GetxOnegin II. Pintxo Lehiaketea egingo da asteburuan

Bizkaie! 2010-12-16 11:51   Euskerea berbagai

Getxoko 33 ostalaritza-establezimentuk parte hartuko dabe asteburu honetan, abenduak 18 eta 19, Getxoko Udalak ostalaritzan euskerea sustatzeko antolatutako GetxOnegin II. Pintxo Lehiaketan, Euskal Kulturaren XII. Jardunaldien barruan.

Getxoko 33 ostalaritza-establezimentuk parte hartuko dabe asteburu honetan, abenduak 18 eta 19, Getxoko Udalak ostalaritzan euskerea sustatzeko antolatutako GetxOnegin II. Pintxo Lehiaketan, Euskal Kulturaren XII. Jardunaldien barruan.

'Euskarazko hitz gozoak esan pintxoari' izeneko lehiaketearen helburua tabernetan eta jatetxeetan jaube eta bezeroen artean euskerearen erabilerea bultzatzea da, 'beraiek hori kalidade gehigarria dala ulertzeko', Koldo Iturbe Euskera Zerbitzuko zinegotziak adierazo dauenez.

'Erabilerea errazteko laguntzinoa eskaintzen deutsegu, urtean zehar aurrera eroaten doguzan ekimenen bitartez eta baita zerbitzu batzuen bidez be, berbarako hizkuntza-aholkularitzea eta itzulpengintzea', ganeratu dau. Pintxoak goizez probau ahal izango dira eta horregaz batera hainbat jarduera osogarri be izango dira asteburuan.

Pintxo Lehiaketan Algorta-Andra Mariko 22 establezimentuk eta Romo-Areetako 11k hartuko dabe parte. Bakotxak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango dau eta euro batean saldu. Hiru sari banatuko dira, bat publikoak emondakoa, beste bat epaimahairena eta hirugarrena hizkuntza-paisaia, hau da, tabernan edo jatetxean hizkuntzearen erabilerea eta presentzia txukun eta ondo zaindu dauenarentzat.

Lehiaketako pintxoren bat eskatu ondoren, tabernariek txarteltxo bat emongo deutse bezeroei, batetik, pintxoari euskeraz piropo bat idazteko eta, bestetik, pintxoari 1etik 10erako puntuazinoa emoteko. Botoa emoten daben bezeroen artean Eusko Labeldun produktuen otzara bat eta bi lagunentzako afaria Basalbo jatetxean zozkatuko ditue. Pintxoa egitean ostalariek Eusko Labeldun produkturen bat erabilten badabe, horreen artean be otzara bat zozkatuko da.

Getxoko Udalak parte-hartzaileen kokapenaren barri emoten dauen mapearen 35.000 ale bialdu ditu getxoztarren etxeetara. Horrezaz ganera, material ugari atara dau, tartean 40.000 diptiko-serbilleta (etxeetara bidaltzeko eta tabernetan ixteko), tabernatan eskegiteko 1.500 banderola, 100 bat kamiseta, kartelak, 300 amantal, pintxoetan ipintzeko 10.000 zotz, 5.000 puxika (piropoakaz idatzita), eta euskerazko abestien CD bat bi egun horreetan tabernetan ipinteko, tarbernetan giroa sortu ahal izateko.

Ganera, hiztegi erraza, alkarrizeta eredu batzuk eta hainbat menu batzen dituan 'Tabernaz taberna, ahoz aho' gidearen 5.000 ale banatuko ditu ostalarien artean. Ganera, Euskara Zerbitzuak laguntzinoa eskaini deutse pintxoen osogarriak euskerara itzultzeko eta tabernea apaintzeko txartelak eskainiz.

Beste eskaintzak

Asteburu osoan, kale animazinoa be izango da Algorta-Andra Marin eta Romo-Areetan, besteak beste, Andres Isasi Udal Musika Eskolako Fanfarriagaz, trikitilari eta soinulariakaz. Euskerazko abesti ezagunak joko ditue, giroa alaitzeko eta jentea abestera animetako.

Horregaz batera, Jon Urraza eta Itxaso Paya aktoreek, sukaldari jantzita, kalean antzerkia egingo dabe jendea tabernatan sartzera animetako eta ekimenaren barri emoteko. Aktoreek ezpanzapia, gidatxoa eta globoak banatuko ditue.

Aurten 33 establezimentuk hartuko dabe parte, igaz baino hamar gehiagok. Aurreko edizinoan taberna batzuek 300 pintxo baino gehiago saldu zituen eta danetara bezeroen 3.500 boto izan ziran. Abenduaren 21ean, establezimentu irabazleen izenak prentsaurrekoan emongo dira ezagutzera.

Bestalde, udalerriko merkataritzan, batez be jantzi, opari, jostailu eta kirol dendatan euskeraren erabilera sustatzeko amesagaz, 'Jantziak euskaraz, arropa-dendan ere euskaraz' izeneko kanpainea jarri dau martxan. Danetara, 125 dendak parte hartuko dabe Getxoko Udalak antolatutako ekimenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu