Gero eta hurrago Herri Urrats 2011

Bizkaie! 2010-12-10 11:11   Euskerea berbagai

2010eko Herri Urratsen etekinak, Itsasu eta Lekorneko ikastola barriak edegiteko erabili zituen. 2011n, bere egoitzea barrizteko baitezpadako laguntzino ekonomikoa ekarriko deutso Herri Urratsek Xalbador Kolegioari. Gogoratu Herri Urrats Xalbador Kolegioko 'Nere pentzea' etxea erosteko sortu zala.

'Udaberria urrun iduritzen zaigu, eta egia da oraino denbora badugula arboletan lehen lore-begiak ikusteko. Sei hilabete falta dira Iparraldeko Ikastolen aldeko egunerako, eta Herri Urratsen arduradunok, ikastoletako burasook dagoeneko lanean hasi gira musika taldeak, dantza taldeak, jokoak, ikusgarriak eta abar aukeratzeko, eta txosna guziak antolatzeko. Lan potolo honek egun ederra ekarriko digula espero dugu.

Ulertu duzuen bezala, gaur ez gatoz animazio egitarauaren aurkeztera, gaur Herri Urrats 2011 kanpainari abiapuntu bat ematera baizik. Gaur 2011ko leloa eta logoa jakitera eman nahi dizkizuegu. Kanpaina berri hau eramateko, sostengu berria jaso dugu. Abadiñon kokatua den DI-DA komunikazio enpresaren borondatezko laguntza badugu aurten, eta komunikazio eta diseinu grafikoan dituen talentu eta ezagutza guziak gure zerbitzuko izanen ditugu'
.


Kanpaina barria, helburu barriak

2010eko Herri Urratsen etekinak, Itsasu eta Lekorneko ikastola barriak edegiteko erabili zituen. 2011n, bere egoitzea barrizteko baitezpadako laguntzino ekonomikoa ekarriko deutso Herri Urratsek Xalbador Kolegioari. Gogoratu Herri Urrats Xalbador Kolegioko 'Nere pentzea' etxea erosteko sortu zala.

Ondoko urteetan, Herri Urratsen etekin guziak erabili ziran etxea konpontzeko eta ondoan eraikinak altzetako. Nabarmendu behar da Euskal Herriko txoko guztietatik jentea hurreratu zala eskulanetan parte hartzeko! 28 urtez, ikasle, irakasle eta guraso andana bat pasau da hortik, eta Herri Urratsen bilera ugari egin dira etxearen azken estaian.

Egun, 250 bat ikasle, 25 irakasle eta 11 langileakaz, kolegioak gaitzeko garapena ezagutzen dau. Hazkundea eta denporearen eraginei aurre egiteko, handitze eta mantentze lanak behar ditu ikastetxeak. Obra erraldoiak, eta bistan danez neurri bereko gastuak. Horregaitik be aurten Herri Urratsek normalean baino goizago ekin deutso bere kanpaineari!


'Laku bat munduan'

Hau da 2011ko leloa, 'Laku bat munduan', laku eta leku berben arteko antzekotasunagaz jolastuz. Berba-jokoa ulerterraza da, Herri Urratsen eta Senpereko lakuaren arteko loturea berehalakoa baita euskaldunon artean.

Leloaren ideiagaz bat eginez, alkartasuna eta indarmetaketea adierazoten dauen ikurra aukeratu dabe. Grafikoki indartsua eta sinplea da, bainan aldi berean aukera handiak emoten ditu. Tanta bat. Gutariko bakotxa tanta bat gara, gure ekarpen txikia bideratuz putzua egitea da asmoa, eta holan, biderkatuz lakua, euskerearen lakua. Hori da kolorezko logoaren bertsinoak islatzen dauena: aniztasuna eta konpromisoa. Sei kolore aukeratu ditue, euskal herrialde bakotxeko bat (Araba-Gipuzkoa-Bizkaia-Nafarroa-Lapurdi eta Xiberoa), eta zazpigarren kolorea erabiliko da atzeko kolorea legez.

Mezuari jagokonez, euskerearen aldarria egiten dau: euskaldunoi begira, gure nortasuna aldarrikatzen dau, munduan dogun lekua baieztatuz. Euskaltzaleak diran erdaldunei begira, konbidapen bat da, munduan leku bat eskainiz; bereziki, guraso euskaltzaleei euren umeentzat leku bat eskainiz. Instituzinoei begira, ofizialtasunaren eskabidea be suposatzen dau, euskereari zor jakon lekua eskatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu