Bene-benetakoa

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2010-12-30 14:17   Bertsolaritzea

Ez dakit bideo-emonaldi horrek guztiorrek zeozertarako balioko eusteen, baina bertso-saioetan kamarek enfoketan eben publikoa ezaguna egin jatan azkenerako. Jente guztiaren artean, lehenengotan, ilusino handia egiten eustan niretzako ezaguna zan bikote bat ikusteak. Andra-gizonak, Zeanurikoak biak...

Txikerretan afizino bat neukan: telebisinoko zeozer gustau ezkero, bideoan grabau eta makinatxo bat bider ikusten neban, ikusi eta ikusi, parau barik. Bardin marrazki bizidunak, nahiz pelikulak.

Nire afizinoa, ezkutua, azkenerako ezaguna egin zan etxean. Ezaguna eta ezagunegia egin ostean, baten bat hasarratu be egiten jatan beti gauza bera ikusten egoten nintzalako. Ni, ostera, deadarrok aitu ezinda, amagana joaten nintzan dana kontetan. Izan be, salan neu bakarrik egon ezkero, neuk gura nebana ikusi neikean eta ez zan patxadea baten bat salan itsumustuan sartu eta ailegoan hastea neure errepetizinoen kontura.

Gaztetxuagoa nintzanean, barriz, afizino bera aplikau neban bertsoetan. Arriagako azken finaleko bideoagaz atzera aurrera hasi eta hortik aurrerako txapelketetako ia-ia bertso guztiak buruz ikasi nituan -Hitzetik Hortzera programetako batzuk be bai-, ekina baragarria ei da-eta. Ume musulmanek Korana ikasten daben legez, holantxe ibilten nintzan neu be, errepetidu eta errepetidu -kantau eta guzti…-.

Geroago, 98ko Arriagako finala baino aurreragoko txapelketakaz hasi nintzan. Liburuak lortu, liburu-dendetan bideoak eskatu… Ordurako bideo-zintak arregletan be banekian, nire bideoak, sarriegi beharren ipinieran, inoiz iruntsi egiten zitualako.

Ez dakit bideo-emonaldi horrek guztiorrek zeozertarako balioko eusteen, baina bertso-saioetan kamarek enfoketan eben publikoa ezaguna egin jatan azkenerako. Jente guztiaren artean, lehenengotan, ilusino handia egiten eustan niretzako ezaguna zan bikote bat ikusteak. Andra-gizonak, Zeanurikoak biak... Halanda be, orduan ez nekian hain bertsozaleak ziranik. Zinta gehiago ikusi ahala, normalagoa egiten jatan eurak bertan agertzea.

Bene-benetako personea joan jaku.

Bertsozalea, mendigoizalea eta, batez be, herrizalea, bardin herri txiki, nahiz herri osoa izan. Besarkadarik handiena Sabinen andreari eta seme-alabei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu