Jabi Onaindia: 'Entzuleak erakarteko bidea gure lana mimo handiz egin eta kalidadezko produktu eta emisinoak eskaintzea da'
2010-12-20 10:33 BarriketanBizkaia Irratiko zuzendaria
Bizkaia Irratiaren 20. urteurrenaren harian, oraintsu zuzendari kargua hartu dauen Jabi Onaindiagaz izan gara eta, hona hemen, kontau deuskuzanak:
1.- Bizkaia Irratiaren 20. urteurrenean hartu dozu zuzendaritzea orain pare bat hilebete. Zer moduz?
Ondo. Erantzukizun handia da eta hasierako bildur, duda eta holako sentimenduak geldiro-geldiro badoaz desagertzen, ganera 20 urte horreetako gehienak, 18 edo hemen egin dodaz eta esperientzia hori be oso lagungarria da. Hori bai, sano lanpetuta nabil, zeregina badago baina gogotsu eta ilusinoagaz hartu dot kargua data biribilean, irratiaren 20. urteurrenean, hain zuzen be eta pozarren egoteko arrazoiak badagoz.
2.- Juan Mari Iraolagoitia lehenengo urteetan, Dorleta Alberdi gero eta orain zeu zaitugu gidari. Bakotxak bere estiloa eta nortasuna eransten deutsoz karguari baina azaldu eiguzu zein izango dan zure ekarpena?
Di-da esatea nire ekarpena zein izango dan ez da erraza. Hogei urteko ibilbidea tarteko dala, marka ezagunak dira gureak; batetik, Eleizbarrutiaren irratia da eta, esangura horretan, kristinau baloreak zabaltzen ahalegintzen gara; bestetik, bizkaieraz Bizkai osorako emitiduten dauen irratia gara eta egun online be entzun daiteke gure emisinoa mundu zabalean. Beraz, bidea jarraitzea izango da nire lana baina ahaztu barik, 20 urte ez dirala alperrik pasau, egun bizi dogun egoerea ez dago orain hogei urtekoagaz bardintzerik eta, gauzak holan dirala, barriztea, egokitzea be tokauko jaku teknologia barrien zein Internet arloetan, sare sozialetan, Facebook, Twitter eta bestelakoetan be muturra sartu dogu honezkero eta, jakina, betiko entzuleei eutsi eta jente barria, jente gaztea erakarteko estrategiak be zehaztuko doguz.
3.- Hogei urteotako ibilbidearen zati handia egin dozu esatari moduan luzaroan eta orain irratiaren zuzendari lanetan. Zelan eboluzionau dau mendebaldeko euskalkia darabilen irratiak? Zeintzuk izan dira mugarriak?
Hasieratik, Herri Irratian emondako lehenengo pausuetatik mendebaldeko euskalkia darabil Bizkaia Irratiak eta esango neuke bizkaierearen normalizazino prozesuan zeozelan gure ekarpentxua egin dogula. Lehenago jentea lotsatu egiten zan, alkarrizketa eskabidea egin inori eta etxeko euskerea baino ez ekiela, hori ez zala euskera ona eta antzekoak sarri entzun doguzan atxakiak izan dira. Jarrera, lotsa eta konpleju horreek desagertarazoten lagundu dogula uste dot.
Irratiagaz batera, euskereak, euskerearen irakaskuntzeak be aurrera egin dau eta orain urte batzuk gai zehatz batzuen ganean alkarrizketatuak topetea sano gatxa bazan, egun ia edozertaz egin daiteke berba eta persona egokiak topetea be errazagoa da.
Horrezaz gan, teknologiak be zeresan handia izan dau ze orain 20 urte ez egoan Internetik, ez egoan posta elektronikorik, grabazinoak zintatan egiten ziran eta lan egitea nekeza zan egungo tresna eta bakiabideakaz konparauta. Gaur egun, dokumentazino, informazino eta komunikazino beharrak errazago eta erosoago egiten doguz eta horrek eragina dauka saioen kalidadean.
4.- Irratian beteranoak eta gazteak ibili dira beti. Buztarketa horrek laguntzen ete deutso irratiaren arrakasteari?
Nik uste dot baietz, buztarketa hori sano mesedegarria dala. Beti-betikoak, hasieratik dagozanak eta gazteak buztartzea gauza ona da, onuragarria. Pentsaizu gure entzule asko hasiera-hasieratik geugaz dagoz eta eurentzat irratiko beteranoak erreferente argia dira; gero, kontuan hartu gure betiko entzule horreetako batzuen seme-alabak geroago engantxau dirala gurera. Esangura horretan, gazteen eginkizuna irratian garrantzitsua da, freskotasuna, ideia barriak tarteko dirala, ikuspegi eta jarrera aldetik beste alor batzuk jorratuz entzule gehiago erakarri geinkezalako.
5.- Bizkaieraz egitea da Bizkaia Irratiaren ezaugarri nagusienetakoa baina ez bakarra. Zer gehiago nabarmenduko zeunke?
Bizkaieraz egitea gure ezaugarria da, jakina eta, akaso, bereizgarrienetakoa. Edozelan be, beste batzuk be nabarmenduko neuskizuz, berbarako, kristinau-baloreak zabaltzea eta entzuleakaz daukagun hurreko tratua, etxeko tratua, irrati txikia izan arren baina familia handi bat gara, entzule asko ezagutzen doguz, ezagutzen gaitue, tratua zuzena da askotan eta, ganera, urtero entzuleakaz egiten dogun bazkaria be aitatu behar deutsut, entzuleek eurek proposatutako hitzordua, hain zuzen.
6.- Bizkaia Irratiak Lauaxeta Saria, orain urte bi, Rikardo Arregi Saria, Bikain Euskerearen Kalidadearen Urrezko Ziurtagiria eta oraintsu, Euskerearen nazinoarteko Egunean, Bilboko Udalaren aurtortza jaso ditu. Zer suponiduten dabe sariok?
Sari danak hartzen dira ondo, lana jente askok ondo egin dauela esan gura dau, egindako lana aintzat hartzea suponiduten dabe eta zeozelan bide on edo zuzenetik goazela erakusten deuskue. Suspergarri eta pizgarri dira eta ilusino handiagaz, jarraitzeko gogoa emoten deuskue sariok. Edozelan be, irratiak berez-berez egiten dauen lana da aintzat hartzen dana ze euskerearen alde egitea, euskal kulturea zabaltzea gure zereginak dira, gustora egiten doguzanak. Kontua da ze, Bilboko Udalak 20 urteotan irratian ibilitako jente guztiaren lana aintzat hartu dauela, ez bakarrik beharginena, baita sustatzaile, laguntzaile eta beti irratiaren alboan egon diranena.
7.- Egun , konpleju barik egiten doguz bizkaieraz, Interneten be bagagoz... Mendebaldeko euskalkia orain urte batzuk baino indartsuago ete dago?
Bai. Duda barik. Indartsuago dago eta ganera zeozelako errekonozimendua dauka orain urte batzuk etxeko euskeratzat, euskera txartzat euken batzuen partetik. Aldaketa hori askok egindako lanari esker izan da ze hor dagoz Bizkaie!, Labayru, Mendebalde eta beste alkarte eta erakunde batzuk mendebaldeko euskalkia lantzen, ikertzen, zabaltzen eta babesa eta laguntzinoa emoten.
8. Zer egin daiteke entzule barriak, batez be, gazteak erakarteko?
Neuk baneki! Ez da erraza ez. Entzule gazteak eta, oro har, entzule barriak erakartea hedabide gehienen ardurea da. Irratien alorrean, irratien eskaintzeari erreparauta, lokalak, musikalak eta ezaugarri guztietakoak dagoz, irrati-sarea nabarmen zabaldu da eta horrek entzuleen sakabanaketea dakar nahitaez. Gazteak, ganera, Interneten, sare sozialetan eta dagoz endredauta eta sare horreetatik ataratea ez da erraza. Hortik inor atarateko amesik barik, Bizkaia Irratia sare sozialetara hurreratu da eta hor be bidea egiten gagoz.
Argi dagoana da, entzuleak erakarteko botikarik onena lana mimo handiz egin eta kalidadezko produktu eta emisinoak eskaintzea dala. Eta gero, norberaren lana ezagutarazoteko be aparteko ahalegina egin behar da, zelan ez.
Amaitzeko, beste gauzatxu bat be azpimarratuko neuke, izan be, orain urte batzuk euskerazko produktuak jarraitzeko egarri edo gose handiagoa egoan, militantzia handiagoa egoan gaur egun baino eta horrek be eragina dauka gurea lako medioetan.
9.- Zeintzuk dira Bizkaia Irratiaren bihar-etzirako erronkak?
Bai, gauza asko esan doguz. Akaso, erronka nagusia lehengoari, betiko entzuleei eutsiz barriak erakartea izango litzateke, beti be, kalidadezko produktuak eskainiz. Gure entzuleak benetako altxorra dira, fidelak, hasiera-hasieratik geugaz dagozanak eta, beraz, mimo handiz zaindu behar doguz. Baina entzule barriak be behar doguz eta, esangura horretan, edade tarte jakin bateko jentearentzako programak asmau behar doguz.
Lehen be esan deutsut baina barriro azpimarratuko dot kalidadearen aldeko apustua Bizkaia Irratiaren oinarrietako bat dala baina bide horretan segidu behar dogu.
Beste alde batetik, sare sozialetan eta Interneten be gure lekua hartzen jarraitu behar dogu gazteak hor dabilzalako.
Azken buruan, indarrak metatzearen alde be gingo dogu, beste komunikabide, euskerearen aldeko alkarte eta antzekoakaz lankidetzea eta alkarlana garatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!