Bertso Eguna 2011, 'Badatoz Kamaleoiak

Bizkaie! 2011-01-26 11:28   Bertsolaritzea

Hamabost bertsolari izango dira kantari Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpururen esanetara. Bertsolariak: Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza.

Datorren zapatuan, hilaren 29an, ospatuko da Donostian XLII. Bertso Eguna. Jaiaren sorrerea urteetan Bertsolari Eguna izan zan, 1967an Uztapideri eskaini jakon haretatik hasita. Aurten be Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Donostia Kulturak alkarlanean antolatu dabe Bertso Eguna, Kutxaren babesagaz. Bi atal edo ekitaldi izango ditu Bertso Egunak: 18:00etan, ekitaldia Kursaaleko Areto Nagusian eta gaueko 21:00etan, afaria eta festa NINEU jatetxean.

'Kamaleoia da aurtengo Bertso Egunaren irudia, izan be, antzekotasun batzuk topau deutsaguz kamaleoiaren portaerari eta bertsolariaren jardunari: narrastiak azalaren kolorea moldatzen dau inguruaren baldintzetara egokitzeko eta bertsolaria be horretan saiatzen da dituan baliabideak saioaren baldintzara moldatuz.

Elementu ugari dagoz saioa baldintzatzen dabenak, horreen artean publikoa eta espazioa dira beharbada nagusienak. Eta moldatzeko instrumentuak ideien joskerea, ahotsa, tonua eta gauza barriak egitera atrebidutea. Bertsolariak, bitarteko gitxigaz, eremu askotara moldatzen jakin izan dau. Hori, bertsolariek, jakin barik edo nahita, kameleoiarena egin dabelako izan da'.

Bi ordu inguru iraungo dau arratsaldeko ekitaldiak eta aldarte eta baldintza desberdinetako saioak irudikatuko dira eta entzungo dira Kursaaleko oholtzan. Hamabost bertsolari izango dira kantari Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpururen esanetara. Bertsolariak: Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza.

Gaueko 21:00etan, afaria eta jaia hasiko dira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertso musikatuen bi emonaldi izango dira. Lehenengo Arrate Illaro, Jone Uria eta Itxaso Paia eta Gibelurdinek musika taldea ibiliko dira. Amaierea, barriz, Jokin Urangaren eta Iñaki Gurrutxagaren bertso jarriek emongo deutsie. Horrezaz gan, tartean, bat-bateko saio bat be izango da.

Oraingoz oso gustura dagoz antolatzaileak bertsozaleek emondako erantzunagaz. Urtarrilaren hamarrean jarri genduzan salgai afaritako sarrerak eta astebetean amaitu ziran 650 sarrerak. Arratsaldeko ekitaldian, barriz, 1800 ikus-entzule sartzen dira Kursaalen eta 300 sarrera besterik ez dira geratzen. Nahi dauenak, www.bertsosarrerak.eu atarian izango dau sarrerak erosteko aukerea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu