EJren inkesta baten arabera, EAEko herritarren %37k euskeraz ondo edo nahiko ondo daki
2011-01-24 12:18 Euskerea berbagaiEuskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 37k euskeraz ondo edo nahiko ondo egiten dau berba, % 24k apur bat eta % 39k bapez. Edadeari erreparauta, 15-17 urte bitarteko gazteen % 67k euskeraz ondo edo nahiko ondo daki, eta 18-29 urte bitartekoen artean portzentaje hori % 58koa da.
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 37k euskeraz ondo edo nahiko ondo egiten dau berba, % 24k apur bat eta % 39k bapez. Edadeari erreparauta, 15-17 urte bitarteko gazteen % 67k euskeraz ondo edo nahiko ondo daki, eta 18-29 urte bitartekoen artean portzentaje hori % 58koa da. Ondorengo edade-tarteetan portzentajeak behera egiten dau: 30-45 urte bitartekoen artean % 34 dira, 46-64 urte bitartekoen artean % 28 eta 65 urtetik gorakoen artean % 26.
Datu horreek Eusko Jaurlaritzeak euskerearen erabilerearen inguruan telefonoz egindako inkesta bateko emoitzak dira. Ikerketeak hainbat eremu lantzen ditu, besteak beste, erabilera mailea, erabilera esparruak, pertzepzinoak eta jarrerak, eta hizkuntza politikea. Horrezaz ganera, Eusko Jaurlaritzeak, administrazinoaren aurrean kreditatzeko garaian, bigarren mailako hezkuntzan eta unibersidadean euskeraz egindako ikasketei autortza emoteko ekimenari buruzko eretxia be jaso dau. Lagina, 15 urtetik gorako herritarrei zuzendua, EAE osoko 1.806 lagunek osotu dabe. Informazino batzea, barriz, 2010eko abenduaren 16tik 21era bitartean egin zan.
Euskerea gehiago erabilten da familian eta lan edo ikasketa esparruetan lagunartean baino. Alkarrizketatuen % 17k familiagaz beti euskeraz egiten dau edo euskeraz gaztelaniaz baino gehiago (euskeraz ondo edo nahiko ondo berba egiten dabenen artean % 44k). Lantokian edo ikasketa esparruetan % 19k egiten dau beti euskeraz edo euskeraz gaztelaniaz baino gehiago (ondo edo nahiko ongi berba egiten dabenen artean % 45ek) eta lagunakaz % 13k berba egiten dau beti euskeraz edo euskeraz gaztelaniaz baino gehiago (ondo edo nahiko ondo egiten dabenen artean % 32k).
Alkarrizketatutako personen % 39k adierazo dabe joan dirala inoiz euskera klaseetara, eskolaz kanpo. Horreetatik, % 72k hiru urte edo gitxiago eskaini deutsie ikasketa horri.
EAEko herritarren % 54k euskerea euskal herritarren berezko hizkuntzea dala uste dau; barriz, % 34k uste dau euskerea EAEko herritarren hizkuntzetako bat dala, ez hizkuntza bakarra.
Bestalde, inkestan alkarrizketatuen % 85ek uste dau, egun, EAEn euskeraz berba egiten jakiteak aukera gehiago emoten deutsozala persona bati, eta gitxiago dira ospe gehiago emoten deutsola pentsetan dabenak (% 45). Herritarren % 68k uste dau euskerearen garapena denporeagaz konponduko dala, 'neska-mutilek eskolan honezkero ikasten dabelako'.
Hizkuntza-politikea
Hizkuntza-politikarako aukera desbardinen artean, herritarren % 67k adierazo dau galtzeko arriskuan dagoan hizkuntza bat bizirik mantenidu gura bada aldeko neurri politikoak hartu behar dirala, nahiz eta guztien gogokoak ez izan, eta % 64k uste dabe ezinbestekoa dala euskerearen sustapenean diru publikoa gastetea.
Langile publikoen hizkuntza-gaitasunari jagokonez, herritarren % 72 ados agertu da adierazpen honegaz: 'ezinbestekoa da jentearen aurrean lan egiten daben funtzionarioek euskeraz berba egitea'. Ganera, % 69ren arabera, 'EAEn lan egiten daben funtzionario guztiek euskerea ikasi beharko leukie'.
Azkenik, ikasketak euskeraz egin dituenei euskerearen ezagutza-autortzea emoteko neurrien inguruan, derrigorrezko ikasketak euskeraz osotzen dituenek euren euskerearen ezagutza-maileari buruzko agiri ofizialen bat jasotearen alde agertu da gehiengoa (% 84), eta % 77 ados dago unibersidade mailako ikasketak euskeraz egiten dituenek EGAren baliokide dan titulu ofizial bat jasoteagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!