Xabier Uribe-Etxebarria: 'krisi sasoia momentu egokia da proiektu barriei ekiteko'

Koldo Isusi Zuazo 2010-12-30 15:28   Barriketan
Anboto Groupeko sortzaile eta zuzendaria

Anboto Group enpresearen sortzailea eta egun zuzendari nagusia da 1981ean Getxon, Algortan jaiotako gaztea. Deustun, Injinerutza Elektronikoa ikasi, Harvard Business School eta Massachusetts Institute of Technology-ko tituluak eskuratu eta makinatxu bat lan egin ostean, teknologia alorreko munduko ‘start-up’ enpresarik onena saria jaso barri dabe Innovate 2010 sariketan.


1.- Zorionak, ezer baino lehen. Sariari esker Silicon Valley-ko ateak zabaldu jatzuez eta bezero ugari be erakarriko dozuez. Zer balorau dabe sari horretako epaimahakideek?

Lehian izan garen ehundaka hautagaien artean egotea be ez zan txarra eta saria jasotea, sailkapeneko lehenengo postuan geratzea sekulakoa izan da guretzako, ezusteko galanta. Kontua da ze aitatu saria edo autorpena jasoteko urtebetean gure zein ganerako hautagaien lanaren jarraipen zehatza egin dabela Innovate!2010eko epaimahakideek; gure jarduera alor guztiak goitik behera aztertu ditue, gure enpresearen sorrerea, hazkundea, negozio eredua, merkatuan ze sarbide izan geinkean, bideragarritasuna... Hamazazpi finalisten artean, Anbotoz gan, besteak beste, FonYou, Intelia eta Homing.com egozan atzerriko beste batzuekaz batera eta dinotsudan legez, ia uertebeteko prozesu horretan, makinatxu bat lan eta batzarrak Europan zein AEBetan egin ostean, ‘start-up’ enpresarik onena geu izatea erabagi dabe. Ideia barritzaile bat aurrera eroateko sortutako proiektuari esaten jako 'start-up'.


2.- Ibilbide labur baina sano emonkorra dauen Anboto enpreseak zer espero dau orain? Zein izan daiteke Anbotoren proiekzinoa?

Hemetik pare bat urtera, gure arloan (web customer service, web bezero zerbitzuan eta icom teknologia hornitzaile sektorean) lider globalak, munduko onenak izatea da amesa; aukerea daukagu hizkuntzalaritza eta semantika teknologietan munduko onenak izateko eta horretarako prest gagoz. Egia da, apur bat arduratuta be bagagoz ze bide asko zabalduko jakuzan arren, erantzukizun handia da lehia teknologikoan sartzea. Lan asko egitea tokauko jaku orain eta autortza hori ez dala kasualidadea edo suberte kontua izan erakutsi beharko dogu. Saria irabazi aurretik be polito kokatuta eta proiekzino handia izan badogu be, orain mundu mailan gure sektoreko enpresa erraldoiakaz lehiatzeko aukerea zabaldu jaku, alkar ezagutzen gara eta maila beretsuan, goi mailan jokatuko dogu aurrerantzean.


3.- Anbotok Erandion eta Bostonen ditu bulegoak baina laster bulego gehiago zabalduko dozuezala jakin dogu. Mundu birtualean, bulego fisikoak behar al dira?

Galdera ona. Erantzuna be argia izango da. Guk hemetik salduko dogu dana, gure egoitza nagusia Erandioko hau izango da baina egun, oraindino be networking-erako, hartu-emon personal eta profesionaletarako eta behar-beharrezkoa da aurrez aurreko kontaktua. Negozioak personakaz egiten dozuz eta, batez be, zuri gustetan jatzutzan personakaz.

Esandakoak esanda, bulego komertzialak zabalduko doguz laster Txilen, Mexikon, San Frantzizkon, Londonen, Bartzelonan eta Madrilen. Gero gerokoak.


4.- Anboto enpresan erabiltzaile eta webguneen arteko alkarrizketa birtualak ahalbidetzen dituan sistemea garatu dozue eta nobedade nagusia hartu-emonetarako hizkuntza naturala erabilten dala izango litzateke. Zeintzuk dira sistemearen ezaugarriak?

Bai, hizkuntza naturalaren bidez, ordenagailuaren eta erabiltzailearen artean alkarrizketa librea ahalbidetzen dauen sistemea da guk sortu doguna, ez gidatua, orain arte ezagutzen genduana modukoa. Orain arteko sistemek aurrreikusitako galderentzako erantzunak baino ez ditue eskaintze eta asmau ezean, programeak ez daki erabiltzaileak zer esan nahi dauen.

Anbotok garatutako bosgarren belaunaldiko laguntzaile birtuala alkarrizketa natural bat izateko gauza da; eta hori posible da berbak eta kontzeptuak kontuan hartzen ditualako, ez da bilatzaile hutsa. Programeak erabiltzaileak sartzen dituan berbe analisi ontologikoa egiten dau, hau da, esanahiak erlazionetan ditu, berba batzuk testuinguru desbardinetan esangura desbardinekoak baitira. Gure sistemeak arlo morfologikoa, sintaktikoa, pragmatikoa (testuingurua) eta funtzionala aztertzen ditu eta horren ondorioz kontzeptuak lortzen doguz. Ez da gauza bera goiz (egunaren atala) edo goiz, berandu-ren kontrakoa; azken finean, programeak desbardintasun semantikoak kontuan hartzen ditu.

Horrezaz gan, programearen alde garrantzitsuenetako bat da teknokultura faltea daben personei asko errazten deutsela teknologiaren erabilerea, izan be, persona bategaz komuniketea lakoa izango da, eta formulario amaibakoak, datak, hutsuneak... ebitetan dira sistemeari esker.


5.- Hizkuntzalaritza konputazionalaren alorrean esperientziaduna zara eta itzultzaile automatikoen mundua be ezagutzen dozu. Zer da Metalingua proiektua? Euskerea lako hizkuntzentzako baliogarria al da?

Metalingua proiektuari esker, iturria edozein izanik (testua, bideoa edo audioa) itzulpena ahalbidetu eta hizkuntza arazoak ebitauko dira. Sistemeak kontzeptuak darabilz, ez da hitzez-hitzezko itzulpenik egiten; lehen esan deutsudanez, hizkuntza barri bat gehitu gura danean, sistemeak arlo morfologikoa, sintaktikoa, pragmatikoa (testuingurua) eta funtzionala aztertzen ditu eta hortik aurrera ganerako hizkuntzakaz konektauko da. Beraz, Metalinguagaz bardin da hizkuntza minorizatua ala hizkuntza indartsua izan, danak itzuli daitekez. Jaubetu zaitezan, euskeratik ganerako hizkuntzetara, banan-banan itzuliko daben tresnak sortzea sano gatxa izateaz aparte, oso karua be izango litzateke eta, esangura horretan, euskerea eta gaelikoa zuzenean itzultzeko programea sortzea nekeza eta ia ezinezkoa izan arren, hizkuntza batetik beste batera zuzenean itzuli beharrean, itzulpen automatikorako erdibideko hizkuntzea, metalingua, kontzeptuen hizkuntzea, hizkuntzen hizkuntzea zubi legez erabilten da eta holan ez dago mugarik.


6.- Tim Berners Lee (webaren aitatzat dabena, HTML hizkuntzea asmau ebalako, munduko web guztiak ikusteko erabilten dan sistemea) buru dauen World Wide Web Consortium-eko (W3C) aholku batzordeko kide da Anboto, bihar-etziko Internet sarearen garapenaren oinarri edo funtsak ezartzeaz arduratzen dan erakundeko euskal ordezkari bakarra, besteak beste, Google, Yahoo, Adobe, IBM eta CERN enpresetako ordezkariakaz batera. Gurean oihartzun edo eragin larregi izan ez dauen arren, euskal ordezkari bakarra izateari zelako garrantzia emoten deutsazue?

Guretzako oso positiboa da baina ez bakarrak garelako, erakunde horretan erabagi garrantzitsuak hartzen diralako, webagaz eta Internet Sareagaz lotutako erabagiak hartzen diralako eta munduan ezagutzen zaituelako baino. Zehatz esateko etorkizuneko Internetaren egiturea osotuko daben estandarrak ezartzen ditu aitatu erakundeko aholku batzordeak. Edozelan be, tartean euskal ordezkari gehiago egotea gura neuke, seinale ona izango litzateke.


7.- Aitatu erakundeko ordezkari zariela kontuan hartuz, oro har zein izango da zure ustez Interneten eboluzinoa?

Batek jakin!!! Interneten oso azkar doa dana eta aldaketa edo iraultza handia orain dago gauzatzen, Html (hipertestua markatzeko lengoaia) 5 bersinoaren estandarra hor dago eta erabiltzaile arruntek larregi atzemongo ez daben arren, aurrerakuntza handia izango da grafikoetan eta; hiru-lau gauzatxu labur esatearren, 3D irudiak nabigatzaileetan erakusteko liburutegi grafikoa tartean izango da; kanpoko pluginen beharrik barik ia edozein web-aplikazino sortzeko aukerea dakar eta multimediari jagokonean, Html 5ek audio eta bideo etiketak be badakarz.

Web semantikoarena be azpimarratuko neuke. Htmlko etiketa gehienak testuaren egiturea eta itxurea deskribiduteko dira, gizaki batek testua modu egokian ikusi eta ulertu ahal izateko. Ez dagoz pentsauta makinen tratamendu automatikoa hobetu edo errazteko. Esangura horretan, Web semantikoa izango litzateke personentzat kodetzen dan HTML sareagaz batera existiduko litzatekeen sare paralelo bat, makinek ulertzeko moduko ezagutza-base bat. Lengoaia naturaleko webaz gain, testu egituratuko beste bat izango geunke eta ezagutzaren errepresentazino hori makinek ulertu ahal izango leukie. Asko eginda dago baina lan faltarik ez da izango aurrerantzean.


9.- World Wide Web Consortium-en hurrengo bilerea Bilbon izango da 2011ko maiatzean. Ze ondorio izan leike horrek?

Euskal Herri osoarentzat da garrantzitsua bilera hori Bilbon egitea ze urteroko hitzordua izango da, normalean Sillicon Valley-n egiten dana eta hemen erabagiko dogulako Webak nora jo behar dauen. Kontuan hartu, Tim Berners Lee Webaren aita eta lantaldea osotzen daben 335 bat enpresen artean, besteak beste, Google, Yahoo, Adobe, IBM eta CERN dagozala.

Aitatu bilereagaz batera, adituen berbaldiak, mintegiak eta antolatuko dira eta Webaren nondik norakoak zein bihar-etziko estrategiak izango dira berbagai eta aztergai.

Horrezaz aparte, Bilbo eta inguruetako hotelak eta turismoa oro har pozik egongo dira; ganera, kontuan hartzekoa da aitatu bilereak oihartzun handia izaten dauela munduan eta, beraz, Bilboren irudia munduan zabaltzeko be balioko dau World Wide Web Consortium-en bilereak.


10.- Zeintzuk dira orain urtebete pasatxo sortutako Anboto Group enpresearen erronkak eta egitekoak? Beste bi urte barru zein izango da Anbotoren garrantzia?

Etorkizunak zer ekarriko dauen jakiterik ez dagoan arren, Anboto Group-en helburua da bi urteko epean gure sektorean, Web customer service eta icom teknologia hornitzaile sektorea liderrak izatea munduan. Helburu hori buruan gabilz beharrean jo eta su eta beharra ez eze, finantziazinoa be beharko dogu. Norberaren herrian lidera izateko hazkunde organikoa nahikoa bada be, mundu mailako liderrak izateko dirua behar da franko eta ez bakarrik hemengoa, baita kanpokoa be. Finantziazinoa lortzea be ez da helburu makala. Harrigarria bada be, kanpoan, berbarako AEBetan askoz gehiago baloretan dabe gure teknologia hemen baino. Sillicon Valley-n bilera bat baino gehiago egin doguz eta sano interesatuta dagoz gure enpresan inbertiduteko. Gurean, barriz, oso gatxa da azaltzea eta ulertzea zein dan gure jarduna. Edozelan be, badagoz interesa daben bertoko enpresak be eta datu legez esango deutsut gure bezeroen artean Ipar Kutxa eta Vueling dagozala.

Ganerakoan, gure lau jarduera alorretan jarraituko dogu beharrean, banku, denda, aerolinea eta hotelak eta osasuna alorretan.


11.- Anboto izena nondik nora dator?

Beti gura izan dot Anboto izena nire enpreseari jarteko baina burutik kendu eustien eta Dialogate izena be balorau zan, gate atea inglesez, ate, euskeraz tartean dirala baegoalako jokua baina gero Garner, teknologia alorreko aholkularitza enpresa indartsuenetakoak esan eustan, Dialogate ez zala lar egokia, dialog hori tartean daben enpresak ugari diralako eta komeni dala indar handiagoko izena. Beste aukera batzuk aztertu ondoren, azkenean barriro Anboto-ren alde egin genduan. A-gaz hasten da, indarra dauka, gure mendi magikoa da, gure olinpoa, Mariren bizitokia eta bitxikeria legez, sarri pasau jat AEBetan Anboto izenak iradokitzen deutsena azaltzeko eskatu eta robot aitatzea, izan be, inglesez bot robot da.


12.- Krisi sasoian bete-betean gagozala, enpresa bat abiarazoteko bildurragaz dabilen bati ze mezu helarazoko zeunskio?

Txinan ideograma bera erabilten da aukera eta krisia adierazoteko eta horregaz bat eginik, nik esango neuke krisi sasoia momentu egokia dala proiektu barriei ekiteko. Krisi guztietatik sortzen dira aukerak eta, beraz, nire mezua da geldi ez egoteko, ilusino eta pasino handiz ekitea buruan daukazun horri. Krisi boladetan, badagoz aukerak eta zer etorriko dan zain egon beharrean, azkar jokatzen badozu erantzun ona izango dozu seguru. Geu gara horren adibide garbiena; 2009an sortu genduan Anboto, krisia bete-betean egoala eta urtebetegarrenean, munduko ‘start-up’ enpresarik onena gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu