Euskal artisten hiru erakusketa, Bizkaia Aretoaren programazinoa hasteko

Dabi Piedra Robledo 2011-02-10 14:25   Kulturea

UPV/EHUren Bizkaia Aretoaren inaugurazinoaren biharamunean, lehenengo hiru erakusketak zabaldu ditue, euskal ondareari buruzko ikuspegi moderno eta barritzailea emoten daben hiru bilduma. Paraninfoaren inaugurazinorako ekimena izateaz ganera, BizBAK, Bizkaia Arte eta Kultura programazinoko parte be bada.

Asteon inaugurau dabe Euskal Herriko Unibersidadearen paraninfoa, Bizkaia Aretoa izenagaz, Bilboko Abandoibarrako pasealekuan. Eraikin barriagaz, unibersidade publikoa herritarrei gehiago hurreratu gura deutsie eta ekimen kulturaletarako gune barria sortu Bilbo erdigunean. Holan, inaugurazinoaren biharamunean, lehenengo hiru erakusketak zabaldu ditue, euskal ondareari buruzko ikuspegi moderno eta barritzailea emoten daben hiru bilduma. Paraninfoaren inaugurazinorako ekimena izateaz ganera, BizBAK, Bizkaia Arte eta Kultura programazinoko parte be bada hau, zehaztu dau Gabriel Villota EHUko Bizkaiko Hedakuntzako Zuzendari eta BizBAKeko arduradunak.

Era batean edo bestean, kultura tradizionala eta ondarea aztertu eta ikuspegi barria emonez interpretau ditue artistek hiru erakusketetan, nork bere erara. Ondarearen kontzeptu arruntari bueltea emotea izan da asmoa, ze muga dituan aztertu eta esploretea, Villotaren arabera. Areto bana hartzen dabe erakusketek eta apirilaren hasierara arte ikusgai egongo dira paraninfo barriko lehenengo pisuan.

Lehenengo erakusketea Txillida izeneko aretoan dago eta euskal emakumezko artisten lanak agiri dira bertan. Arte Ederretako ikasleen artean deialdia egin genduan eta ibilbide luzea egin daben artistakaz be kontaktua egin dogu eta, holan, emakumezkoek egindako artearen bilduma hetereogeneoa osotu dogu, Villotaren esanetan. Erreakzioa izeneko erakusketan margolanak, instalazino artistikoak, eskulturea eta beste arte-mota batzuk batu ditue, baina artista bakotxaren ikuspegia desbardina da; bertokoak eta emakumezkoak izatea, hori da erakusketa honetako artistak lotzen dituana, ez tematikea edo formatua, Villotak zehaztu dauenez. Ganera, kontsultarako aukerea be emoten dau Txillida aretoko montajeak, artelanakaz batera doumentazinoa be badago eta, bisitariaren eskura, 'erakusketa bizia da, euskal emakume artistei buruzko katalogoak eta informazinoa dagoz, inguruko museoek emonda.

Bigarren erakusketea Axular aretoan dago eta Etsaia da izenburua. Bertan, Usue Arrieta eta Vicente Vazquez artistek 60ko hamarkadako pentsakerea eta jazoerak berrinterpretau ditue. Hori be geure ondarearen parte da, sasoi haretako aldaketa sozial, politiko eta kulturalak, baina artelan honetan, beste ikuspegi bat emoten deutsie egileek, zehaztu dau Villotak. Etsaia instalazino erako obrea da, pelikula bat da ardatza eta berau proiektetako, zinema aretoa bailitzan atondu dabe aretoa.

Nader Koochaki donostiar artistearen XXXXX lana da Abandoibarrako Bizkaia Aretoan topauko dogun hirugarrena, Oteiza aretoan. Oñatiko ardi-txakur txapelketan grabautako irudiak erakusten dira bertan, ikuspegi barritzaileetatik hartuak: txakurrari jarri eutsien kamara bat, esaterako. Oñatiko ardi-txakur txapelketea tradizino luzekoa da eta artistikoki joko-aukera zabala emoten dau eremuak, izan be, artzaina eta txakurra egoten diran lekuak erreka batek banatzen ditu, espazio banatuak sortzen dira, Nader Koochaki artisteak holan azaldu dau zergaitik hautatu eban ekitaldi hori. Kasu honetan be, euskal ondarea hartzen da eta beste ikuspuntu bat, artistikoagoa, ezartzen jako, ganeratu dau Gabriel Villotak.

Beste areto baten, hiru erakusketei buruzko dokumentazino gehiagarria ipini dabe artistek. Hiru erakusketak apirilaren hasierara arte egongo dira Euskal Herriko Unibersidadearen Bizkaia Aretoan eta BizBAK progamearen aurtengo denporaldia hasi dabe horregaz. Informazino zabalagoa, helbide honetan: www.ehu.es/kultura-bizkaia


UPV/EHUk Bizkaia Aretoa inaugurau eban atzo Abandoibarran

Abandoibarrako paraninfo barriaren inaugurazinoan izan ziran Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko erretorea; José Luis Bilbao, Bizkaiko diputadu nagusia; Isabel Celaá, Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailburua; Iñaki Azkuna, Bilboko alkatea eta Mario Fernández, BBKko lehendakaria.

Eraikina Alvaro Sizak diseinau dau, 1992an Pritzker saria irabazitako arkitekto portugaldarrak. BBKk laga deutso eraikina euskal unibersidade publikoari, eta horri esker UPV/EHUk danetariko ekitaldi akademiko, kultural eta zientifikoak egin ahal izango ditu Bilboren bihotzean altxatu dan erreferente arkitektoniko barri honetan. Alvaro Sizaren eraikin bikain hau, Bizkaia Aretoa, UPV/EHU Bilbon betidanik egon izanaren sinbolorik argiena izango da. UPV/EHU ez da etorri Bilbora, beti egon da Bilbon eta egoten jarraituko dau, orain energia erabarrituakaz, adierazo dau Iñaki Goirizelaia erretoreak.

Eraikitako azalereak 9.000 m2 daukaz. Paraninfoak aparkalekua, 2.300 m2-ko beheko pisua eta L formako beste lau pisu ditu. Eraikinaren egiturea altzairuz eta hormigoiz eginda dago. Kanpoko fatxadak marmol zuriz jantzita dagoz, eta holan dagoz barruko eskailerak be. Eraikinaren L-a eratzen daben beste bi eskailerak, barriz, argiagaz kolorea hartzen daben artisau azulejo grisez estalita dagoz.

Hiru auditorio ditu Bizkaia Aretoak: Mitxelena (433 lagunentzat), Baroja (161 lagunentzat) eta Arriaga (69 lagunentzat). Gainera, erakusketak egiteko lau eremu daukaz: Chillida, Oteiza, Axular eta Etxepare, danetara 540 metro koadro hartzen dabenak. Bestalde, eraikinean honako honeek be badaude: bilera eta informatika gelak, lorategidun terraza eta zenbait gune osogarri. Era berean, unibersidadeko zenbait zerbitzu eta bulego be kokatu dira eraikin barrian: UPV/EHUko denda (Uniberts), kalearen mailan dagoana; Gobernu Kontseilua eta unibersidadeko beste zenbait organo batzeko aretoa; eta Kultura Zientifikoko katedraren eta Euskera Institutuaren egoitzak.

Biltzar, mintegi eta unibersidadeko organoen bilerez gan, aurrerantzean Bizkaia Aretoan BizBAKen (Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturaren) ekitaldiak be egingo dira, hau da, UPV/EHUk Bizkairako antolatutako kultur programazinoa eta udako ikastaroak. BizBAKen sasoi barrian astero egingo dira ekitaldiak, dobanekoak eta jente guztiarentzat edegiak. Gorago esandako moduan, gaurtik erakusketa hirukotxa dago ikusgai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu