Aurtengo Herri Urratserako kantua Berri Txarrak taldeak egin dau 'Laku bat munduan' leloa ardatz hartuta

Bizkaie! 2011-02-11 10:53   Euskerea berbagai

Sustrai Colina bertsolariarenak dira berbak, Claire Lacarra (Izate taldearen kantarixa) kantuan agiri da eta Berri Txarrak taldeak atondu dau kantua doinuz.

Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko aurtengo hitzordua Maiatzaren 8an izango da Senpereko lakuaren inguruan. Antolaketa lanetan buru-belarri sartuta, aurtengo kantua aurkeztu barri dabe; Sustrai Colina bertsolariarenak dira berbak eta Berri Txarrak taldeak atondu dau kantua doinuz. Jaiaren atarian, egoerea ezkorra dala gogorarazo dau Seaskako lehendakariak: 'ez dakigu eguraldia zer koloretakoa izanen den, baina Seaskarendako panorama aski grisa da'.

2010eko Herri Urrats euritsu eta diru sarrera murritzen ondoren, Seaskak egindako laguntzino deiari Berri txarrak taldeak be erantzun eutson; Seaskaren helburuak bete ez zirala eta Hegoaldeko jente gitxiago hurreratu zala entzun eta talde nafarrak laguntzinoa emotea erabagi eban. 'Eta horrela gertatu zen, sinpleki: taldeak bere proposamena egin, eta Herri Urratsek berehala onartu'. Ondoren, bien artean erabagi zan Iparraldeko persona bati hitzak idazteko eskatzea eta Iparraldeko kantari edo zergaitik ez kantarixa bati bere parte hartzea eskatzea. Holan aukeratu ziran Sustrai Colina berbak idazteko eta Claire Lacarra (Izate taldearen kantarixa) kantetako. Kantua zoragarri geratu da.

Gauzak holan dirala, dirua batzeaz gan, Seaskakoek aldarria egin nahi dabe Laku bat munduan lelopean: euskaldunen nortasuna, euskerara hurreratzeko konbidapena eta euskerea aintzat hartzeko eskea. Horretarako, sei koloretako tantaz —Euskal Herriko herrialde bakotxeko bat— osotu dabe kartela. Tantek desbardintasunean osotu daien euskerearen lakua.

Herri Urrats egunean batuko dan dirua Kanboko Xalbador Kolegioa (Lapurdi) barritzeko erabiliko da. 'Frantziako legeak, ikastolen eraikuntza publikoak debekatzeaz gan, ikastolendako ibilmolderako laguntzak ez ditu arautzen', gogorarazo dau Paxkal Indok, Seaskako lehendakariak. Gurasoek egin behar deutsee aurre barritze lanei. Herri Urratsegaz lortu nahi dabe gastuaren beste zati bat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu