'Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari' leloa dakarren Korrika 17 aurkeztu dabe Bilbon
2010-12-16 14:52 Euskerea berbagaiMaitatu, ikasi, ari... Euskalakari lemapean, 2011ko apirilaren 7tik 17ra, Trebiñutik Donostiarako bidea egingo dauen 17. Korrikak herritar bakotxaren protagonismoa, jarrera aktiboa aldarrikatu nahi dau.
Bi urterik behin euskerearen aldarria eginaz, Euskal Herria zeharkatzen dauen ekimenaren, 17. Korrikaren aurkezpena egin dabe gaur Bilbon AEK-ko Artezkaritza kontseiluko kideek, Mertxe Mujika AEK-ren koordinatzaile nagusiak, eta Edurne Brouard Korrikako arduradun nagusiak.
Prentsaurrekoaren hasieran, Mertxe Mujikak gogorarazo dau Korrika 16an terrorismoa goratzeagaitik inputautako AEK-ko zortzi kideen auziaren harian, Korrikak euskerearen apologia baino ez dauela egin beti eta eraso horren aurrean erantzun onena 17. Korrika aurkeztea dala.
Ganerakoan, Edurne Brouardek emon ditu 2011ko apirilaren 7tik 17ra, Trebiñutik Donostiarako bidea egingo dauen 17. Korrikaren ganeko jakingarriak. Mujika and.ak aitatutakoaren haritik, 'Korrikagaz harro gagoz' adierazo eta aurten, Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari lelopean egingo dan ekimenaren mezuaren ganeko kontuak zehaztu ditu. Edurne Brouard-ek jakinarazo dauenez, 'euskalakaria euskerea maite dauena da, euskeraz bizi dana, euskeraz sentiduten dauena, euskeraz sortzen dauena... Gu danok gara euskalakari. Euskaltzale kontzeptutik harago doa euskalakari, izan be, jarrera aktiboa eskatzen dau, euskerea maitatu, ikasi eta erabili'. Hori guztia kontuan hartuta, herritar bakotxaren protagonismoa aldarrikatu nahi dau Korrika 17k.
Beste alde batetik, Euskaltzaindia izango da aurtengo omendua. '1919an, euskerearen akademia sortu zanetik, euskerea babestea izan dau helburu, egun alor guztietan erabilteko gai dan euskera batua, hain zuzen be baina euskalkiak ahaztu barik, izan be, euskalkien ondarea jasoten eta goratzen be jakin izan dau Euskaltzaindiak. Beraz, herri mobimentutik, kasu honetan, AEK-k Euskaltzaindiak urteotan egindako lana autortu eta omenduko dau', Brouard and.ak adierazo dauenez.
Horrezaz gan, Edurne Brouard Korrikako arduradun nagusiak Korrika 17 barrikuntzez ganezka datorrela esan dau. Korrika.org webgunea barritu eta osotzeaz gan, Korrika sare sozialetan be jarraitu ahal izango dala gogoratu dau.
Azken buruan, euskalaklip bideo lehiaketearen barri emon dau. Korrika 17ren harian, ikus-entzunezkoen sorkuntzeari leku egitea da asmoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!