BIOMICs Taldea euskal diasporearen DNA aztertzen dabil
2010-12-27 14:47 Euskaldunak munduanBIOMICs Taldeak UPV/EHUko Arabako campusean dauka egoitza, eta SGIKeren DNA Bankuaren ardura izateagaitik da ezaguna. Halanda be, zerbitzu hori emoteaz gan, euren bankua be aberasten dabe, baita erabili be, ikerketa-lerroen bitartez.
BIOMICs Taldeak UPV/EHUko Arabako campusean dauka egoitza, eta SGIKeren DNA Bankuaren ardura izateagaitik da ezaguna. Halanda be, zerbitzu hori emoteaz gan, euren bankua be aberasten dabe, baita erabili be, ikerketa-lerroen bitartez. Marian Martinez de Pancorbo doktorearen zuzendaritzapean, genetikearen hainbat arlotan adituak diran ikertzaile ugarik egiten dabe lan BIOMICsen, Euskal Autonomia Erkidegoko eta mundu osoko hainbat ospitale eta unibersidadegaz alkarlanean.
Jatorrira bueltau
Minbizia, alzheimerra, parkinsona, insomnioa, arkeogenetikea… Ikertzen dituen arloak askotarikoak dira baina, bitxia bada be, lerro tradizional bategaz dauka zerikusia azkenaldian gehien sendotu daben ikerketetako batek. Giza populazinoaren genetikea eta eboluzinoa dabe ikergai, eta horregaz, taldea bere oinarrietara bueltau da.
Gaur egun badagoz metodoak populazino jakin baten leinuari jarraitzeko, eta horixe bera egiteko amesa dabe euskal leinuagaz. Holan, Ozeano Atlantikoaren beste aldera begira jarri da taldea, euskal diasporara. 'Populazino euskalduna dago beste ingurugiro batzuetan biziten. Ingurugiroak zenbat eragiten dauen ikustea erabagi dogu, genetikea berbera dala kontuan izanda. Hori egitea ezinezkoa izaten da normalean', azaldu dau Marian M. de Pancorbok. Ganeratu dau ikerketeak ez dauela ezagutza hutserako bakarrik balio: 'Uste dogu ekarpen handia egin leikela populazinoaren nahasketek eta askotariko bizimoduek zelan eragingo daben jakiteko. Batez be, osasunaren ikuspuntutik'.
Argentina, Kalifornia, Nevada eta Idaho
Euskal etxeen sare zabalari esker, euskal jatorria daben ehunka lagunen txistu-laginak eskuratu ditu BIOMICs taldeak, Argentinan eta AEBn (Kalifornia, Nevada eta Idaho). Behin lagin horreek Gasteizko ikerketa-zentroan dagozala, datuak erregistrau eta laginetatik DNA ataraten dabe, gordeteko.
AEBetan, barriz, taldeak baditu lehen emoitzak honezkero. Marian M. de Pancorbok azaldu dauen legez, bi talde topau ditue. Lehenengoa, euren arbasoak Amerikara ailegau ziran eta alkarren artean batzen jarraitu eben horreena; eta bigarrena, nahastauta dagozanen taldea. Kasu horretan, nahasketa-portzentajearen kalkulua egin dabe: 'kalkuluak dino osagaiaren % 50 baino gehiago dala euskal jatorrikoa, eta gero beste leinu batzuk sartu dirala, batez be kaukasiar jatorrikoak, baita, neurri txiki batean, hispano jatorrikoak be. Ia ez dogu nahasketarik topau populazino baltzagaz'.
Baleontzien sasoiraino
Orain badakienez diasporako euskal herritarrek zenbateraino manteniduten daben ondare genetikoa, Marian M. de Pancorbok dinoan moduan, 'obesidadeagaz lotutako azterketak egiten hasi gara, eta zerikusia daben beste gaixotasun batzuk be ikertu gura doguz'. Ez hori bakarrik: espedizino bat antolatzen dagoz urtebete edo bi urte barru egiteko, ikerketa horretan gehiago sakontzeko. Zehatz esateko, Ipar Amerikako latitude altuagoetan ikertu gura dabe, baleontziak bertara ailegau ziran garaietan. 'Y kromosomeari esker euskal herritarren aztarnea jarraitu geinke, amerikar jatorriko populazinoaren Y kromosomea desbardina baita. Gure populazinoagaz loturea izan eben amerikar jatorriko herrien osasun-egoerea eta gaixotasunak ikertu gura doguz', azaldu dau BIOMICsen zuzendariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!