Pedro Lejarza: 'Piedadeko artearen neurketearen 52. urteurrena beteko da aurten'

Koldo Isusi Zuazo 2011-02-07 11:56   Barriketan
Maiordomoa

Urtero legez, aurten be San Balentin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 13an, domekan, San Balentin egunaren bezperan.

Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balentinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Pedro Lejarzak, datorren urtekoari –Errekaurre baserriko Manterola familia–, agiri-liburua eta ermitaren giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria –urdaia, pamitxea eta ardaoa– banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta Eñaut Intxaurraga eta Jabi Olibares bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Hona hemen, Pedro lejarza aurtengo maiordomoak kontau deuskuzanak:

1.- Orain dala 52 urte eleizondotarrek ekin eutsien eta orain dala bi urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzeari: Piedadeko artearen neurketeari. Nondik nora dator artearen neurketearen kontua?

Ezer baino lehen, ohitura honi eusteko Zeanuriko eleizondotarrek egindako beharra eta ahalegina azpimarratu gura neukez, gerrera eta bestelako gorabehera batzuk tarteko ohiturea bertan behera itxi eta galtzen egoala ikusirik. Piedadeko artearen neurketearen 52. urteurrena beteko da aurten, 1958an ekin jakon artearen neurketeari Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 13an, domekan, San Balentin egunaren bezperan. Ordutik urteroko hitzordua izaten da eta jai giroan egiten da neurketearena.

Orain dala bi urte, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte bete zirnez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honi, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratzen da eta bera izango da aurten be zeregin hori beteko dauena.

Artea neurtzen zergaitik hasi ziran ez dago zehazterik baina badakizu euskaldunak apur bat arraroak be bagarela holako kontuetan eta beste barik, orduko eleizondotarrek ekin eutsen artea urtero neurtzeari.


2.- San Balentin bezperan, zezeilaren 13an, meza ostean, San Balentinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroaten dozue, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekiten deutsazue. Erlijinoagaz zeozelako loturea daukala ekitaldiak pentsau daiteke...

Gu Ibarguen kofradikoak gara eta kofradia horretan ermita bat dago, Piedadea, hain zuzen be eta hor San Balentinen irudia daukagu. Zeanurin ohiturea da kofradia bakotxak ermitea eukitea eta gitxi gorabehera 21 ermita doguz Zeanurin, ermita bakotxean santu edo amabirjina bategaz.


3.- Noizkoa da egun Piedadearen aurrean dagoan artea?

Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da. Dirudienez, 1958 urtean landatu eben. Gillermo (+) eta Markos (+) Sutsute baserrikoek ekarri eben artea Eleizbasotik, behiak tiratutako burdian; Gillermo, Markos, Andres Lejarza (+) eta beste eleizondotar batzuk arduratu ziran landatzeaz eta zaintzeaz.


4.- Artearen propiedadeak ez ete dagoz ohiturearen jatorrian?

Ez dot pentsetan. Baina, bai preziatua zan artea (Quercus ilex ilex), haretxa eta pagoaren familiako zuhaitza, hirurek uzkurra emoten dabe. Gorka Menendezek esaten dauen legez, Artearen erabilera tradizionalak ondokoak ziran:

- Gizakiontzat janaria: baserrietan eskuratzen zan janari gehiena ortuan eta soloan hartzen zan, baina basoko landareek emondakoa be hartzen zan: garrantzitsuena gaztainea zan, baina uzkurra be jaten zan; finena pago-uzkurra da eta mingotsena haretxarena; arte-uzkurra tartekoa da. Normalean, hartu, zuritu eta jan egiten ei zan, baina gari edo arto-uruna falta zanerako, urune be egiten ei zan, gero arto-urunegaz nahastauta taloak egiteko.

- Ganaduari uzkurra emoten jakon. Uzkur sasoian, batez be ardiak eta txarriak basora eroaten ziran. Negua luzea zanean eta jateko faltea egoanean, inoiz artearen orriak batzen ei ziran ganaduari jaten emoteko.

- Bogadea egiteko: normalean edozein errautsagaz egiten zan, baina artearen errautsa oso ona ei zan. Antza, errautsa zuri urtetan zan ta garbiagoa ei zan.

- Ospelak osatzeko: arte-orriak egosi eta haren uretan, ura bero-bero dagoala, eskuek sartzen ziran ospelak osatzeko.

- Surterako eta ikatza egiteko: arte-egurra oso ona da.

- Baserri askoren inguruan arte zaharrak eta zainduak egoten dira. Horrek baserri giroan zuhaitz horrek izan dauen garrantzia erakusten deusku.


5.- Artearen neurketearen gaineko idatzizko lehenengo erreferentziak noizkoak dira?

Zeferinoren kuadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz. Lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Lurretik metro eta erdira, beraz, hortxe neurtzen zan zirkunferentzia osoa eta orduko datua 18 zentimetro izan zan. Azken urteotan hazten joan da arteak, jakina eta igazko datuari erreparauta, perimetroa 177 zentimetrokoa zan.

Kandido Intxaurragak 1999an egin eban neurketea be hor dago; papertxu batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. lurretik 1,50; periometroa: 150 zm.

2007an, neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz.


6.- Eleizondoko Piedadea baseleizearen ondoan egiten da ekitaldia. Zeintzuk dira baseleizearen ezaugarriak?

Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea —ermita humilladero gazteleraz— izenaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baseleizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan gertatzen dan legez, bere eleizpetik galtzadea igaroten zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.

Antza, antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia (humillazinoa) egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izakerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala moroa ezta judua be; horrezaz ganera, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.

Eleizondoko Piedadea baselelizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena — 7,20 m X 5,30 m— dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau uretako teilatua dauka, eta ez dauka kanpantorrerik.

Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.

Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz zarratua, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.


7.- Zu zeu, maiordomoa zaitugu artearen neurketa ekitaldian. Zein izaten da maiordomoaren zeregina?

Emitearen eta jaiaren gorabeherak antolatzeaz gan, baseleizea zaindu, Andra Mari bezperan barrualdea eta ingurua garbitu eta San Balentin bezperan be baselizea garbitzeko ardurak daukadaz. Horrexek dira egiteko nagusiak. Aurten, neurketearen aktea sinatu eta gero, datorren urteko maiordomoari —Errekaurre baserriko Manterola familiari—, agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsadaz.


8.- Artea neurtu ondoren, agiri-liburuan sinatzen dabe maiordomoak, neurtzaileak eta idazkariak...

Bai holantxe da, urtero ohiturea daukagu eta neurketa ekitaldian maiordomoak lagundu egiten dau; Zeferino eta Gregorio aita semeak zein Kandido Intxaurraga eta Markos Ugarriza plazatarra be ekintza honen bultzatzaile sutsuak izan dira. Hor ibili izan dira artea neurtzen eta aurten be segurutik Gregorio bere izango dogu zeregin horretan. Eta berariaz aitamentxu bat egin gura neuke, ze igaz oraintsu joan jakun Sabin Intxaurraga izan zan maiordomoa eta haren testigua hartzeko ohorea izan neban.


9.- Ohiturei eustea da Ipizki taldearen ardura nagusia eta ekitaldi hau be hor kokatzen da, ezta?

Bai. Ipizki taldea sano inportantea da zeanuriztarrontzako, txiki eta handi, jente asko gagoz taldera batuta eta gehiago dira haren helburuakaz bat egiten dabenak; urtean zehar makinatxu bat ekitaldi antolatzen doguz, besteak beste, artearen neurketea, baseleiza eta errote ibilaldiak.


10.- San Balentin jaiak ospatuko dozuez aurten be Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan. Zein da zezeilaren 13rako egitaraua?

Goizeko 11:30etan mezea daukagu; meza ostean, San Balentinen irudia parrokitik 50 bat metrora dagoan Piedadera eroango dogu eta han artearen neurketeari ekingo deutsagu 12:30ak aldera. Jai giroa izaten da nagusi eta herriko txistulariak tarteko dirala, bertsoak be izango doguz, Eñaut Intxaurraga eta Jabi Olivaresegaz. Jarraian, barauskarria egingo dogu (urdaia, ardaoa eta pamitxea) hurreratzen diran guztiakaz. Danak zagoze konbidauta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu