Europako neguko olaturik handiena hartzeko ahalegina egingo dau Asier Muniain surflariak
2011-01-14 14:33Naturgas Big Wave 2011 izenaz bataiatu da Asier Muniainen proiektua (O’Neill, Dragon, Creatures of Leisure, Pukas, Redymar, Shark Biscuit eta Asergroupo), eta urtarriletik martira bitartean gauzatuko da. BAT-Basque Team-en babesa dauka proiektuak.
Bilboko Itsasadarra Museoan gaur egindako aurkezpenean jakinarazo dabenez, BAT-Basque Team egitasmoak babestuko dau Zarauzko kirolariaren jarduna, BAT Desafioa izeneko laguntza-programearen bidez. Axi Muniainen asmoa da, Europan neguan hartu leiken olaturik handiena hartzea eta holan, Kaliforniako XXL Big Wave Awards lehiaketan parte hartzea. 'Laster hasiko gara lanean, astelehenean bertan eguraldiari begira jarriko gara olatu egokia non egongo dan jakiteko', iragarri dau Munianek.
BAT Desafioa programan, aurreko aldietan, mendiko erronkei lagundu deutsie eta oraingo honetan, BAT-Basque Team-eko arduradunek itsasora, surfera begiratu dabe. Asier Muniain zarauztarrak esperientzia handia dauka olatu handi eta indartsuak hartzen eta lehendik be, nazinoarteko lehiaketa garrantzitsuetan ospea lortu izan dau. Oraingo honetan, Europako olaturik handienaren bila abiatuko da, '5 eta 10 metro arteko olatuak hartzea espero dot', iragarri dauenez. Zenbat eta handiagoa olatua, orduan eta aukera gehiago eukiko dau apirilean Kalifornian egingo dan XXL Big Wave Awards lehiaketan parte hartu eta sariren bat eskuratzeko.
Axi Muniainek badaki gatxa dana Hawai, Australia edo Kaliforniako olatuen parekoak Europan topetea, tamainuari jagokonez behinik behin, baina lekurik egokienak sailkatuta daukaz, bederatzi guztira, kontinente osoan banatuta. Horreetako lau olatu-gune Euskal Herrian dagoz. Dana dala, ez daki zehatz non eta noiz agertuko dan itxaroten dauen olatu erraldoia eta horregaitik, eguraldi iragarpenari adi egongo da eta kalkulu egokiak eginda, leku aproposean egotea espero dau Zarauzko surflariak, 'senak garrantzia handia dauka surfean, baina alderdi zientifikoa be ezinbestekoa izango da', azpimarratu dau.
Logistika aldetik be, BAT taldearen laguntzinoari esker, baliabide asko eukiko ditu Axi Muniainek, kamioia, quad ibilgailuak, uretako motoak eta abar. Teknologia onenagaz be, baina, 'itsasoagaz ezin da olgau, adi ibili beharko dot beti', hori da Muniainen oharra eta naturearen gurariak aurrez ezin diranez igarri, surflaria ez da ausartu erronkea beteko dauen ala ez aurrikusten. 'Aurretik pilatu dodan eskarmentua da aldeko faktore seguru bakarra', zehaztu dau.
Europako olaturik handiena hartzeko proiektuagaz, gizartean eragitea da Asier Muniainen helburua, 'inpaktu bisuala lortu nahi dot, jenteak ikusi dagiala zer egin dodan'. Horregaitik, BAT Team-en webgunean (www.basqueteam.com) informazino eta bideo ugari ipiniko ditue, Muniain olatu handiak surfean hartzen ez eze, atzean dagoan lan guztia erakusteko; 'erronka hau ez da denporapasa hutsa, atzean dagozan une gogorrak eta ahalegin neketsuak ezagutu behar ditu jenteak', nabarmendu dau surflariak. Ganera, bideoetako irudiak Kaliforniako lehiaketan aurkezteko be beharko ditu.
BAT-Basque Team egitasmoaren laguntzinoa eta Naturgas Energia enpresearen babesa zinez eskertu ditu Asier Munianek, 'orain arte bihotzagaz egin dot aurrera surfaren munduan, eta oraingo honetan, surfa ogibide bihurtzeko aukerea eukiko dot'.
Asier Muniain Egañak (Zarautz, 1982/1/2) Kantauri Itsasoko olaturik handienetako batzuk surfeatzeari ekin eutson orain urte batzuk, modalidade honetako bi diziplinetan: arraunean, —besoak erabiliz uretan aurrera egiteko— eta Tow-in dalakoan —ur motoen laguntzaz—. Gipuzkoarra da, alde handiz, kirol mota honetako sari nagusitzat joten diran XXL Big Wave Awards dalakoetan izentapen gehien batu dauen surflari europarra —zortzi gaurdaino—. Asier bi kategoria desbardinetako finalista izan zan urte berean, eta Monster Paddle dalakoan —kategoria guztietako proba gorena, arraunean egiten dana—, finalera heldu dan lehenengo surflari europarra izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!