Artisautza Azokea zabalik izango da Bilbon urtarrilaren 6ra arte
2010-12-22 16:58 KultureaSortzen Bizkaiko artisau sortzaileen alkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz antolatutako Artisautza Azokea zabaldu dabe gaur Bilboko Arenalean eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik, Arriaga Antzokiaren ondoan. Hainbat jatorri eta sektoretako 45 tailer izango dira azokan.
Sortzen Bizkaiko artisau sortzaileen alkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz antolatutako Artisautza Azokea zabaldu dabe gaur Bilboko Arenalean eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik, Arriaga Antzokiaren ondoan. Hainbat jatorri eta sektoretako 45 tailer izango dira azokan. Aurreko edizinoetan legez, azokea 900 metro koadroko karpa klimatizatu handi batean egingo da.
Antolatzaileek adierazo dabenez, 45 parte-hartzaileetatik 20 bizkaitarrak dira, eta danen helburua da 'artistok sortutako pieza original, parebakoak eta esklusiboak erakustea'. Parte-hartzaile guztiak kontu handiz aukeratu ditu Sortzen alkarteak, kalidadea eta barritasunak bermatu nahi dituan prozesu zorrotza erabiliz.
Beste gauza batzuen artean, zurezko eta larruzko objektuak salduko dira azokan, bai eta bitxiak, jantziak, beirazko lanak, jostailuak, zeta gaineko margolanak, zeramikea eta umeentzako dekorazinoa be.
Salmentez gan, azokeak iraungo dituan 21 egunetarako beste hainbat jarduera be antolatu dira. Berbarako, abenduaren 26, 27 eta 28an, forjaketako erakustaldia egingo du Luis Albiacek, eta horretarako, sutegi txiki bat eta XIX. mendeko hauspo zaharbarritu bat erabiliko ditu.
Era berean, zura zelan landu erakutsiko dau Iñaki Unanuek abenduaren 28, 29, 30 eta 31n. Jabier Guraya eta Luis Artola luthier bizkaitarrek, barriz, bibolinaren eta gitarrearen elementuak azalduko ditue urtarrilaren 2, 3 eta 4an.
Gainera, lehiaketak be egongo dira: batetik, pieza arraroa izenekoa, artelanik originalena saritzeko; bestetik, erakustoki onena sarituko da, tailer guztiek euren lanak ezagutarazoteko egiten daben ahalegina autortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!