Eider Elizegi: 'Mont Blanc-era igoten daben gehienak zenbaki baten atzetik joaten dira'

Karolina Almagia 2011-01-24 10:16   Barriketan
Mendizalea

Desnivel argitaletxeak argitaratu dau izen Desnivel literatura saria irabazi eban Eider Elizegi mendizalearen Mi Montaña lana. Mont Blanc mendiko Goûter aterpetxean lanean pasatako udako bizipenak batu ditu mendizale gipuzkoarrak liburuan. Saria irabazi eta gero, 34 urteko biologa honek eukan lanpostua itxi eta furgoneta bat etxebizitzatzat hartuta, bidaiatzeari ekin eutson. Eider Elizegiren ibilerak eta argazkiak ikusteko bisitau eizu bere Vagamontañas bloga.


1.- Mi Montaña-n Mont Blanc-eko Goûter aterpetxean bizitakoa kontetan dozu. Zergaitik erabagi zenduan hara joatea lanera?

Urte asko ziran mendia nere bizitzan toki nabarmenago bat beteten hasi zala. Asteburu guztiak pasetan nituan Pirinioetan eta bertan sentiduten nintzan benetan etxean. Baina momentu haretan beste esperientzia mota bat biziteko gogoa sortu jatan: mendiaren bizipen estatiko bat nahi neban, hau da, mendiak eskaletan doguzanean, gure mendiaren bizipena oso dinamikoa da, perspektiba eskaladeagaz batera aldatzen doa eta gure ikuspuntua be nekeagaz eta progresinoagaz aldatzen doa. Gainera, ordu batzuetan egoten gara mendian, eta gero ospa egiten dogu handik. Nik mendi batera igon eta bertan geratu nahi neban, mendiaz besarkatuta sentiduteko eta mendiari baldintza desbardinetan, ordu desbardinetan, eguraldi desbardinagaz eta ni be egoera eta aldarte desbardinetan egonik begiratu nahi neutsolako. Goûterrera lanera joateak, 3.820 metrotan 4 hilebetez mendiaren altzoan izotzez eta argiz inguraturik egoteko aukerea eskeinti eustan.


2.- Hango bizipenei begira, zer izan zan gatxena?

Bertan lana gogorra zan. Astean 7 egun eta egunean 24 ordu ibilten ginan, gelditu barik. Eta altuerea neketsua eta ahulgarria da bertan denpora luzez egoten bazara. Batzutan ez zan erraza han bizitea. Baina neretzat oso esperientzia positiboa izan zan eta ni benetan zoriontsu nintzan bertan. Gauza ederrak, gatxak baino ugariagoak eta indartsuagoak ziran neretzat: egia esan, kosta egiten jat galdera honentzat erantzuna bilatzea!


3.- Baina frantsezez berba bat be ez zenduan ulertzen! Zelan aguantau zenduan lau hilebete holan?

Ni oso zoriontsu nintzan han. Sekulako paradisuaren erdian bizi nintzan, mendiagaz bat eginik erabat. Hizkuntzearena be... abantaila izan zan. Hasieran ez neban tutik be ulertzen nere lankideek euren artean berba egiten ebenean (hilebeteak aurrera joan ahala hasi nintzan zeozertxu ulertzen). Baina holan ez ninduen gizakion istorioetan nahasten, eta zeozelan mendiaren bizibakotasunean buru-belarri sartzeko aukerea neukan: azken batean, horixe zan nik bertan bilatzen nebana. Nik gustoko neban burbuila eder haretan bizitea eta ulertzen ez neban hizkuntza bat entzuteak ez eustan ardura. Berbarik aditu edo ulertu barik, gorputz-espresinoari atentzino handiagoagaz erreparetan neutson, eta holan informazino desbardina jasoten neban nere familia alpinoaz. Gainera, nere lankideak oso persona atseginak eta adeitsuak ziran, beti egoten ziran niri adi eta beti itzultzen eustiezan gauza garrantzitsuak ingelerara.


4.- Liburuan kontetan dozunez, mota guztietako alpinistak pasetan dira hortik. Egidazu hango 'fauna'-ren panoramika bat, mesedez.

Zeuk esan dozu, mota guztietakoak, alpinista, eta sasi-alpinistak. Herrialde guztietakoak: japoniarrak, korearrak, errumaniarrak, amerikarrak, europaarrak... Edade guztietakoak: 10 urtetik 85era bitarterainokoak. Emakumeak eta gizonezkoak. Bakarrik joiazanak eta taldean ebilzanak. Gidariagaz eta gidaririk bakoak. Sendoak, sasoian egozanak eta entrenau bakoak. Esperietzaia handidunak eta edurra gitxitan zapaldutakoak. Danetatik eta eguraldi oneko egunetan... asko!


5.- Urtero hainbat lagunek bizitza galtzen dabe bertan. Zelako gogoetak etorten jatzuz hori pasetan dan bakotxean?

Mendian ibilteak badauka beti arriskua... Azken finean, bizitzak berak daukan legez. Nik uste dot mendian ibilteak arrisku hori onartzea suposatzen dauela. Nire alde bihozbera edo onbera horretatik begiratuta, gogorra zan, batez be, aurretik mendizale horregaz berbetan egon banintzan eta gure artean loturaren bat sortu bazan. Baina nire alderik hotzenak beti pentsetan eban bizirik gagozanez hil behar dogula nozonozkoren baten, eta oraindino ez dodala ezagutzen biziteko nahiz hilteko mendia bezain ederra dan beste ingurunerik. Azken finean, euren azken arnasa inguru haretan hartu ebenak Mendi eder haren parte dira orain, eta seguru nago azken arnas ha zorionez eta edertasunez asetua izan zala gehienetan. Edozein modutan, jazoera larri hareek sentiarazoten eustiena izugarrizko xamurtasuna, konplizidadea eta maitasuna ziran, edozein izanda bere, bizipenik handiena, fuerteena sentiduten egozalako momentu hareetan.


6.- Bitxikerien artean, zur eta lur geratu naz alpinista askok zaborrez beteta ixten dabelako guardetxea. Jarrera hori ez dator bat alpinisten irudi idealizatuagaz...

Alpinistak? Mendian topetan dogun jente gehiena ez dot nik behintzat alpinistatzat joten, batez be, Goûter lako leku batetan. Neretzat absurdoa da lehiakortasuna, eta mendian ikusten doguna gaur egungo gizartearen norgehiagoka giroaren ispilu hutsa besterik ez dala uste dot. Horregaitik egoten da beti edozein lekutan, mendirik altuena jentez ganezka, eta alboan dagozan mendiak, askotan ederragoak, teknikoagoak, igoteko politagoak, huts hutsik. Mont Blanc-era igoten diran gehienak zenbaki baten atzetik joaten dira -mendirik altuenaren bila... 4.807 kasu honetan- eta ez mendi esperientzia baten bila. Horregaitik, jente honi bost ardura deutso igoteko modua eta mendiaren ingurunea kutxatzea, edo zikintzea, edo bortxatzea: gailurra zapaldu eta bertan argazki asko ataratea baino ez dabe helburu, gero jentearen aurrean euren balentriaz harro agertzeko.


7.- Euskaldun asko joaten da Mont Blanc-era? Zelako zailtasunak ditu menditontor horrek? Zuk zeuk zapaldu izan dazu tontorra, zelakoa izan zan esperientzia?

Bai, Espainiatik joaten diran gehienak euskaldunak eta katalanak dira. Hemen inguruko jente asko ezagutu neban bertan, eta lagunak be joan ziran.

Nik aurreko urtean bi saiakera egin nituan eta bigarrenean igon neban. Eta lanean egon nintzanean be baten igon neban gailurreraino. Normalean gauez egiten da igoerea, egunsentian tontorrean egon ahal izateko. Mendi altua danez, aldakorra da, batez be eguraldiaren aldetik: lehenegoz han egon nintzanean gaua garbi-garbi egoan arren, sekulako haizea ebilen eta termometroak -20º C marketan eban goialdean: matrailak erdi izozturik eta baltz-baltz neukazala bajatu nintzan gailurrera heldu barik; edozelan be, guardetxetik igon neban azkenekoan, egunez abiatu ginan goruntz eta 'epel-epeletan' egin genduan bidea. Bide normaletik ibilbidea ez da gatxa eta lekurik arriskutsuena Goûterrera heldu baino lehen dago, La Bolera esaten jakon zeharbidean. Dana dala, mendi altua danez, alpinismoan gitxieneko esperientzia nahitaezkoa da, batez be ezustekoei aurre egiteko kapaz izatearren.


8.- Noiz eta zelan hasi zinan mendira joaten?

Berandu hasi nintzan ni mendian, kirolak ez nituan bape gustoko txikitan. Hogei bat urtegaz korrika egitea gustoko nebala deskubridu neban ezustean, eta aldi berean Pirineoetara hurerratzen hasi nintzan geldiro-geldiroi. Gero eta gehiago erakarri ninduan mendiak. Neguko alpinismoko ikastaro bat egin neban eta aurrerago nere nebeak hatxetan eskaletan erakutsi eustan. Urte batzuen buruan, mendiak nere bizitzaren zatirik handienetako bat bete eban.


9.- Goi mailako ikasketaduna zara, baina furgoneta batean bizi zara. Noiz erabagi zenduan holan bizitea? Zertaz bizi zara? Zelakoa da zure bizimodua?

Bai, Biologian doktorea naz, jajaja, baina laborategiak alde batera itxi nituan. Mont Blanc-eko esperientziaren eta liburuaren idazketearen ostean, mendi esperientzia dinamikoago bat idazteko gogoa sartu jatzan. Beste mendi batzuk be ezagutu nahi nituan. Horretan nengoala, Jordi Roviragaz Andeetara bidaia luze bat egiteko proiektua subertau jatan. Horretarako, etxea eta lan finkoa itxi egin nituan. Sei hilebetez ibili naz aurten Peru eta Bolivian, mendiak eskaletan eta idazten (vagamontanyas.blospot.com). Eta bueltan furgonetara bueltau nintzan.

Maite dot holan bizitea. Alde batetik oso gauza gitxigaz bizi naz, ia ia furgonetan sartzen dira daukadazan gauza guztiak. Kontsumo gizarte honetan uste dot ez doguzala gauzak errespetetan eta behar artifizial asko sortzen doguzala. Modu horretan biziteak, gauza gitxi eukiteak, libre sentiarazoten nau. Gainera, urietan eta etxeetan mundu bigun bat sortu dogu eta ia ez gara naturaren aldaketez jaubetzen. Nere furgonetan naturatik oso hur nago, hotza, beroa, argia, iluntasuna... biziteko aukerea emoten deust. Eta ia baloretan ez doguzan gauzak, janaria, edateko eta garbitzeko ura, aterpea, erropea... diran luxuaren neurrian baloretan dodaz holan biziaz.

Momentuz Mi Montaña liburuagaz irabazitako sariaz bizi naz. Noizbehinka artikulu edo argazkiren bat argitaratzen deustie aldizkariren batean, eta emonaldi batzuk be egin dodaz aurtengo bidaiari buruz. Diru gitxi behar dot holan biziteko eta oraingoz denpora apur bat hartu nahi dot eskutartean ddaukadazan beste proeiktu editorial batzuei formea emoten joateko.


10.- Zer bilatzen dozu bidaiatzen dozunean?

Niri egunean bizitea gustetan jat. Nik uste dot munduak ez dauela esplikazinorik, eta egoera egonkor batean eroso jezarrita geratzen nazenean, munduaren ikuspegia finkotu eta gauzak modu honetakoak edo horretakoak dirala onartzeko arriskua hurrago ikusten dot. Bidaitzea, egunero biziteko modu bat gehiago besterik ez da niretzat. Errealidadea ulertzeko laguntzen deust. Eta paisajeak, inguruneak, klimak eta geografia desbardinetan ibilteak be bizimodua bestelako moduetan antolatzera behartzen nau.


11.- Zergaitik da hain inportantea naturea zure bizitzan?

Naturea niretzat errealidadearen formarik biluzienetakoa dalako, eta bertan biziago sentiduten nazelako. Eta naturan, gizakiak ez diran beste izaki bizidunen artean, eta oinarri bizibako horren barruan, existidutearen kontzientziak forma desbardinak hartuarazotea errazagoa dalako. Natureagaz bat hazi nintzan... Eta pentsetan dot horrek be badauela eraginik...


12.- Zer da zuretzat libre izatea?

LIbre izatea norberaren barruko asunto bat dala uste dot. Norberaren bildurrakaz jolasteko modu bat, sen ona errespetatuz bildurrak muga bihurtzen ez ixtea. Orain libre sentiduten naz, baina pisu txiki batean biziten eta lan finko baten odutegien artean korrika be libre izan naz. Nire ustez libre izatearen esentzia ez dago egiten dozuzan gauzetan, gauza horreen atzean dagozan motibazinoetan baino.


13.- Argazkilaritzea zaletasuna dozu. Zer atrapetako?

Idaztea eta marraztea bezela, edertasuna islatzeko beste forma bat da niretzat argazkilaritzea. Nere buruak oso modu bisualean funtzionetan dau eta irudiak oso garrantzitsuak dira niretzako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu