Eusko Jaurlaritzeak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskerearen inguruko lankidetza hitzarmena izenpetu dabe
2011-02-01 10:10 Euskerea berbagaiHelburua da euskerearen transmisinoa bermatzeko neurriak hartzea eta holan, azken urteetan Iparraldean euskereak izan dauen norabidea aldatzea. Era berean, euskerearen presentzia garatu nahi da bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guztietan. Hori guztia, hizkuntzearen kalidadea zainduz. Azken nahia da, euskerearen aldeko jarrerea bultzatzea eta gizartearen atxikimendua azkartzea
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Max Brissonek 2011-2016 epealdirako hitzarmen-markoa eta 2011. urterako balioko dauen urteko hitzarmena sinatu ditue Baionan. Hitzarmenaren bidez, euskerearen inguruko hizkuntza-politikarako gaietan bi erakundeek mugaz gaindiko lankidetza iraunkorra garatzeko egitasmoa berretsi dabe.
Blanca Urgellek esan dau oso pozgarria dala Eusko Jaurlaritzearentzat aurreko urteetan urratutako bideari jarraipena emotea, izan be, 2007an sinatu zan hitzarmen-markoaren bitartez, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskerearen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzearen aldeko borondatea agertu eben eta erakunde mailako hartu-emon iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko bideak finkatu ziran.
Euskararen Erakunde Publikoa egiten dagoan lan bikaina goraipatu nahi dogu, euskerea Ipar Euskal Herrian sustatuz eta zabalduz. Lan horretan beti gure laguntza izango dozue, adierazo dau Urgellek.
Kontuak kontu, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2011-2016 epealdirako alkarlanerako lerro nagusiak finkatu ditue. Helburua da euskerearen transmisinoa bermatzeko neurriak hartzea eta holan, azken urteetan Iparraldean euskereak izan dauen norabidea aldatzea. Era berean, euskerearen presentzia garatu nahi da bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guztietan. Hori guztia, hizkuntzearen kalidadea zainduz. Azken nahia da, euskerearen aldeko jarrerea bultzatzea eta gizartearen atxikimendua azkartzea, horrek erabileran be eragina izango dauelakoan.
2011. urteari jagokonez, zehaztuta dagoz dagoeneko hainbat lan-ildo. Hasteko eta behin, helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzea definidu eta antolatuko dira.
Horrezaz gan, Eusko Jaurlaritzeak, Euskararen Erakunde Publikoak eta EITBk hitzarmena sinatu dabe ETB1 eta ETB3 Iparraldean zabaltzen laguntzeko eta euskerearen aldeko sentiberatasuna zabaltzeko. Azkenik, V. Inkesta Soziolinguistikoa egingo da eta bi erakundeetako zerbitzuen artean informazinoa trukatzea berbatu da.
Azken batean, Iparraldeko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko 2011. urtean 1.600.000 euro jarriko ditue bi erakundeen artean (470.000 euro Eusko Jaurlaritzeak, eta 1.130.000 euro Euskararen Erakunde Publikoak). 1.600.000 euro horreetatik 1.200.000 euro Iparraldeko eragile nagusiak diruz laguntzeko erabiliko dira, hitzarmen baten bidez euren urteko jarduerea lotuz. 400.000 euro ostera, beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektu puntualak diruz laguntzeko erabiliko dira, antolatuko dan Proiektu Deialdi baten bidez.
Euskerazko argitalpenak Iparraldeko irakurketa publikoko sarean zabaltzea diruz laguntzeko, barriz, 80.000 euro jarriko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!