UEMAk, Kutxak eta Euskadiko Kutxak hitzarmena sinatuko dabe finantza-arloan euskerearen erabilerea sustatzeko
2010-12-17 14:34 Euskerea berbagaiEkitaldia Debako udaletxean egingo da, eguerdiko 12:00etan, eta UEMAko partaideak diran udalen izenean, bertako alkateek, Kutxaren izenean, Marta Madinabetiak eta Euskadiko Kutxaren izenean, Josu Arraizak parte hartuko dabe.
Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak (UEMA), Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Euskadiko Kutxak hitzarmen bat sinatuko dabe bihar, abenduak 18, Deban, finantza arloan euskerearen erabilera sustatzeko helburuagaz.
Ekitaldia Debako udaletxean egingo da, eguerdiko 12:00etan, eta UEMAko partaideak diran udalen izenean, bertako alkateek, Kutxaren izenean, Marta Madinabetiak eta Euskadiko Kutxaren izenean, Josu Arraizak parte hartuko dabe.
UEMAn parte hartzen daben udalek euskerea lan eta zerbitzu hizkuntza izan daiten etenbako ahaleginak egiten dabiz, herritarrei zerbitzu integrala euskeraz eskaintzeko. Horrezaz ganera, herritarrek beste erakunde eta enpresetatik jasoten dituen komunikazinoak be euskeraz izan daitezan lanean dabil UEMA. Horretarako, Euskal Herriko 55 enpresa, erakunde eta beste administrazinogaz hartu-emonetan dabil azken bi urteotan, herritarrei eskaintzen deutsiezan ahozko eta idatzizko komunikazinoetan euskerea lehentasunez erabili dagien.
Lotura horreen ondorioz, zenbait aurrerapausu emon ditue eta, finantza-sektorean, euskerea normalizetako planak dituen Kutxak eta Euskadiko Kutxak bat egin dabe UEMAko udalerrietako herritarrei euskeraz modu integral batez zerbitzua emoteko helburuagaz.
Hitzarmenaren bidez, UEMAko udalerrietan finantza-erakunde bi horreek eskaintzen dituen komunikazino guztiak euskeraz egin daitezan konpromiso zehatzak jarri dira eta bost urtetan osorik betetea aurreikusten da.
Ganera, euskerea hizkuntza ofiziala izanik eta hartu-emon sozioekonomikoetan euskeraz jarduteko eskubidea be autortuta dagoanez, hitzarmena lagungarria izango da legeak agindutakoa hobeto beteteko.
Kutxa biek hartuko dituen konpromiso nagusiak honako honeek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar dan moduan preparauta egotea komunikazinoak euskeraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehen berbea euskeraz egitea; produktuak kontratetan diranean eskaintzea euskeraz egitea; txartelak euskeraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskerea erabilteko sustapena era desbardinez egitea; publizidadea euskeraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskeraz egotea.
UEMAko udalek herritarrei hitzarmen honen barri zabaltzeko eta kutxa horeekaz dituan komunikazinoetan euskerea idatziz eta ahoz erabilteko konpromisoa hartu dabe.
Bost urteko iraupena dauen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaerea zelan doan ikusteko, hizkuntza-neurketa zehatza egingo da udaletan.
Batzar nagusia
Hitzarmena sinatu aurretik, UEMAk bere urteroko Batzar Nagusia egingo dau, goizeko 10:30ean hasita. Batzarra Deban egiteko arrazoi nagusia da Debako Udalak UEMAn sartzeko eskaerea egin dauela. Udalak aho batez onartu dau eskaerea eta.
Batzar Nagusian, besteak beste, honako gai honeek jorratuko ditue: 2011rako aurrekontua eta egitasmoa; umeak euskeraz erregistretearen aldeko mozinoa; UEMAren hausnarketaren balorazinoa eta aurrera begirako pausuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!