe eta profesionalekaz hartu-emonak egiteko erea izango dabe. Kontserbatorioen parte-hartzea garrantzitsua da, eurak dira eta etorkizuneko musikearen hazia, nabarmendu dau Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. Aurten, kontserbatorio eta musika-eskoletako 800 gazte inguruk hartuko dabe parte Musika-Musica jaialdian.
Kontzertuak hasi baino lehen, datorren astean, berbaldi-zikloa be antolatu dabe, musikearen arloko aditu ezagunek gidatuta. Mozart eta bere musikea hobeto ulertzeko baliogarriak izango diralakoan eratu doguz berbaldiak, Begoña Salinasen arabera. Zezeilaren 21etik 24ra izango dira lau hitzaldiak, Zabalguneko udal-eraikineko atarian. Sarrerea librea izango da.
Dagoeneko hamar urte bete ditu Musika-Musica ekimenak eta osasuntsu dagoala esan leiteke: 2002an hasi ginanean, ezin genduan jakin zelan urtengo eban, baina ilusinoz ekin geuntsan eta publikoari eta Udalaren babesari esker, aurrera egin dogu, gogora ekarri dau Salinasek. Jentearen erantzuna ezinbestekoa izan da musikaldia finkatzeko, lehenengo ekitaldian 15.000 sarrera saldu ziran, eta igaz 30.000, hazten goaz, dino Salinasek. Musikazaleak ez eze, era guztietako publikoa erakarteko, prezio merkeak ipini ditue aurten be, 5 eta 9 euro artekoak, baina kalidade handiko emonaldiak izango dirala be ezin da ahaztu, adituek be gozetako modukoak. Azken finean, Begoña Salinasek adierazo dau, musikearen jaialdia izatea gura dogu, danok musikeagaz disfrutetea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!