Anaitasuna aldizkaria digitalizau dau Euskaltzaindiak
2010-12-21 14:57 Euskerea berbagaiAnaitasuna aldizkariaren ibilbide osoa -420 zenbaki eta 6.395 artikulu- sistematizau eta digitalizau ditu Euskaltzaindiak, eta, gaurtik aurrera, sarean kontsulta daitekez, bai Akademiaren webgunean (http://www.euskaltzaindia.net/anaitasuna helbidean) baita Bilboko Udalaren webgunean be (http://www.bilbao.net helbidean).
Anaitasuna aldizkariaren ibilbide osoa -420 zenbaki eta 6.395 artikulu- sistematizau eta digitalizau ditu Euskaltzaindiak, eta, gaurtik aurrera, sarean kontsulta daitekez, bai Akademiaren webgunean (http://www.euskaltzaindia.net/anaitasuna helbidean) baita Bilboko Udalaren webgunean be (http://www.bilbao.net helbidean). Izan be, lan hau Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker gauzatu da. Egitasmoa Joan Mari Torrealdaik zuzentzen dauen Jakin aldizkariaren taldeak egin dau.
Joan Mari Torrealdaik berak azaldu dau egindako lanaren nondik norakoa, gaur, Bilboko Udaletxean eginiko agerraldian. Ekitaldi berean, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeon arteko lan-hitzarmena sinatu dabe. Hitzarmen horretan, Bilbon euskerearen erabilerea sustatzeko borondatea agertzeaz gan, Anaitasuna aldizkariaren inguruan egindako lana be jaso da.
Udalak eta Euskaltzaindiak 2008an sinatu eben bien arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena. Gaur sinatu danaren ildo nagusiak ondokoak dira:
• Herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko udal zerbitzuetatik eskatzen jakon hizkuntza aholkularitzea emongo dau Euskaltzaindiak.
• Euskaltzaindiak instituzino eta erakundeakaz alkarlanean, kultur zabalpenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta euskerearen aldeko bestelako ekimenak bultzatuko ditu.
Bestalde, esan bezala, hitzarmen honetan Anaitasuna aldizkariaren trataera informatikorako lana be jaso da. Izan be, 2008an sinatu zan lehen hitzarmena haretan, besteren artean, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hauxe adostu eben: 'Bilbori jagokonez, agortuta dagozan euskal lan esanguratsuen berrargitalpena zein alkar-langintza honetatik sortzen diran beste lanen argitalpena be sustatuko ditu Euskaltzaindiak. Ahal danean, argitalpen horreek euskarri informatikoan eskainiko dira Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren webguneetan'.
Horixe da, beraz, Anaitasuna aldizkariaren kasuan bete den lana.
Anaitasuna aldizkaria 30 urtetan zehar argitaratu zan: 1953ko bagiletik 1982ko apirilera. Esan bezela, gaur publikoaren eskura jarri dan Anaitasuna-ri eskainiko atalean, aldizkariak urte horreetan zehar argitaratutako 420 zenbakiak dagoz ikusgai: 1.200 lankide inguruk idatzitako 6.395 artikulu, hain zuzen be. Zenbaki horreetako edukiak lau modu desbardinetan sailkatuta dagoz: egile, gai, artikulu eta urteen arabera.
Artikulu bakotxari fitxa bat jagoko. Fitxen egitura beti bera da: egilea, izenburua, saila, zenbakia, data eta orrialdea.
Aldizkariaren 420 zenbakiak PDF eta WORD formatuko dokumentuetan ordenatuta daude, urtez urte eta zenbakiz zenbaki multzokatuta. Zenbaki bakoitzari PDF eta WORD dokumentu bana dagokie.
Gainera, Anaitasuna aldizkariari eskaini jakon webgunean, Joan Mari Torrealdaik aldizkariaren historiari eta edukiei buruz egindako azterlana be badago. Holan bada, bertan azaltzen dira sortzearen nondik norakoak -Imanol Berriatuak sortu eban Anaitasuna, eta hasieran lau orrialdeko eleiz orritxoa zan, bizkaieraz idatzia-, aldizkariak bere historian izan zituen aroak, euskara batuaren aldeko egin zuen hautua, ildo ideologikoa, formatuen aldaketak, arazo ekonomiko eta bestelakoak...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!