Jantza garaikiderik onena Bilbon izango dogu laster, Dantzaldiaren 12. edizinoan

Dabi Piedra Robledo 2011-01-28 14:36   Kulturea

La Fundicioneko Laura Etxebarriak aitatu dauenez, publikoaren zati handi batentzat, jantza garaikidea modalidaderik ezezagunena izan da luzaroan baina gaur egun, jentea gure mundua ezagutzen hasi da, urteotan egin dan lanari esker.

Krisiari aurre eginda, sei ikuskizun ekarriko ditue zezeilaren 5etik aurrera, igaz baino bat gehiago. Ohiko moduan, ganera, ekintza osogarriak be egongo dira 2011ko Dantzaldiaren egitarauan, beti be jantza garaikidea ardatz, baina bestelako modalidadeei be lekua eginda. Bizkaia nazinoarteko kultur zirkuituaren gorengo mailan ipinten dau Dantzaldiak, azaldu dau Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak, Bilbon egindako aurkezpenean.

La Fundicion alkartea da Dantzaldiaren antolatzailea, aurten 25 urte bete dituan taldea: Ez dogu ekitaldi berezirik antolatu urteurren horretarako, akaso Dantzaldiaren 15. ekitaldian zeozer berezia eratuko dogu, argitu dau Laura Etxebarria La Fundicioneko kideak. Dana dala, aurtengo egitarauan igazkoan baino obra bat gehiago egotea, zeozelan La Fundicionen 25 urteak ospatzeko modua izan da, ganeratu dau Jon Iñaki Zarragak.

Zarragaren esanetan, Dantzaldira ekarten diran konpainiak, itzal handikoak dira jantzearen munduan, kalidadearen aldeko apustua egiten dogu. Lehenengo hiru emonaldiak Euskalduna Jauregian izango dira: lehenengoa, zezeilaren 5ean, Genevako Philippe Saire konpainiak eskainiko dau eta bigarrena, Sevillako Israel Galvan jantzariak, zezeilaren 11n. Euskalduna Jauregiko azkeneko ikuskizuna Eslovakiatik datorren Les Slovaks Dance Collective taldeak eskainiko dau, hil horren 26an. Euskaldunako hiru ikuskizunetan, koreografoak gizonezkoak dira eta baita jantzariak be, monografikoa bailitzan pentsau dogu hori, antolatzaileen esanetan.

Bilboko Alhondegiko auditorio barrian be, emonaldi bat antolatu dabe, krisiagaz, irudimena landu behar izan dogu eta holan, leku barri baina oso interesgarriak topau doguz, zehaztu dau Laura Etxebarriak. Martiaren 3an, Hela Fattoumik eta Eric Lamoureuxek islamiar beloaren ganeko ikuskizuna eskainiko dabe. Martiaren 10ean, barriz, Amalia Fernandezek egingo dau jantzan, Guggenheim Museoaren auditorioan eta egitarau nagusia amaitzeko, martiaren 31n, Bartzelonako Gelabert-Azzopardi Companya de Dansa izango da protagonista.

2011ko Dantzaldian, aurreko urteetan egin daben legez, jarduera osogarriak antolatu ditue. Zinebi jaialdiagaz alkarlanean, martiaren 23an eta 24an, Zinema-Gorputza-Dantza izeneko ekimena eratu dabe. Ganera, egileekaz solasaldiak eukiteko aukerea be egongo da eta, hasibarrientzako, jantzearen eta mobimenduaren oinarriak erakusteko tailerrak be antolatu ditue.

Laster baten, beraz, Dantzaldia 2011ko egitarauagaz gozetako aukerea izango dogu. La Fundicioneko Laura Etxebarriak aitatu dauenez, publikoaren zati handi batentzat, jantza garaikidea modalidaderik ezezagunena izan da luzaroan baina gaur egun, jentea gure mundua ezagutzen hasi da, urteotan egin dan lanari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu