Erdi Aroko emakumeen irudia, Bilboko Arte Ederren Museoan
2011-02-07 14:55 KultureaGehiago dago zugan erakusketea zabaldu dabe Bilboko Arte Ederren Museoan eta maiatzaren 15era arte ikusgai egongo da.
Gehiago dago zugan erakusketea zabaldu dabe Bilboko Arte Eder Museoan eta maiatzaren 15era arte ikusgai egongo da. Europa osotik ekarritako artelanez osotutako bildumea batu dabe, Erdi Aroko margolan, eskultura, tapiz eta eguneroko objektuz osotua. Artelanon bidez, emakumea sasoi haretan zelan agiri zan eta haren inguruan zelako sinismen eta baloreak eregi ziran aztertzen da. Danetara, 48 objektu artistiko dira, Europako museorik garrantzitsuenetatik ekarritakoak, eta hiru eskultura eta erretaula bat Bilboko Arte Eder Museoarenak dira.
Erakusketea egiteko ideia 2002an hasi zan mamitzen, museoko arduradunek Parisera egindako bidaia bati esker. Handik gitxira, Corinne Charles arte-komisarioa ezagutu eben eta proiektuaren arduradun zientifiko izentau eben. Komisario suitzarrak bost urte egin ditu erakusketearen nondik norakoak atontzen. Corinne Charlesi eskerrak emon beharrean gagoz, lan bikaina egin dau, azpimarratu dau Javier Viar Arte Eder Museoko zuzendariak. Emakumezkoari buruzko ideiek Erdi Aroan zehar eukitako garapena ezagutzeko aproposa da erakusketea, eta Viarrek Ama Birjinaren ikonografia hartu dau eredutzat: Erromanikoaren sasoian, Ama Birjina pasiboa agiri jaku, Jesus umearen helduleku hutsa da; gotikoan aurrera egin ahala, barriz, eginkizun aktiboagoa hartzen dau.
Erdi Aroaren amaieran, tapiz alaiagoak ikusten dira, hor badago garapen bat, baina ezkontza-errituaren gainbehereari aurre egiteko asmoa ikusten da bestetik, Corinne Charlesen esanetan. Ganera, XV. mendean burgesia agertu zan, artelanak agintzeko diru nahikoa eukan eta haren baloreak nagusitu ziran, plazerragaz lotura handiagodunak, komisarioaren esanetan.
Gehiago dago zugan erakusketea sei areto edo zatitan banatuta dago, Corinne Charles komisarioak azaldu dauenez. Lehenengoan, Ama Birjinaren irudia aztertzen da eta, haren bidez, emakumeari buruz Erdi Aroan egoan irudia. Sasoi haretan ikuspegi bikotxa egoan, batetik, emakume idealizatuarena eta, bestetik, bekatu guztien abiapuntua be bazan emakumea, Charlesen ustez. Emakumearen edertasunari, plazerari eta atseginari buruzko aretoak dira bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Bosgarren aretoan, emakumearen lanbideak aztertzen dira, eta prostituzinoari be tartea egiten jako. Prostituzinoaren inguruan be, ikuspegi bikotxa topatuko dogu, moral aldetik txarto ikusia egoan baina urietan, baldintza batzuen menpe, onartuta egoan, zehaztu dau Corinne Charlesek. Seigarren aretoan, emakumearen eta boterearen arteko harremana ikertzen da.
Erdi Aroan, legeak, arauak eta bizitza publikoa gizonen menpe egoazan erabat eta horregaitik, interesgarria da Bilboko Arte Ederren Museoak hartu dauan ikuspegia, gatxa da eta sasoi haretan emakume artisten edo idazleen barri izatea, idazten eben emakumeak txarto ikusita egoazan, gizonen eta, batez be, eleizgizonen lana zalakoan, Charlesen esanetan. Guk ikuspegi modernoa emon deutsagu erakusketeari, gaur eguneko baloreetatik aztertu dogu emakumeen eta artearen arteko loturea, ganeratu dau komisarioak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!