Mikel Belasko: Bizkaie! lako proiektu fresko eta barritzailea ezinezkoa da Nafarroan pentsetea
2011-01-31 10:32 BarriketanEuskereagaz lotutako gaietan Jaurlaritzeari aholkuak emotea eta erabagiak hartzen laguntzea eta hizkuntza politikearen norabidea zehaztea helburu dituan EAB, Euskerearen Aholku Batzorde barrituak batzarra egin dau oraintsu, Patxi López lehendakaria buru zala.
Batzordea euskerearen munduan erreferente diran 40 persona eta prestigiodunek osotzen dabe; horreetatik 21 lehengo batzordean egozanak dira eta barriak, barriz, 16. Kide barrien artean dagoz, besteak beste, Maite Goñi Interneten aditua, Juan Jose Larrea irakaslea, François Maitia Euskerearen Erakunde Publikoaren lehendakariordea, Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendari nagusia eta geugaz barriketalditxua izan dauen Mikel Belasko ikerlari eta filologo nafarra, toponimian aditua, Nafarroako Euskeraren Aholku Batzordeko kidea.
1.- Ezer baino lehen, zelan jaso zenduan batzordekide izateko proposamena? Ze gogoeta eragin eutsun?
Uda partean izan nituan lehen hartu-emon informalak. Hizkuntza Politikan dabilen lagun batek galdetu eustan ia prest egongo nintzatekeen. Esan neutsan ni baino jente preparatuagoa erraz topauko ebela, guztiz egia dana bestalde, baina animau ninduan azkenean. Egia esan, ez neban erresistentzia handirik jarri. Beti baietz esaten daben horreetako bat naz eta, oraingoan be, bai esan neban. Nik bilatu bako aukera bat zan, duda barik, eta erronkea onartu egin neban. Halan da be, zeozelako arduraz be hartu neban. Jakina, EABeko kidetzat hartzea ohorea izateaz gan lana be badakar beragaz, eta lanagaz batera, zeozelan, erreferentziazko persona bilakatzea, horrek berez dituan arrisku guztiakaz. Hara non, lehenengo bilerea eta lehenengo ezustekoa. Patxi Lopezen ditxosozko berbak.
2.- 'Bortizkeriaren bukaera amets egiten ausartzen gara. Espero dugu laster minbizi hau iraganeko kontua izatea. Horrek bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari', EABren buru Patxi Lopez jn.ak egindako adierazpenek bazterrak harrotu ditue. Euskeraren Aholku Batzordearen batzarrean holako adierazpenak lekuz kanpo dagozala begitantzen jatzu? Indarkeria eta euskerea lotzea zentzunezkoa al da? Euskereak ba al dauka ideologiarik?
Egia esan, lehengo zati honetan nik ez dot arazorik ikusten. Nafarra naz eta ez nago lotuta inongo alderdi politikotan, beraz, ulertzekoa da ez izatea Patxi Lopezen jarraitzailea eta horregaitik be ez ditut haren diskurtsoak irakurten prentsan. Baina, ziur nago lehendakariak gauza bera esan izan dauela beste edozein forotan, dala ekonomiari buruzkoa edo beste edozein esparrutakoa. Esan nahi dot, euskalgintza berbearen ordez jarten badogu euskal ekonomia, ziur lehendakariak berba horreek be sinatuko leukezala eta ziur nago kasu horretan inor ez litzatekeela eskandalizauko (uste dot) euskal ekonomia eta indarkeria lotzeagaitik.
3.- Lehendakariak botatako 'Euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin' esaldiagaz zer esan gura izan ebala uste dozu? Euskerea eta askatasunik eza edota inposaketea buztartu ete zituan?
Nik uste dot hau dala benetan arazoa piztu dauen esaldia. Bortizkeria-Euskara-Askatasuna berbak lerroalde berean agiri dira, hurregi, eta berbok aztertu dituen gehienak mindu egin dira eta lehendakariaren parkamen hitzak eskatu ditue. Duda barik, alderdi praktiko batetik ikusita, ez dira egokiak izan jente askok txarto hartu ditualako, jente gehiegi minduta sentidu dalako eta lehendakariak berak txaloak jaso beharrean, kontrako adierazpen askotxu batu ditualako. Baina, nik nahiago dot beste interpretazino bat. Benetan esango neuke ez dala izan lehendakariaren asmoa bardintzea euskerea eta inposaketea, euskerea eta askatasunik eza... Nire ustez, berba horreen atzean honako hau esan nahi eban: indarkeria amaituko balitz, azkenean, askatasuna izango geunkela Euskal Herrian. Atzean geratuko litzatekezala gerra bat, diktadura bat eta 75 urteko terrorismo aldi luzea. Eta, hemen dago gakoa, euskerea estu lotuta dago Euskal Herriagaz, ez da beste inon berba egiten eta, beraz, euskereak behin betikoz askatasunagaz bat egingo dau Euskal Herriak askatasunagaz bat egiten dauen neurrian. Nik uste dot hori zala zentzua, interpretazino hori bat datorrelako Euskera XXIeko edukiakaz eta EABeko bileran atzemon neban giroagaz. Bitxia da, bestalde inor ez zala ikaratu, berba horreekaz bileran. Ni neu be ez nintzen horretaz jaubetu prentsan ikusi arte.
4.- Jon Juaristi batzordekide izenteteak be nahikoa zaparrada eragin dau. Euskerearen kontra esan dituanak kontuan hartuta, zentzunezkoa ete da EABren kide izatea?
Egia esan, ez dodaz ezagutzen Jon Juaristiren izendatzearen gorabeherak. Eta egia esan, haren ahotik eta lumatik ataratako berba batzuk ez dira ondo ezkontzen EABeko kide batengan espero diranakaz. Alde horretatik, gainera, espero izatekoa zan haren izendatzearen kontra zabaldu diran eretxiak eta horren inguruan sortu dan kalapita. Batzordean bertan, honako honeek esan zituan euskeraz bere burua aurkezterakoan: Ni escritorea naiz. Escritorea, ez idazlea. Baina ezin uka gizon distiratsua dala, kurrikulum handikoa... Ikusteko dago zer ekarriko deutson EABri.
5.- Bizi dogun egoera ekonomikoaren aurrean, Blanca Urgell Kultura sailburuak berbea emon eban euskerea ez dala sekula krisiak sortutako zorren kitatzaile izango... Edozelan be, euskerea eta kulturea izaten dira beti galtzaile holako egoeretan eta Nafarroan eta Iparralden egoereak nabarmen egin dau okerrera. Nafarroan ze giro dago euskalgintzan?
Ba, Nafarroan gauzak ez dagoz ondo. Euskerearen alorrean diferentzia nabarmena dago EAEtik Nafarroara. EAEn helburu garbi bat dago: gizarte elebiduna lortzea lurralde osoan eta horretan zabizie adostasun zabalagaz (eta arazo eta traba askogaz be bai). Nafarroan ez dago, eta ez da izango, holako helbururik eta ezta kontsensurik be. Ez dago euskerazko telebistarik Nafarroarako, ez irrati publikorik, eta Iruñerriko lagunek entzun leikien bakarra ilegalki egin behar izaten dabe, ganerako medio guztiak egoera larrian dagoz, Bizkaie! lako proiektu fresko eta barritzailea ezinezkoa da Nafarroan pentsetea, hezkuntza publikoan ezin da euskeraz ikasi Nafarroako erdialde eta hegoaldean eta aldiz ingelesez egin daiteke... Nafarroak ez dau ezer egiten entziklopedia batean laguntzeko, itzulpen automatikoa bideratzeko… Egoera horretan, EAEtik etorren guztia mana lakoa zan, basamortuko bidean gagozanontzako ezinbestekoa... Orain, aldaketa klimatiko bizkorrera egokitu beharko gara, gitxienez bizirauteko.
6.- Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin lau urterako esparru-hitzarmena izenpetuko dau EJko Kultura Sailak eta hori sano positiboa izan arren, Seaskak urteetan jaso dauen diru laguntzinoa nabarmen murriztuko dauela iragarri dau Lakuako Gobernuak...
Nafarroagaz hori be ezin izan da egin. Dana dala, Iparraldean egoerea okerragoa daa, eta pena handia litzateke Seaska lako proiektuak bideragarritasun arazoak izatea.
7.- Euskerea Bizibarritzeko Plana gaurkotzea eta Euskara 21 garatzea ei dira helburuak. Labur baino ez bada be, zehaztu zeinkez emon beharreko pausuak?
Berariaz sortuko da batzorde bat horren jarraipena egiteko. Pentsetan dot aurretik ibilitakoak be hantxe be ikusiko doguzala, baina parte hartzea librea da eta edozein kidek parte hartu leike bertan, bai kide legez, bai bere ekarpen idatzia itxita be.
8.- Euskara 21-eko batzorde-ataletako kideak izentau barik dagoz eta orain, ganera, Euskara 21 planeko batzorde-atalei Terminologiako eta Toponimiako batzorde-atalak gehituko jakez, eta horreezaz gan, IKT eta Euskara izeneko batzorde-atala be abian jarriko da. Toponimian eta onomastikan aditua zarela jakinik, arlo horretan zer dago egiteko? Zeintzuk dira lehentasunak?
Toponimian lan handia egina dago aurretik eta horri segida emon beharko jako. Orain arte egindakoaren balantzea egin behar da, eta hurrengo 3 urtetarako jarduketa plana idatzi behar da. Horrezaz gan, ohikoak diran eginbeharrak: toponimiaren inguruko kezkak bideratzea, toponimian zer esana daben erakundeen lana koordinetea (Euskaltzaindia, IGN...). Azken finean EAEko toponimia zuzen erabilarazotea eta zabaltzea.
9.- 2011n bi proiektu erraldoi abiatuko dirala aurreratu eban EABren batzarrean Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik: euskarazko entziklopedia digitala eta itzulpen automatikoaren sistema eragingarri bat. Paperezko entziklopedia tradizionalak eta wikiak buztartzea ez dakit erraza izango dan...
Hor dago koxka. Wikipedia aberastea izango litzateke ekarpenik handiena. Wikipedia bizirik dago eta gure ikasleek barra-barra erabilten daben tresnea da. Eta jakina, gaztetxuak berehala konturatzen dira euskerazko wikipedia ez dala erderazkoena bezain aberatsa. Horregaitik IKTeko batzordearen lana interesgarria izango da, ezin daitekeelako sartu edozelan Wikipedia lako proiektu bizi eta edegi batean. Jaularitzearen proposamena haren filosofiagaz ondo buztartu behar da, beti be wikipediaren lan egiteko sistemea urratu barik. Lortzen bada, ekarpen handia izango da.
10.- Itzulpen automatikoaren sistema eragingarriaren harian, corpus elebidun handi bat osotzea ei da asmoa baina ez dakit teknologia ez ete doan beste bide batzuetatik, berbarako, hitzez-hitzezko itzulpenak baztertu eta sistema kontzeptuala, pragmatikoa eta funtzionala suspertzen dauen Metalinguaren bidetik...
Gai hau be oso interesgarria eta oso garrantzitsua. Metalingua ekimena bera be helburu handikoa da. Bestalde, Googlek lortu dau (trakets oraingoz) euskerea modu automatikoan itzultzea, eta hor dogu Opentrad be. Emoitzak ez dira oraindino gogobetegarriak, baina bide onean gagoz. Kontua da, momentu honetan, ez dakidala zein diran Jaurlaritzearen plan zehatzak. Dana dala, holako tresna bat funtsezkoa litzateke euskerea baliogarriagoa izateko sare sozialetan. Badakizue ohikoa dala euskerea alde batera ixtea berbalagun erdalduna batzen jakunean, bada alkarrizketa 2.0 horretan hori nabarmenagoa egiten da, alkarrizketak edegiak diralako eta hor ingelesa, gaztelania eta frantsesa berehala nagusitzen jakuz. Ederra litzateke euskeraz idatzi ahal izatea eta jakitea edozeinek ulertu leikela gure mezua, gure hizkuntzea alde batera itxi barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!