Arriskuak ahaztu

Zigor Aldama 2010-12-30 14:54   Bidaide

Beti pentsau izan dot hoba dala gida turistikoen oharren atala ganetik begiratzea, larregi sakondu barik. Herrialde askotan bizi daitekezan arrisku egoerek bat baino gehiago bultzatuko dabe, ausartetan ausartena izan arren be, bidaia bertan behera ixtera. Ondorioz, planetak eskaintzen dauen aniztasunaz gozetako aukerak murriztu egiten dira. Horregaitik, sarritan, hoba kontu txarretan ez pentsetea.

Beti pentsau izan dot hoba dala gida turistikoen oharren atala ganetik begiratzea, larregi sakondu barik. Herrialde askotan bizi daitekezan arrisku egoerek bat baino gehiago bultzatuko dabe, ausartetan ausartena izan arren be, bidaia bertan behera ixtera. Ondorioz, planetak eskaintzen dauen aniztasunaz gozetako aukerak murriztu egiten dira. Horregaitik, sarritan, hoba kontu txarretan ez pentsetea.

Halanda be, batzuetan, ezin izaten dira ustebakoak aurreikusi, ezta, kasurik txarrenetan, zorigaiztoak. Kasu horreetako lehenengoa bizi izan dogu Luzón ugarte filipinarrean Banaue–Baguio ibilbidea furgonetaz egiten gengozanek.

Itxuraz, dana egoan kontrolpean. Ibilgailua ez zan beste munduko ezer, baina ezta orain dala milaka urteko jeepneys zahar horreetako bat be. Gidariak gizon jatorra emoten eban eta kontu handiz gidatzen eban filipinar mendikatean zehar doan errepide bihurgunetsuan. Orduko 20 edo 30 kilometroko abiaduran, denporea emoten dau mendi magalak berde-hori kolorez janzten dituen arroz-landa erraldoiez disfrutetako. Ganera, ikuspegi hobea egoan lekuetan geratu eta argazkiak atarateko aukerea izan genduan; bitartean, hiru bidaide filipinarrek bide bazterreko barazki-merkadutxuren batean erosketak egiteko aprobetxetan eben.

Holan, paisajeaz disfrutetako eta bidearen ezkerreko ertzean dagoan 500 metroko trokea ahaztuteko aukerea dago. Sarritan egoten diran lubiziek bide estua basaz eta harriz beteten dabe eta horrek be bildurtu egiten dau, izan be, tamainu horretako edozein harritzarrek furgonetea txiki-txiki eginda itxiko leuke.

Halanda be, etorriko jakun arriskuak ez dauka zer ikusirik natureagaz, gizakiak, berez, lo egiteko daukan beharrizanagaz baino. Bat-batean, inork ezer igarri barik, gidariak bolanteari gogor eragin deutso eskumarantz eta furgoneteak bete-betean jo dau mendiaren kontra. Ibilgailuaren atzeko partea gorantz altzau da, gero gogor jausteko asfaltoaren ganera. Gure gorputzek hegaz egin dabe, atzean dagozan maletak buru ganera jausi jakuz eta gure arpegiek ibilgailuaren erdiko jarlekuen kontra egin dabe. Asfaltoa aurreko kristaletik ikusi dot, gidariak buruagaz apurtu dauen kristal beretik. Segundu batzutan, danok gelditu gara isilik; halanda be, nahiko ondo gagozala konturatu garenean hasi dira aieneak. Ez dago beste ibilgailurik inguruko kilometroan eta gu geu saiatu gara alkarri zauriak osatzen, beti aldean eroaten doguzan alkoholagaz eta bendakaz.

Gidariak golpeak emoten deutsoz bere buruari, autoaren kristala apurtzea nahiko izango ez balitz moduan: 'Loak hartu deust! Zelan pasau ahal izan jat hori niri?'. Ibilgailuan joian beste atzerritarrak, Peter izeneko ingeles batek, suberte itzela izan dau. Kopilotuaren parteak hartu dau golperik handiena, baina, zorionez, segurtasun-gerrikoa eroian jantzita (lurralde honeetan ohikoena ez izan arren). Halanda be, ezin dau bere atetik urten.

Emakume filipinar batek hainbat zauri ditu bernatan, baina alkohol apur bat bota, tirita batzuk jarri eta nahikoa da. Haren kidea gure antzera dago, baina hirugarren filipinoak, antza, besoa apurtu dau. Eskumuturreko hazurra bihurrituta dauka eta sortzen dan angeluak ez dau esperantzarako biderik ixten. Eskuko telefonoak kobertura barik dagoz eta larrialdietarako deiak egitea be ezinezkoa da. Nolotil bat tragau eta erroberak dituan tramankuluren bat hurreratu arte itxarotea baino ez jako geratzen.

Bildurra gitxika-gitxika baretzen doan bitartean, gidaria kalteen balantzea egiten dago. Aurreko parteko eskumako aldea txiki-txiki eginda dago, baita erruberea be. Motorrari likido bat dario, itxuraz galgena dana, eta ibilgailuak ez dau arranketan ezta errubera barria jarrita be.

Handik ordubetera, Bigarren Mundu Gerrakoa izan daitekean autobus bat agertu da. Birritan pentsau barik, danok sartu gara barrura. Behelainoz hornidutako errepide bihurgunetsu honetan zazpi orduko bidea daukagu aurretik eta ez da ia aurrekorik be ikusten. Baldintza honeekaz, Banaue lurraldeari buruz gideak esaten ebana etorri jat gogora.

Jaypo. Horixe zan kontratau genduan gidearen izena. Berak esan euskun arroz-landa honeetan istripuak oso ohikoak zirala. Eta ez da harritzekoa. Sarritan, trokearen muga-mugatik joan behar da oinez, hogei zentimetroko ibilbide biguna eta labankorra. Trokeak bildurra emoten dau. Eskua minduta daukan atzerritar bat, ostera, pozik dago, 'alde onera' jausi zalako.

Eta oraindino txarragoa be izan daiteke. Jaypo-k dinonez, emakume estadubatuar bat hil egin eben ibilbide honetan. 'Bigarrenez egiten eban bidea eta uste eban kapaz zala berak bakarrik egiteko'. Ez da gatxa, baina filipinar mozkor batek atrapau, eta lurpean enterrau eban. Beso bat kanpoan geratu zalako topau eben emakumea.

Baina hoba da arrisku horreetan ez pentsetea. Ezagutu bai, behar besteko kontuagaz ibilteko, baina, horrek ez deusku bultzatu behar etxean gelditzera, izan be, teila batek buruan joten badeusku...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

santiyaniz 2011-03-04 18:03 Erantzuna | #1

Hobe ez pentsatu, baina bai begiratu aurrean daukazuna. Bai ta ere arroza bada!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu