Arabako Mintza Eguna ospatuko da Gasteizen urtarrilaren 15ean
2011-01-05 14:40 Euskerea berbagaiArabako Mintza Eguna egingo da Gasteizen urtarrilaren 15ean, Topagunea euskera alkarteen federazinoak eta Gasteizko GEU alkarteak koordinauta. Lehenengo aldia izango da Araba mailako jaiegun hau antolatzen dana, eta horretarako arrazoia azken bizpahiru urteetan Mintzalaguna lako egitasmoek herrialdean hartu daben indarra izan da.
Arabako Mintza Eguna egingo da Gasteizen urtarrilaren 15ean, Topagunea euskera alkarteen federazinoak eta Gasteizko GEU alkarteak koordinauta. Lehenengo aldia izango da Araba mailako jaiegun hau antolatzen dana, eta horretarako arrazoia azken bizpahiru urteetan Mintzalaguna lako egitasmoek herrialdean hartu daben indarra izan da.
Antolatzaileek adierazo dabenez, gaur egun, 800 arabar baino gehiago dira (540 Gasteizen), astero, ordu batez, gitxienez, beste hiru, lau edo bost lagunekaz alkartzen diranak, euskeraz berba egitea helburu nagusia dabelarik. Izan be, euskaldunak euskaldunakaz euskeraz berba egiteko dira mintzapraktikako taldeak, bai eta talde desbardinetan dabiltzanek alkar ezagutzeko antolatzen diran kultura- eta aisialdi-ekintza osogarriak be.
Arabako Mintza Egunaren helburua herri desbardinetako mintzalagunak hartu-emonetan jartea da. Horretarako, egitarau oparoa antolatu da, ekitaldi barritzaile eta oso interesgarriak batzen dituana. Egitaraua 10:30etan hasiko da, Montehermoson, Arabako herri eta kuadriletako mintzalagunei egingo jaken ondoetorriagaz. 11:00etan, Montehermosotik abiatuko da ibilbide gidatua, Atzo, gaur eta biharko, Gasteiz euskalduna izenburupean. Euskereak Gasteizen izan dauen, dauen eta izan leiken garrantzia erakusteko, hainbat arlotako 20 bat lagunek gidatuko dabe ibilbide didaktiko eta aberasgarria.
Eguerdiko 12:30etan, Araba kantuz Arabako hainbat herritako kantuzale taldeen topaketea hasiko da. Ondoren, 14:30etan, herri bazkaria izango da Odon de Apraiz ikastolako frontoian. Bazkarirako txartelak (20 euro) mintzalagun koordinatzaileen bitartez edo araba@topagunea.com helbidera idatziz lor daitekez, urtarrilaren 10era arte.
Arratsaldeko 16:30etan Mintza sketxak izango dira, mintzalagunen sorkuntza artistikoaren erakustaldi laburrak, eta 17:00etan, jantzaldia Azido Folkloriko taldeagaz. Amaitzeko, 18:30etan, triki-kantu kalejira bat egingo da Kantuzale taldeak eta Azido Folklorikok girotuta.
Topaguneak eta Gasteizko GEU alkarteak koordinazino lana beregain hartu badabe be, jaiegun hau eta, batez be, goizeko ibilbide gidatua, arabar eta gasteiztar euskaldun askoren parte-hartze txikiei esker izango da posible. Kultura, irakaskuntza, herri mobimentua, helduen euskalduntzea eta Gasteizko historian ezagutza handia daben 20 lagunen ekarpenek osotuko dabe Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna-ren mosaiko erreala.
Araba Kantuz izeneko kantu kalejirea, Gasteiz, Araia, Zigoitia, Laudio eta Arabako beste hainbeste herritan euskal kantutegiaren inguruan batzen diran taldeen topaketea izango da. Hau be, aukera ezin hobea izango da antzeko zaletasunak dituenek alkar ezagutzeko eta beharbada etorkizuneko lankidetzarako oinarria ezartzeko.
Ekintza guztiak jenteak jenteagaz egoteko aukerea izan daian pentsau dira, izan be, hartu-emon euskaldunen sarea ehuntzen eta zabaltzen jarraitzeko saiakerea da Arabako Mintza Eguna, giro atsegin eta alaian, arabar euskalduna izateak dakarren gozamenaz disfrutetako aukerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!