Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!
2011-01-19 16:32 Euskerea berbagaiEuskal Herrian Euskaraz-ek manifestazino nazionala deitu dau zezeilaren 12rako, Donostiako Bulebarretik 17:00etan abiatuko dana, Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe lemapean.
Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazino nazionala deitu dau zezeilaren 12rako, Donostiako Bulebarretik 17:00etan abiatuko dana, Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe lemapean. Lelo bera izenburu dauen manifestua plazaratu dau EHEk, atxikimendua emon nahi dabenen sinadurak jasoteko. Aitatu manifestua osorik irakur daiteke jarraian:.
'Hizkuntza komunidade minorizatua da euskal komunidadea, Euskal Herrian bizi garen hiru milioe biztanletatik laurenak baino ez dakigu euskeraz. Euskal hiztun guztiak gara gazteleraz edo frantsesez elebidun, mendetako asimilazino prozesuaren ondorioz euskaldun elebakar moduan bizitea ezinezko bihurtu ondoren. Gaztelera eta frantsesa bilakatu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazino hizkuntzea dan euskera menpeko bihurtuz. Horregaitik, euskereak beteten zituan ia funtzino guztiak erdarek betezen dituenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian.
Gurea ez da hizkuntza ordezkatze prozesua sufriduten dauen herri bakarra. Munduan ehunka dira galtze bidean dagozan hizkuntzak, eta ondorioz kulturak, herriak. Globalizazinoak eragina dauen arren, ordezkatze prozesu horreen gidariak estaduak dira. Euskal Herrian espainiar eta frantziar estaduak dira ordezkapen prozesuaren erantzule nagusiak. Euren konstituzinoetan argi jasoten dabe zein dan hizkuntza hegemonikoa, eta nagusitasun horri eustea helburu daben hizkuntza-politikak apliketan ditue.
Erasoak eraso euskaldun izateaz harro, garena izaten jarraitzeko nahia eta gogoa askotan erakutsi dogu euskaldunok. Honi esker, hamaika proiektu sortu doguz ordezkapen prozesuari aurre egin, eta euskeraz biziteko nahiari hauspoa emoteko.
Halan da be, asimilazino prozesuak bere horretan jarraitzen dau. Euskaldunoi desbardintasun kontuakaz bazterrak nahastea leporatzen deuskue; garenari uko egin, eta munduko hiritar izateko konbidapenak jasoten doguz eten barik. Hori subertea edonongoak diran horreena! Sasi guztien gainetik dabilza hegan; sasi artean ibiltea nekeza da, baina ez deutsagu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar dieutsagu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskerearen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diaiotson.
Euskaldunak burujabe
Hasteko asimilazino prozesuak gugan izan dauen eragina onartzea jagoku. Jakinda edo jakin barik gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. Praktika burujabearen aldeko hautua indartu behar dogu hau gainditzeko. Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazinoagaz amaitu, eta euskeraz bizi dan herria nabarmentzea ekarriko dauen praktika, hain zuzen be. Honetarako, autoestimua berreskuratu, eta euskaldun izatearen harrotasuna eguneroko jardunaren erdigunean kokatu behar dogu ezinbestean. Eta jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskeraz biziteko hautua egiteko, norbanakoaren determinazinoa ezinbestekoa da. Baina ezin dogu dimentsino kolektiboa ahaztu. Beraz, euskal komunidadeak egin behar dau euskaldun burujabe bizitearen alde.
Euskal Herria burujabe
Sasi guztien gainetik ibili ahal izateko, euskeraz biziteko hautua egiteaz gan, lehentasunezko estatusa behar dau euskereak bere lurralde osoan. Legeen zein prestigioaren bitartez eregi beharreko lehentasunezko estatusa. Horretarako, ezagutu beharrekoa zein funtzino guztietarako hizkuntza izentau behar da euskerea. Eta hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko neurriak hartu behar dira. Baina aldaketok ez dagoz gure esku. Frantziar eta espainiar konstituzinoek ez deuskue horretarako aukerarik emoten. Horregaitik burujabetza behar dau Euskal Herriak.
Euskalduna eta burujabea. Biak dira aldaketa horreen oinarriak. Beraz, norbanakoak zein herriak, bakotxari jagokunetik, euskaldun eta burujabe izateko determinazinoari beste bultzada bat emon daiotsegun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!