'Itsasoa artean, itsasoaren artea' erakusketea dago ikusgai Bilboko Itsas Museoan

Bizkaie! 2011-01-25 11:02   Kulturea

Itsasoagaz lotutako bizitza islatu eben euskal artistak ditugu bertan nagusi: Arteta, Iturrino, Zubiaurre, Ucelay, Alberto Schommer, Agustín Ibarrola, Mari Puri Herrero eta Menchu Gal, besteak beste. Maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai.

Maiatzaren 29a arte, Itsasoa artean, itsasoaren artea erakusketea hartuko dau Bilboko Itsas Museoak. Bizkaiko hiriburuko Arte Eder Museoko 90 artelan batu ditue bertan. XX. mendean sortutako lanak dira, eta itsasoa dabe oinarri.

Itsasoagaz lotutako bizitza islatu eben euskal artistak ditugu bertan nagusi: Arteta, Iturrino, Zubiaurre, Ucelay, Alberto Schommer, Agustín Ibarrola, Mari Puri Herrero eta Menchu Gal, besteak beste.

Erakusketa hau Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzearen emoitza da. Bertan, itsasoa ardatz daben laurogeita hamar lan aukeratu dira. Erakusketaren komisario José Luis Merinok, Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko burua, itsasoaz aritzeko XX. mendean erabilitako ikuspegi plastikoak erakutsi gura izan dau artelan horreen bitartez. Lanak aukeratzeko, lehenengo, alderdi etnografikoak hartu dira kontuan, eta herri kulturan zuztartutako alderdiak; berbarako, kostako ikuspegiak, pertsonaia tipikoak eta itsas produktuak. Baina oroimen historikoa be kontuan hartu da; horregaitik, Bilbok portu gisa izandako garrantziagaz eta gaur arte izan dauen bilakaereagaz lotutako hainbat irudi hunkigarri be jasotzen dira, besteak beste.

Erakusketeak bloke bi ditu, eta bloke horreek, aldi berean, hainbat arlo tematikotan banatuta dagoz. Alde batetik margoa dago; bestetik, paper ganeko lana, hau da, grabatua, marrazkia eta argazkia. Banaketa horren arrazoia lanak zaintzea da, bloke batak zein besteak behar desbardinak ditu eta, argiztapenari jagokonez batez be. Margolanen blokea mihise ganean olio-pinturaz egindako lanez osotuta dago, teknika mistoz egindako edo kartoizko euskarriko lan bat edo beste izan ezik, eta lau arlo tematikotan banatuta dago. Batetik, itsas margolanak dagoz, itsasoko paisaienak, itsasontziak eta kostako herriak irudikatzen dituenak. Bigarrenik, itsasoko pertsonaien margolanak; hirugarrena natura hilena da, itsasoko frutuena. Laugarren arloan oso lan bereziak dagoz, alderdi sinboliko eta onirikoakaz lotuak. Euskal artistak dira ugarienak erakusketan, eta horreen artean Euskal Artisten Elkartea sortu ebenen hainbat ordezkari interesgarri topau daitekez; gehiago esatearren, horreetako batzuk alkarteko bazkide sortzaile be izan ziran. Aitatzekoa da Euskal Artisten Elkarteak euskal kultura astindu ebala XX. mendearen lehen erdian, modernidadearen atzetik.

Paper ganeko lanaren blokeari jagokonez, bi espaziotan banatuta dago. Lehenengoan, lan piktorikoaren ondoren, koloretako lanak eta monokromoak topau daitekez, hainbat grabau-teknikez eginak, eta hareen ondoan, lan orijinalak, marrazkiak, akuarelak, pastelak eta gouacheak. Kontrako bi polo ikusgai agertoki berean: lana eta aisialdia itsasoan. Hirugarren nozino bat be agiri da: itsasoko arriskuei bildurra. Era berean, azkenengo espazioan itsasoaren bi ikusmolde dagoz aurrez aurre: XIX. mendeko artisten ikuspegi erromantikoa, eta haren parean, Bizkaiko aurrerabidearen eta aldaketa ekonomikoen bultzatzaile izan dan itsas industriaren garapena eta gainbeherea erakusten daben irudiak, argazkiak kasu honetan.

Ikusleak lanak errazago irakurteko, ordena kronologikoa jarten saiatu izan bada be, lanen gaiak eta prozedurak batzeko moduaren inguruan eztabaida interesgarriak sortu dira, eta XX. mendean garatutako prozedura plastikoen bilduma osoa erakusgai jarteko bidea be zabaldu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu