Arkaitz Estiballes: 'norberaren ideiak bertsotan defendidutea ez dot pentsetan delitua danik, oraindino'

Koldo Isusi Zuazo 2010-12-23 14:26   Barriketan
Bizkaiko bertsolari txapelduna

4200 lagunen aurrean, BECen Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi barri dau Arkaitz Estiballes 33 urteko galdakoztarrak. Hamabi bat urtegaz hasi zan bertsolaritzan Eguzkibegi ikastolan eta gaur egun hezkuntza arautuan bertsolaritza irakaslea da ikasketaz euskal filologoa dan gaztea. Bizkaiko txapelketan finalista izan da 2000. urtetik hona eta Txapelketa Nagusian hirugarrenez kantauko dau. Santutxuko bertso-eskolako kidea da.


1.- Finalaren aurreko prentsaurrean, danak nahikoa apal agertu arren, irabazteko amesagaz eta jarrereagaz joan zinan Barakaldora. Txapelak lasaitasuna, aparteko indarra ala zeozer gehiago emongo deutsu?

Prentsaurrekoa aitatu dozu eta nik uste dot hor nahikoa argi esan genduzala gauza batzuk. Etxahunek berak esan eban gustauko jakola gure belaunaldiko batek irabaztea; nik neuk be esan neban amesa neukala buruz burukoan sartzeko. Beraz, jarrera intentzino argia geunkan. Txapelketara indartsu joan nintzan nahiz eta finalera arte lar disfrutau ez. Saioa askotara ezin izan naz joan, gero niri tokau jatan finalaurrekoan osasun aldetik eta nahikoa eskas ibili nintzan eta ez neban gozau. Gero, barriz, finalean sartu eta txapela irabaztea sano pozgarria izan da eta aparteko indarra emon deustala esango neuke.


2.- Plazarik plaza bertsotan gustora zabilz baina finalean noiz gozau zenduan gehien? Buruz burukoan Etxahun lagunagaz estualdirik pasau zenduan?

Momentu hunkigarrienetako bat izan zan buruz burukora Etxahunegaz pasetan nintzala esan eustienean. Plazan asko gabilz biok, alkarregaz be sarri eta horrek konfidantzea emoten deutsu. Egia esan, momenturik larriena hortxe pasau neban, Tartalo eta lamia gaiagaz, ez geuntson biok urtenbide askorik ikusi, gero Etxahunek asmau eban. Baegozan puntu batzuk: urrezko orrazia, begibakarra eta abar baina gero atzean ez egoan istorio edo testuingururik.

Bakarkakoan be, desguazeko gaian be, bigarren bertsoan errima danak ez neukazan argi eta estualditxo bat pasau neban. Aukeratu genduzan doinua eta neurria be gatxak ziran eta esfortzua exijiduten eban. Baina estualdi hori ondo disimulau eta azkenean gustora geratu nintzan.


3.- Kartzelakoan ibili zinan gustora eta 'hotza etorritakoan jantzitako txaketan telefono zenbaki bat topau dozu' gaiari erantzunez, sormen handikoa zarela erakutsi zenduan filmetako istorioa emoten ebana osotuz baina presoak, polizia eta holako osogaiak erabili zenduzan. Finalaren amaieran be, aginte makila Ondarroako herrixari eskaini zeuntson. Ez dozu pentsetan gai politikoak eta jarrera ideologiko jakin bateko kontuak gehiegi jorratzen dozuezala, ez zuk bakarrik, bertsolari gehienek? Bertsolaritzea gheto bihurtzeko arriskurik ez dozu ikusten?

Nik uste dot bertsolari izateaz gan, herri honetan bizi garen persona be bagara eta bakotxak bere gustoak, alkarrizketa gaiak eta esperientzia edo bizipen personalak daukaz. Horreek gaiak egunero ahotan daukaguz eta ez dakit zergaitik ez doguzan erabiliko bertso saioetan; Andoni Egañari be entzunda daukotsat saioetan proposatutako gaiak edozein izanda be, danak Andoniren filtrotik pasetan dirala eta hori normala da. Telefono zenbakiaren gaira etorrita, bikain etorri jatan ze ez neban istoriorik asmau behar izan, datuak baneukazan, egia kontetea zan eta esfortuz gitxiago egin behar izan neban bertsoak osotzeko.

Izakerearen, norberaren gustoen eta bizitako esperientzien araberakoa da jarrera hori eta saioetara ez joateko motibo ez dot pentsetan izango danik gai politikoen erabilera hori. Urtetik urtera gero eta bertsozale gehiago dago eta nik uste dot jente askok bat egiten dauela gure bertsokereagaz. Danok ezagutzen gara herri honetan eta badakigu bakotxak zer pentsetan dauen, norberaren ideiak bertsotan defendidutea ez dot pentsetan delitua danik, oraindino. Jarrerak jarrera eta ideologiak ideologia, ganerakoakaz hartu-emonak normaltsunez garatzea da kontua; hartu-emon personalak dira herri hau eregiten dabenak eta, berbarako, finalaren amaieran ilusino handia egin eustan, nire herriko eta beste pentsakera batekoa dan zinegotzi bat hurreratzea eta haren zorionak entzutea. Horrezaz gan, finalerdietako amaierako agurra Sabin Intxaurragari eskaini neutsan normaltasun giroan.


4.- Luis Baraiazarrak botatako bertsoan '...esperantza haizea dator gugana...' bota eban tartean. Zer gogoeta eragiten deutsu horrek?

Luis persona argia izateaz gan, persona ona, euskaltzalea eta Euskal Herri zalea da eta nik uste dot esaldi horregaz bi mezu bota zituala; batetik, bertsolari gazteak badatozela eta, bestetik, gure herriaren egoereari egindako keinua atzemoten dot. Luisi itaundu beharko geunskio baina nik esango neuke bolada itxaropentsua, garai barria ikusten dauela berak be eta horregaitik poza adierazo gura izan ebala.


5.- Aurtengo txapelketan, parte-hartzaile zein saioetara hurerratutako bertsozaleen gaztetasuna nabarmendu da, Peio Ormazabal 18 urtegaz sartu da finalean, zure ikasle izandakoa baina txapela beteranoenetako batek eroan dau. Belaunaldi aldaketarako goizegi zan? Txapela 'gazte' batek eroan izan baleu, ze ondorio izan eikean horrek?

Goizegi ez zan, argi ikusi da bertsotan oso ondo egiten daben bertsolariak badagozala egon. Peio, Miren eta Jone be hor egozan, finalean egoteko merituak eginda. Arriskua baegoan, beraz, Igor eta Unairen ostean, tartean egon garen bertsolari asko apur bat erreferentzia barik geratzeko eta alde horretatik pozik nago neure belaunaldiko batek jantzi dauelako txapela.

Txapela gazteren batek eroan izan baleu, Bizkaiko bertsolaritzea gaztetu egingo zan baina txapelagaz zein txapel barik be nahikoa gaztetuta dago, bertsolari gazte gehienek plazatan be badabilz, espero dot hemendik aurrera gehiago ibiltea eta, beraz, aparteko ondoriorik ez litzateke izango, lehen aitatu dogun belaunaldi eten hori ez bada.


6.- Epaileen lanaren harian, eztabaida beroa sortu da Bizkaie! agerkarian, besteak beste, bertsoaren kalidadea neurtzeko erispideen zein epaileen profesionaltasunaren harian. Epaileen lana zelan baloretan dozu?

Polemika hori ez dot hurretik jarraitu, zeozer entzun dot eta epaileen lana be ez dakit zein dan. Oro har, txapelketa hau antolatzen daben danek, epaile, gai-jartzaile zein antolakuntzako kideek bertsolariok geuk baino ahalegin handiagoa egiten dabe. Nik badakit, guk ze entrenamentu egiten dogun, noiz hasten garen horretan eta badakit antolatzaile, epaile eta ganerakoak urtarrilean hasita dagozala hau guztia preparetan. Orduan, akatsak egin leikiez, jakina, danok egin geinkezan moduan baina akats onargarriak izaten dira eta alperrak diranik edo beharrik egiten ez dabela ezin jake arpegira bota. Pentsetan dot ahalik eta ondoen egiten saiatuko dirala baina danen gustoa betetea ez da bape erraza.


7.- Finaletik kanpo geratu diranen artean, bateren bat azpimarratzekotan, zein? Zergaitik?

Hurrekotasunagaitik, bai Etxahunek eta bai neuk pena hartu genduan Fredi finaletik kanpo geratu zalako. Fredik bertsokera berezia dauka eta normalean bere saioak freskoak izaten dira. Beteranoakaz jarraituz, Iratxe Ibarra be kanpoan geratu da eta bertsolari handia da, euskera ederra darabil, bertsokera zuzena dauka. Bi horreek nabarmenduko neukez baina argi dago finalean horreek sartu izan balira beste bi egongo litzatekezala kanpoan. Duda barik, heldu diranak merezimendu osoz heldu dira eta alperrekoa da holako saltsatan sartzea.


8.- Finalaren osteko zaparradea pasauta, bertso saioakaz hasita zagoz honezkero. Zenbat alkarrizketa emon dozuz? Finala irabazi osteko lehenengo saioan, zer sentidu dozu, presiono gehiago, urduritasuna...

Alkarrizketak 10 bat edo izango ziran. Finalaren osteko astelehena zoramena izan zan, goizkeo 09:00etan hasi eta gaueko 21:00etan amaitu neban. Onda Vasca, Berria, Deia, Hitzetik Hortzera, Hamaika Telebista, Correo TV, Bizkaie!, Bizkaia Irratia, Euskadi Irratia...

Saioen harian, finalaren osteko lehenengoa Santo TomasetaKo ohiko libreko saioa izan zan eta hor Eneko Abarkas, Atxuloa eta hirurok alkartu ginan; ez da izaten plaza erraza baina gustora eta eroso sentidu nintzan. Baina esperientziagaitik badakit, normalean txapelketa baten ostean, norberaren bertso mailak gora egiten dauela apur bat baino ez bada be; Etxahunek eta komentau izan dogu ahalegin baten ondorioz mejorau egiten dozu bertsotan baina egia da hurrengo hileetan tensinoaren ostean lasaitu egiten zarela. Santo Tomasetako saioaren ostean, Arrigorriagako eskola batean be kantau dot eta Gabon egunean be urteroko hitzordua izango dogu Larrabetzuko Gaztetxean. Hortik aurrera, atsedenaldi txikai hartuko dot familiagaz eta egoteko eta disfrutetako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu