Frank Gehry, Pedro Miguel Etxenike, Iberdrola, Gureak Taldea, Virginia Berasategi eta Helena Taberna dira 2010eko Sabino Arana Saria jasoko dabenak

Bizkaie! 2010-12-20 14:52

Sabino Arana Fundazinoaren sariek XXII. aldia dabe aurtengo hau; urtero emoten dira, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenaren zuzura. Sari horreen bidez, Fundazinoak bere esker ona eta goresmena agertzen deutsee, gizartearen aldeko eskaintzeagaitik eta ha zerbiduteko joranagaitik nabarmendutako persona, erakunde nahiz gizataldeei.

Frank Gehry arkitektoak, Pedro Miguel Etxenike zientzialariak, Iberdrola energia-konpainiak, Gureak Taldeak, Virginia Berasategi triatletak eta Helena Taberna zinema-zuzendariak jasoko dabe 2010eko Sabino Arana Saria. Sariak emoteko ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian ospatuko da, datorren urtarrilaren 30ean, 12:00etan.

Sabino Arana Fundazinoaren sariek XXII. aldia dabe aurtengo hau; urtero emoten dira, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenaren zuzura. Sari horreen bidez, Fundazinoak bere esker ona eta goresmena agertzen deutsee, gizartearen aldeko eskaintzeagaitik eta ha zerbiduteko joranagaitik nabarmendutako persona, erakunde nahiz gizataldeei.

Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluaga aipatu erakundeko zuzendariak jakinarazi ditue sarituak prentsaurrean. Adierazo legez, XXII. aldi honetan Sabino Arana Fundazinoak 'Frank Gehry, Guggenheim Museoaren, Euskadiren ikur, oro har, eta, bereziki, Bilboren erakusgarri bihurtu dan eraikinaren egilea' goretsi nahi dau. 1997tik, Bilboko museoa inaugurau zan urtetik, kanadar arkitekto ospetsu horrek nazinoartean gure herrialdearen irudi barri bat zabaltzen lagundu dau. Aldi berean, haren lanak, Guggenheim Museoak, kultur alkartrukea sustatzen eta gure artea munduan ezagutarazoten be lagundu dau.

Gaur egun, eta Amerikan, Europan eta Asian eraikinak eregiten lau hamarkadatik gora emon ondoren, Frank Gerhy mundu osoko arkitektorik ezagunenetako bat da bere originaltasun apartarengaitik.

Era berean, Sabino Arana Fundazinoak 'inoiz Euskal Herriak emondako zientzialaririk ospetsuenetako bat dan Pedro Miguel Etxenikeren ikerkuntza- eta dibulgazino-lan kementsu eta itzela sarituko dau'.

Sarien aurkezleek azpimarratu daben legez, 'Etxenike irakaslea, euren bizitza gizartea zerbiduteari eskaini deutseen persona horreetako bat da; jakintzaren eta zientzia-ezagutzaren bitartez berak beti bilatu izan ditu gizarte horren ongizatea eta aurrerapena; are gehiago, hori guztia arteagaz, filosofiagaz eta gizarte-ikaskuntzeagaz bateratzen be saiatu da'. Horrezaz gan, 'euskal hezkuntza-sistemea abian ipinten eta euskerearen erabilerea arauzkotzeko Legea ataraten harek egindako ekarpenak' gogoan hartu ditue.

Sabino Arana Fundazinoak bere esker ona erakutsi nahi izan deutson beste persona bat Virginia Berasategi da: 'Distantzia luzean munduko triatletarik onenetako bat. Esan behar baita, kirol konbinatuaren profesional horrek lorpen garrantzitsuak lortu dituala bere kirol ibilbidean eta munduko zirkuituan oso goian itxi izan dauela beti Euskadiren izena'. Orobat, azpimarratu nahi ditue Berasategiren sakrifizio-gaitasuna eta hobetzeko jorana; hain zuzen be, bera hobeto definiduten daben ezaugarrietako bi horrexek ahalbidetu deutsie bere diziplinaren gailurrera heltzea, espezialista aparta bilakatu dalarik.

Eta azkenik, Helena Taberna zinema-zuzendaria be sarituko dabe. 'Lau film luze ditu bere arte-ondarean, zenbait film laburrez gan, eta zuzendari honen ibilbidearen ezaugarri garrantzitsu bi be azpimarra daitekez: bata, bere egitasmoak aukeratzerakoan dauen koherentzia, eta bestea, zinematografiarako dauen oso estilo personala'. Eta ondokoa erantsi dabe: 'Tabernak beti ixten ditu argi, zinea ulertzeko dauen modua eta interesetan jakozan gaiak: emakumea eta haren gizarte-eginkizuna, migrazinoak, terrorismoa eta memoria historikoa'.

Sabino Arana Fundazinoak, sari honegaz, 'gaiak jorratzeko modu sentibera eta oraindino gizonak nagusi diran lanbide batean tarte bat egiteko erakusten dauen adorea' goraipatu nahi ditu.

Datorren urtarrilaren 30ean, Saria jasoko daben erakundeetako bat Iberdrola energia-konpainia da; '100 urtetik gorako ibilbidea dauelarik, Iberdrola Euskadiren, bere sorterriaren, garapen ekonomikoagazko eta ongizateagazko konpromisoaren eredu bikain bat baita. Sari horren bidez, Sabino Arana Fundazinoak, konpainiak Bilboren eta Euskal Herriaren alde egindako apustu sendoa eta, mundu osoan zehar harrotasunez transmitiduten dauen sustrai horreakazko konpromisoa saritzen ditu'.

Fundazinoko arduradunek nabarmendu dabe, bestalde, 'Bilbon Iberdrola Torrea, etorkizuneko erreferentziazko negozio-gunea eta Bilboren beraren uri-ezaugarri barria izango dana, eregiteak indartu egiten dauela argindar-konpainiaren euskal jatorriagazko jaidurea'.

Sabino Arana Fundazinoak agertu nahi izan dauen beste goresmen bat 'Gureak Enpresa Taldearen gizarte-lan bikainarenarentzat da, zehatz esateko, laneratzearen bitartez Taldeak ahalmen urriko personak erabat gizartera daitezen egindako lanarentzat'. Fundazinoarentzat 'Gureak Taldeak merkatuan sartzen eta lehiatzen jakin izan daben enpresak sortzea eta horreekaz sare bat bilbatzea lortu dau, horretarako, balioa emonez personeari eta haren gaitasunak sustatuz, beraren autonomia, beregaintasuna eta gizarteratzea errazteaz batera'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu