Patxi Juaristi: 'bihar-etzi gizarte indibidualistagoa, hedonistagoa eta arriskutsuagoa izango dogu'

Karolina Almagia 2010-12-13 12:04   Barriketan
Soziologoa

Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967) Soziologian Doktorea da, Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea eta euskal kulturea, euskaldunen balio, euskerea eta, orokorrean, hizkuntzei buruzko zenbait ikerketa, artikulu eta liburu argitaratu ditu. Maiatzeko artoaren ardurea eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila esaunda batetik hartutako izenburu luzeko liburua argitaratu barri dau. Saiakaera horregaz irabazi eban igaz Becerro de Bengoa saria eta bertan Euskal Herriko gaur eguneko gizartea aztertzen dau.

1.- Zein izan zan saiakera honen abiapuntua?

Ronald Inglehart-ek bere El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas (1991) liburuan inoan mendebaldeko herrialde aberatsetan bizi diranek ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari garrantzia emotetik, bizi-kalidadea azpimarratzera pasau dirala. Bere ustez, gizarte aberatsek balore materialistetatik balore postmaterialistetarako saltoa egin dabe. Ondorioz, gai politiko barriek (ekologiak, gizon eta emakumeen arteko aukera bardintasunak, kontsumitzaileen eskubideak, demokrazia hobeak edo osoagoak lortzeko nahia, gitxiengoen eskubideak, garapen kulturala…) garrantzia hartzeaz gan, era askotako gizarte mobimentuak indartzen joan dira. Nire helburua izan da ikertzea Ingleharte-ek esaten dauena ia beteten dan Euskal Herrian; hau da, euskal gizarteak balore materialistetatik balore postmaterialistetarako saltoa egin ete dauen ikusi nahi izan dot.


2.- Eta zein izan da ondorioa?

Kontraesanez beteak gagozala begitantzen jat: ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari iraganean baino garrantzi gitxiago emoten deutsegu eta bizi-kalidadeari garrantzia gehiago, baina oraindino be oso materialistak gara. Adibidez, euskal gazteria modernotzat agertzen da, baina garrantzia gehiago emoten deutso diruari, kanpo etxureari, Interneti eta ondasun materialei, erlijinoari eta politikeari baino. Gure gizarteak kontraesan asko ditu, eta, sarri askotan, gure postmaterialismoa maila teorikoan gelditzen da. Postmaterialista etxurea emotea gustetan jaku, baina, etorkizunean, gizarte indibidualistagoa, hedonistagoa eta arriskutsuagoa izango dogu. Esangura horretan, benetako gizarte postmaterialista bat lortu nahi badogu, gure baloreak errotik aldatu behar doguz, eta gizarte barri bat eregi. Maiatzeko artoaren ardurea eta etorkizuneko seme-alaben ongizatea ahaztu barik, musika barria egiteko kapaz izan behar gara.


3.- Asko aldatu gara azken urteotan? Zertan?

Gaur eguneko euskal herritarrok 70. hamarkadakoak baino postmaterialistagoak gara. Teorian behintzat, orain dala 30 edo 40 urte baino ekologistagoak, feministagoak, demokratagoak, solidarioagoak eta euskerearen eta euskal kulturearen defendatzaileagoak gara. Halan da be, esan bezela, sarri askotan, euskaldunon postmaterialismoa jarreren edota ideien mailan gelditzen da. Teoria eta praxia ez datoz bat.


4.- Zer geratzen da ‘euskaldun fededun’ ospetsu haretatik?

Euskal Herrian upealako sekularizazino prozesua gertatu da. Gaur egun erlijinoa bosgarren posizinoan agertzen da euskaldunon balioen hierarkian (familia eta lagunak, lana, aisialdia eta politikearen atzetik). Gainera, erlijinotasun instituzionala krisi sakonean dago. Abadeek eta eleizgizonek iraganean baino eragin gitxiago dabe gure bizitzetan (Hego Euskal Herriko biztanleriaren herena baino ez doa astero eleizara).

Hala eta guztiz be, erlijinotasun esperientzialerako, emozionalerako edota espiritualerako joera indartzen joan da azken urteotan; hau da, erlijinoa modu personalean bizi daben gero eta persona gehiago dago gure gizartean. Autoesperimentazinoan eta autopertzepzinoan oinarrituriko erlijinotasun espiritualaren berrindartzea ezagutzen gagoz. Batzuen ustez, erlijino zaletasun barri hau gure postmaterialismoagaz loturik dago. Dana dala, nire dudea da ia benetakoa ete dan edo airez beteriko globo huts bat besterik ez dan.


5.- Euskal Herriko gazteak beste herrialdeetakoak baino solidarioagoak eta burrukatzaileagoak dirala entzun dogu sarri. Holan da gaur egun be?

Akaso, iraganean holan izango zan, baina gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, euskal gazte gehienek garrantzia gitxi emoten deutsee erlijinoari edota politikeari, hau da, ideologiei. Aldiz, dirua eta ondasun materialak dira euren kezkarik handienetarikoak. Modu berean, adiskideek edo familiak berak baino ardura handiagoa eragiten deutse besteek eurei buruz dituen eretxiek edo norberaren irudiak edo itxurak. Horrezaz gan, EAE-ko 15-29 urte bitarteko gazteek gizarte sareetan daben parte hartzea nahiko txikia da: gazteen % 3,4-k baino ez dau parte hartzen alderdi politiko batean edo ekintza-talde batentzat lan egiten dau, % 5-4 sindikatu bateko kide da edo bertan parte hartzen dau eta % 8,4k alkarte edo GKE batean lan egiten dau. Europako beste gizarte batzuetan, portzentaje horreek sano altuagoak dira.


6.- Euskal kulturgintzea be aztertu dozu. Zein da zure diagnostikoa?

90. hamarkadan, euskal biztanleen artean orokortu egin zan euskereagazko jarrera positiboa. 90. hamarkadearen erdi aldetik aurrera, ikuspuntu etniko, kultural edo politikotik erdaldunak ziranek be euskerea gordetearen garrantziaz berba egiten hasi ziran. Ondorioz, euskerazko irakaskuntza ereduek handitzen hasi ziran. Modu berean, euskereren eta euskal kulturearen alde lanean ebilzan erakunde askok be hobetu egin zituen euren azpiegiturak 90. hamarkadan. Bertsolaritzearen suspertzea, Egunkariaren sorrerea, euskerazko herri aldizkarien eta telebisten agerpena edota Kontseiluak bultzatutako euskerearen inguruko XXI. Mendeko Akordioa lako ekimenak be euskal kultureak 90. hamarkadan emon zituan frutu bikainen adierazle dira.

Dana dala, oraindino be euskereak eta euskal kultureak ahul jarraitzen dabe. Alde batetik, badirudi euskal kulturearen eta euskerearen inguruko militantzia ahultzen ari dala. Gure hurreko ingurunean jarrera hori baztertzen gagoz eta gero eta denpora gitxiago ei daukagu euskal kulturearen eta euskerearen alde debaldeko lana egiteko. Bestetik, gitxi dira euskal kulturgintzako arlo desbardinetara hurreratzen diran herritarrak. Gehien erakarten dauen euskal komunikabidea ETB1 da eta halan da be euskaldungoaren erdira be ez da heltzen. Honegaz batera, asko dira euskal kulturea guzur sozial batean bizi dala dinoenak. Liburuak eta diskoak produzidu, saltzen diranak baino askoz gehiago produziduten dira, eta jenteak erosi, irakurten dauena baino gehiago erosten dau.


7.- Orduan, non ikusten dozu euskerearen etorkizuna?

Kontuan hartu behar da Euskal Herriko biztanle gehienek ez dakitela euskeraz. Gainera, gitxiengoa dira euskerea eguneroko hartu-emonetan erabilten dabenak. 2006. urtean egin zan euskerearen kale erabilerearen neurketearen arabera, Euskal Herriko zazpi biztanletik batek (% 13,5) baino ez dau kalean euskerea erabilten.

Etorkizunean euskereagazko atxikimendu afektiboa handitzen eta irakaskuntzearen bitartez euskaldunak ugaritzen joango dirala onartuta be, euskerearen ezagutza eta erabilereak ez dabe aurrera egingo euskerearen inguruan produktu eta alkargune erakargarriak sortzen ez badira. esangura horretan, elebidun gehienak (% 66,3) urietan bizi dirala kontuan hartzen badogu, ezinbestekoa da uriburuetan eta errepide sare nagusietan pilatzen diran 10.000 biztanletik gorako udaletan euskeraz berba egiteko edota euskerea sustatzeko ekimenak bultzatzea. Euskeraz jarduteko esparru liberatuak eta euskerazko ekimen erakargarriak sortu behar dira, batez be ume eta gazteen aisialdiri begira.


8.- Interneten aroan gure berezitasunen iraupena arriskuan ikusten dozu?

Euskereak eta euskal kultureak ahultasun asko ditue, baina baditue alde sendo batzuk globalizazinoaren eragin ezkorrei aurre egiteko. Alde batetik, kontuan izan behar da azken urteotan ugaritu egin dirala euskeraz emitiduten daben irrati eta telebistak. Euskerea globalizazinoari aurre egiteko preparetan dagoala erakusten dauen beste adibide garrantzitsu bat da, nire ustez, aurrerapen ugari egin dirala euskerearen sintaxia automatizetan. Horrek euskeratik beste hizkuntza batzuetara itzulpen automatikoak egiteko aukerea emongo dau, baita euskerazko produktuen zabalkundea erraztu be. Internet-i jagokonez, kontuan izan behar da euskerazko web orriak asko ugaritu dirala. Azkenik, azpimarratzekoa da euskal kulturea eta euskerea lehen be gaztelania eta frantsesa lako hizkuntza handien ondoan biziten egon dirala eta, zeozelan esateko, maila txikiagoko globalizazino prozesuetara ohituta dagozala. Honek guztiak zeozelako baikortasun girora eroaten bagaitu be, begitantzen jat euskereak eta euskal kultureak ahultasun asko dituela aro globalean biziten jarraitzeko: Euskal Herriko biztanle gehienek ez dakite euskeraz, euskal kulturearen inguruan dagozan ikus-entzunezko komunikabide askok baliabide ahulegiak ditue, euskerazko zineak hutsune nabarmenak ditu eta ikus-entzunezko euskal merkatua txikiegia da. Nire ustez, aro globalean bizi ahal izateko, ezinbestekoa da euskal kulturearen inguruko ikus-entzunezko komunikabideak sendotzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu