Tambien la lluvia

Karolina Almagia 2011-02-01 11:25   Zinema kritikak

Inperialismoa eta kolonialismoa dira Iciar Bollainek eta bere senar eta gidoigile Paul Lavertyk jorratu dituen gaiak También la lluvia izeneko pelikulan. Euriaren ura be ostu nahi deutseelako multinazionalek Boliviako baserritar txiroeei, pelikulan islatzen dan legez.

- Zuzendaria: Iciar Bollain.
- Goidilea: Paul Laverty.
- Antzezleak: Luis Tosar, Gael García Bernal, Karra Eljalde, Carlos Santos, Raúl Arévalo.
- Argazkilaria: Alex Catalán.
- Musikea: Alberto Iglesias.
- Herrialdeak: Espainia, Frantzia eta Mexiko.
- Produktorea: Juan Gordon.
- Iraupena: 104 min.


Inperialismoa eta kolonialismoa dira Iciar Bollainek eta bere senar eta gidoigile Paul Lavertyk jorratu dituen gaiak También la lluvia izeneko pelikulan. Euriaren ura be ostu nahi deutseelako multinazionalek Boliviako baserritar txiroeei, pelikulan islatzen dan legez. Kolonialismoaren ondorio horreek kontetako zuzendariak errealak diran irudiak erabili ditu: manifestazinoak, polizia eta ejerzitoaren indarkeria eta bortxakeria... Baina hori ez da filmaren argudio nagusia, atal bat baino. También la lluvia-k errodaje bat kontetan deusku. Zinema zinemaren barruan.

Esplotazinoaren kontra kontzientziauta dagoan Mendebaldeko zinegile eta aktore talde bat Boliviara heltzen da Cristobal Colóni buruzko pelikula baten filmazinoari ekiteko. Beste maila batean baina, indigenen esplotazinoan jausiko dira horreek be.

Edozelan be, También la lluvia ez da gaiztoen eta onen pelikula bat. Te doy mis ojos be ez zan holakoa. Eta hori da, hain zuzen, Iciar Bollainen merito handiena. Panfleto merke bat egin beharrean, hortik iges egiten dau eta gizakiaren sikologia erabilita, guztien kontraesanak azalarazoten bikain asmetan dau.

Horrezaz gan, oso aktore-zuzendari ona da eta horretan salbuespen bat da espainar zinemagintzan. Bollainen filmetan aktoreek natural berba egiten dabe, bokalizau egiten dabe, sinistu egiten dabe euren berbetan.

Luis Tosar eta Gael Garcia Bernal primeran dagoz, ohikoa danez. Baina nabarmendu behar da aktore bolibiar nagusiaren lana eta, batez be, Karra Elejaldearena. Guztiz bat egiten dabe Karraren pertsonaiak eta aktoreak; emoten dau berarentzat idatzita dagoala papela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu