Zapatuan hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketea Laudion

Bizkaie! 2011-02-07 14:52   Bertsolaritzea

Aurten 30 bertsolarik parte hartuko dabe eta inoizko txapelketarik luzeena izango dala iragarri eben arduradunek.

Joan dan zapatuan aurkeztu eben Gasteizen 2011ko Arabako Arabako Bertsolari Txapelketea. Aurten 30 bertsolarik parte hartuko dabe eta inoizko txapelketarik luzeena izango dala iragarri eben arduradunek; izan be, 5 kanporaketa, 3 finalaurreko eta finala egingo dira. Txapelketako lehenengo kanporaketea zapatuan egingo da, Laudioko Basalarrina alkartean.

Antolatzaileek azaldu ebenez, ilusino handiz ekingo deutse aurtengo txapelketeari. Euren helburu nagusia Araban bertsolaritzea sustatzea bada be, bertako bertsolariak promozionau gura ditue, eta baita Arabako bertsozale kopurua handitu be. Aurreko edizinoan 18 bertsolari izan ziran oholtza ganean, eta aurten 30 izango dira. Zazpi epaile egongo dira, eta gai-jartzaile taldea be handitu egingo dala azaldu eben arduradunek zapatuan.

Arabako Bertsozale Alkartea 1993an sortu bazan be, Arabako Bertsolaritzearen historia garaikidea 1984an hasi zan, Gasteizko eta Aiarako Bertso Eskolak sortu ziranean. 1984. urtean Arabako lehenengo bertsolari txapelketa antolatu zan. Sustraiak errotuz izan zan 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketako leloa, eta horixe izan da Arabako Bertsozale Alkartea sortu zanetik, eskuartean izan daben erronkarik garrantzitsuenetakoa. Sasoi hartan bertsolaritzea Gasteiz edo Aiara aldean bakarrik zan ezaguna, baina gaur egun, Araba osoan lantzen da; ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskola barriak sortu dira eta bertsolaritzearen lanketea, sustapena eta transmisinoa eskualde guztietara zabaldu da.

Txapelketea lehenengo aldiz antolatu zanetik hamaika aldaketa izan ditu; orain, esate baterako, banakako Arabako Bertsolari Txapelketea bi urtean behin egingo da eta tartean gelditzen dan urtean Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketea antolatuko dabe.


Hemen 2011ko Arabako Bertsolari txapelketaren egutegia:

Kanporaketak:

- Zezeilaren 12an, zapatua, LAUDIO, Basalarrina Alkartean, 20:30ean.
- Zezeilaren 18an, barikua, OION, Azkenak Alkartean, 20:30ean.
- Zezeilaren 19an, zapatua, ILARDUIA, Herriko Elkartean, 20:30ean.
- Zezeilaren 25ean, barikua, ATAURI, Antzinako Eskoletan, 20:30ean.
- Zezeilaren 26an, zapatua, ELOSU, Txoko Handian, 20:30ean.


Finalerdiak:

- Martiaren 12an, domeka, ZIGOITIA, Zigoitiko Kultur Zentroan, 17:30ean.
- Martiaren 19an, zapatua, ARAMAIO, Kultur Etxean, 17:30ean.
- Martiaren 20an, domekea, AGURAIN, Harresi Aretoan, 17:30ean.


Finala:

- Apirilaren 2an, zapatuan, GASTEIZ, Printzipal Antzokian, 17:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu