Adintxikikoak protagonista Internet Seguruaren Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2011-02-08 12:13   Euskerea berbagai

Internet Seguruaren Nazinoarteko Eguna da gaur. Aurtengo edizinoaren gaia bizitza birtuala da.

Joko bat baino gehiago da, zure bizitza da, hauxe da aurtengo Internet Seguruaren Nazinoarteko Egunaren goiburua. Internet Seguru baten aldeko Europako Sareak 2004an sortu eban ekimen hau, Interneten erabilpen seguru eta arduratsua bultzatzeko asmo sendoagaz. Aurtengo edizinoaren gaia bizitza birtuala da eta batez be adintxikikoek Internet zelan erabilten daben eukiko dau kontuan, izan be eurak dira azkenaldion arrisku handienak sufriduten dituenak.

Europan 11 eta 16 urte artekoen erdiak dino, euren ustez, errazagoa dala norbera izatea Interneten, jenteagaz aurrez aurre baino. Gazteok zailtasunak eukiten ditue euren adin berekoakaz hartu-emonak izateko; ganera, Interneten arrisku handiko jokabideak eukiten ditue sarritan. Ondorio horretara heldu dira EU Kids Online Europako Ikerketa Sarearen azken txostenaren egileak. London School of Economics and Political Science eskoleak koordinautako proiektu honen bidez, Europako 25 herrialdetako 25.000 umetik gora alkarrizketatu ditue. Euskal Herriko Unibersidadeak be hartu dau parte azterketa honetan.

On line norbera izatea gogokoagoa dabela adierazo eben gaztetxuek, aukera handiagoa daukiela bizitza errealean lagunekaz arazoak izateko. Umeoi, azken baten, Internetek igesbidea eskaintzen deutse. Gazte horreek azaldu ebenez, jokabide arriskutsuak izaten ditue Interneten: ezagutzen ez dituen personei informazino personala bialdu deutse edo beste personaren baten plantak egin ditue. Nerabe askok esan ebenez, Internet bidez edozein gairen ganean berba egin leikie, eta eurentzako erosoagoa da holan jokatzea.

Internet Seguruaren Nazinoarteko Eguna dala-eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeak hainbat aholku emoten ditu bai gurasoentzat bai adinbakoentzat:- Seme-alabakaz berba egin Interneteko erabilereari buruz.

- Chat, Messenger, MySpace, Facebook eta antzekoetan ezagutu dituen personei norberaren daturik ez dala emon behar azaldu.

- Ikusten dituen webguneei buruz galdetu: nogaz egiten daben berba, zeren ganean…

- Galdetu Messenger edo antzeko kontuetan gehitu dituen datuei buruz: nortzuk diran, non ezagutu dituen...

- Erabilera arauak adostu. Hoba da ordenagailua ikusteko moduko leku baten egotea.

- Gurasoen kontrola bermatzen dauen softwarea instalau.

- Birusen kontrako eta nabigazino seguruko programak instalau, eta pasahitz gatxak ipini.

- Ez ipini webkamararik, eta ipinten bada, mugatu erabilerea.

- Adintxikikoek ulertu behar dabe jazarpen-egoeretan, ‘gaiztoa’ jazarpena egiten dauena dala, eta eurak biktimak dirala. Ez dabe egoera hori ezkutatu behar: laguntza eskatu behar dabe.


Adintxikikoentzako aholkuak:

- Ez hartu kontuan ‘spama’, ezta ezezagunen mezuak ezta indarkeria erakusten daben mezuak be.

- Ez emon norberaren edo etxekoen daturik: izenak, helbideak, telefono zenbakiak, Interneteko kodeak edo pasahitzak, kreditu-txartelen zenbakiak…

- Ez bialdu argazkirik ezezagunei.

- Ez erabili webkamerak chat-guneetan.

- Ez egin berbarik chat-guneetan ezezagunekaz.

- Ez erabili zure adinaren barri emon leiken nick edo pasahitzik.

- Facebook moduko sare sozialetan, ez onartu laguntzat ezagutzen ez dozuzan personak.

- Ezagutzen ez dozuzan personekaz erabili dobako posta-helbideak, Hotmail edo Gmail motakoak.

- Ez egin hitzordurik Internet bidez ezezagunekaz.

- Eraso edo proposamen desegokirik jaso ezkero, esan guraso, irakasle edo konfidantzazko helduren bati.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu