Pedro Carreras: 'Aurten ez dago itxaropen handirik, giroa nahiko eskasa da ARCOn'
2011-02-15 17:52 BarriketanCarreras Mugica galeriako arduraduna
Bilboko Carreras Mugica arte-galeria hamaulagarren urtez dago ARCO Arte Garaikidearen Nazinoarteko Azokan. Krisiak jotako edizinoa izango da aurtengoa, 30. urtea dagoeneko. Zezeilaren 16an hasi eta 20ra arte egongo da zabalik azokea Madrilgo Ifeman. Carreras Mugica galeriako arduradun Pedro Carrerasek etorkizuna ilun ikusi arren, aurten be azokan egotearen aldeko apustu argia egin dau.
1.- Ze aukera ikusten deutsazu aurtengo ARCO azokeari?
Aurten ez dago itxaropen handirik, ganera giroa nahiko eskasa da hemen. Beste urte batzuetan baino askoz galeria gitxiago dagoz, eta etorri diranak ez dira onenak be. Panoramea ez da bape itxaropentsua, giroa nahiko triste dago.
2.- Igaz baino txarrago, orduan?
Bai, bai, nire ustez bai, behintzat. Baina, ez dogu itxaropenik galduko; izan be, azokea ez da oraindino hasi be egin. Aurreko urteetan etorri diran galeria handiak aurten ez dagoz hemen, krisi handia dagoalako eta ez jakelako interesetan. Jente asko etorriko da Arcora, baina guri bisitariek ez deuskue jaten emoten, guk salmentak behar doguz. Nik pentsetan dot igaz baino gitxiago salduko dogula. Ikusiko dogu ia zer gertatzen dan.
3.- Hamalau urte dira Carreras Mugica galaria Arcon dagoenetik, gauzak asko aldatu dira urteotan?
Bai, jakina, gauzak goitik behera aldatu dira. Sasoi batean azoka nabarmen profesionalizau zan, beste garai batean nazinoartean oihartzun handia izan eban eta munduko galeriarik garrantzitsuenak etorten ziran. Orain, barriz, Arco-k azoka espainiarraren itxurea dauka, ez besterik. Dana dala, Estadu espainiarreko galeria guztiak hemen dagoz, hori egia da. Esfortzu handia egin dabe hemen egoteko. Urte gatxa izan arren, apostu handia egin dabe, denak zuzendari barriari babesa emon nahian.
4.- Erosle handiak etorriko ete dira aurten Arcora?
Espainian ez dago erosle handirik, desagertu ziran. Lehenago egozan erosle handiek ez daukie dirurik, eta noizean behin lanen bat erosten ebenek be ez dabe ezer erosten, ez dalako momentu aproposa. Erakundeak be hor dagoz, baina gaur egun ez daukie txakur txikirik. Erakunde publikoetako eta museoetako zuzendariak etorri etorriko dira, baina ez dabe ezer eroango ez daukielako dirurik, asko nahikoa egiten dabe euren beharginei soldatea ordaintzeagaz.
5.- Eta nazinoarteko erosle handiak ez ete dira Arcora hurreratuko?
Nazinoarteko eroslerik ez da Arcora etorriko. Kanpoko galeriek eurekaz ekarten ditue erosleak; esan gura dodana da, AEBetako galeriek AEBetako erosleak ekarten dituezala, eta Alemaniakoak edo beste herrialde batekoak bardin. Aurten ez dira nazinoarteko galeria handiak etorri, beraz erosleak be ez dita etorriko. Badagoz kanpoko galeria batzuk, baina ez dira oso garrantzitsuak. Marian Goodman eta holangoak dagoeneko ez datoz Arcora.
6.- Krisiak noiz arte jarraituko dauan jakin geinke?
Denpora kontua izango dala pentsetan dot, gauza ziklikoa izango dala. Hiru-lau urtean gauzak barriro bere lekura joango dira. Orain ez dago dirurik, ez da ezer saltzen, baina etorriko dira sasoi hobeak.
7.- Arcok zuendari barria dauka, Carlos Urroz. Gustora orain arte egindako beharragaz?
Zuzendari barriak sano ondo ezagutzen dau sektorea, eta geu be sano ondo ezagutzen gaitu. Danon arteko adostasunaren alde egin dau. Konfidantzea izan behar dogu, eta ia zer pasetan dan ikusi. Carlos Urroz profesional handia da. Krisi garaian, Arcoren sasoi txar-txarrean, zuzendaritzearen ardurea hartzeko prest egon da, eta ez da gitxi. Ahalegina egingo dau, zalantza barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!