Euskerazko hedabideak pausu barriak emoteko prest agertu dira Donostian
2011-02-15 14:38 Euskerea berbagaiEuskerazko komunikabideek agerraldi bateratua egin dabe gaur 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean
Euskal Herri osoko euskera hutsezko 80 komunikabidek editorial bateratua argitaratu eben zezeilaren 1ean, euren garrantzia nabarmendu eta erakundeen babes handiagoa eskatzeko asmoz. Ekimen horri lotuta, euskerazko komunikabideek agerraldi bateratua egin dabe gaur 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Editorialean aitatutako gaiak sakonean landu dabez, eta sektorearen ganeko datu zehatzak emon. Hona hemen Donostian egindako adierazpenaren testu osoa.
Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua
Gaur, hemen, euskerazko hedabide ez publikoetako ordezkaritza oso zabala alkartu gara, alkarbanatu dogun gogoetaren barri emon, eta batera egiteko asmo dogun bidearen barri emoteko gizartearen aurrean. Hemen, mahaian, hedabide horreetako ordezkari batzuk gagoz, eta nik guztien izenean hitz egingo deutsuet.
Gure burua aurkeztu eta nor garen azalduz hasiko gara. Eta hori egiteko, zer hobe datu batzuk emotea baino:
- 100dik gora gara euskerazko hedabideak; prentsa, irratia, telebisinoa eta Internet kontuan hartuta.
- 620tik gora gara hedabide horreetan lanean gabizan langileak.
- Guztien artean, urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mobiduten dogu.
- 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen doguz zuzenean, gizarte segurantza eta zerga bidez (BEZ eta PFEZ).
- 7.500.000 euro jasotzen doguz diru-laguntzinoen bidez.
- 2007ko gabonilean CIESek egindako azterketa baten arabera, euskerazko komuniabideak 450.000 lagunengana heltzen dira, hau da, euskaldunen %57 da euskerazko hedabideen jarraitzaile.
Datu honeek guztiek erakusten dabe sektore bizi eta kontuan hartzekoa osatzen dogula, zalantza barik, gizarte honetan era askotako irabaziak sortzen dituana.
Adibidez:
- Informazino mailan, gizartearen informazino eskubidea asetzeko bidea emoten dauan sektorea dalako.
- Euskerearen normalizazinoan, aho batez onartzen dan legez, hizkuntzearen normalizazinorako eragile nagusietakoak diralako hedabideak.
- Arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen ditualako, eta kontuan hartzeko moduko ekarpena egiten daualako sektoreak gizarte segurantza eta zerga bidez.
Diruz lagundutako sektorea da, hala behar dauelako, merkatuaren parametro hutsetan bizirauterik ez dauelako eta funtzino publiko ezinbestekoa betetzen dauelako. Baina azpimarratu nahi dogu, sektore honek jasoten dituan laguntza publikoetatik zati handi bat berreskuratzen dauela gizarteak baita parametro ekonomikoetan be.
Ez dogu ezer barririk esango hedabideok krisi garaiak bizi doguzala esaten badogu komunikazinoaren munduan gertatzen dabizen aldaketak eta krisi ekonomikoak gogor astindu dituala euskerazko hedabideak, lehenagotik be diru baliabidez larri zebizan hedabideak. Erronka barriei aurre egiteko babes handiagoa behar izan dogunean, laguntzak txikituta ikusi doguz, krisiaren atxakian. Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da. Ez baita gure bokazinoa bizirautea, ezta egun kaleratzen doguzan hedabideokaz konforme geratzea. Gure bokazinoa garatzea da, euskal hiztunen komunidadeak bere burua euskeraz islatua ikusteko beharrari, nahiari erantzutea, eskeintza etengabe egokituz eta aberastuz, azken 30 urtean erakutsi dogun moduan.
Euskara eta euskal kultura geroratzeko giltzarri ezinbestekoa da komunikazino proiektu anitzen bidez osatzen dan sektorea osasuntsu eta garapenbidean inbertitzea. Instituzinoek aspaldi aitortua deutse sektore honi euskerea eta euskal kulturea sustatzeko zereginean daukan estrategikotasuna, eta garrantzi hau behin eta barriro berretsi da administrazino eta foro anitzetan. Aitortzak baina ez dira nahikoak, tamainako apostu eta sostengu ekonomikoa behar dau sektore honek. Egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskeintzen deuskue garatzeko aukerari hegoak ebagiz. Modu berean, hainbat hedabideren ateak zarratzen ikusi doguz azken aldian.
Aurreko guztiak kontuan hartuta, indarrak batu eta sektore legez garatzeko premia biziko gai bi identifikau doguz sakontzeko: diru-laguntzinoak eta publizidadea.
- Laguntzetan baliabide handiagoak behar dira, sektorea indartzeko, egoera barrira egokitzeko behar dituan inbertsinoak egiteko eta zabalkunde handiagoa lortzeko.
- Aldi berean, egungo laguntza deialdiaren dinamikatik bide egonkorragoetarako urratsa egin beharra dago, urteroko zalantza egoera gainditu eta laguntzaren zenbatekoa urte hasieran ezagutzeko. Egonkortasuna kopurutan eta azkartasuna prozedura eta ebazpenetan.
- Publizidadearen gaian, barriz, agerikoa da instituzinoek eta erakunde nagusienek ez dabela euskerazko hedabideen indarra kontuan hartzen. Esan dogu orain hiru urteko datuek erakusten dabela euskaldunen erdiak baino gehiagok kontsumiduten dituela euskerazko hedabideak, baina publizidade inbertsinoa ez da maila berean egiten. Publizidade instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da eta horretan eragin nahi dogu.
Egoereari eta zailtasunei aurre egiteko, euskerazko hedabideok hainbat ekimen alkarregaz egitea erabagi dogu. Horren ondorioa dira zezeilaren 1ean argitaratutako editorial bateratua eta agerraldi hau bera. Hemendik aurrera ere alkarregaz aritzeko erabagia dogu, eta gure egoeraren barri emoten jarraituko dogu gure medioen bitartez eta horretarako sortutako webgunean, http://www.blogak.com/ehedabideak.
Horrez gan, hurrengo asteetan instituzino nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekaz alkartzeko plana egiten gabiz. Bilera honeetan sektorearen barri zuzenean emon eta politika aldaketarako proposamenak lantzea da helburua. Sektoreak prestasun osoa du eragile guztiekaz gaia landu eta akordio eta politika zehatzak adosteko, eta horretarako dagoen prestasuna ikusi nahi dogu. Jakin badakigu udal eta foru hauteskundeen atarian gagozala, eta uste dogu garai egokia dala alderdiek etorkizunera begirako gogoeta egin eta konpromiso zehatzak hartu dagiezan hurrengo lau urteetarako politika markatzeko.
Bilera honeek zezeila eta martia bitartean egiteko asmoz ari gara lanean, eta batzarrok egin ondoren, gure asmoa da barriro publikoan agertzea hartu-emonei buruzko balorazinoa egin eta aurrera begirako pausuak azaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!