Salmenta gora-beheratsuak izan dira, bisitarien antzera, aurtengo Durangoko Azokan

Bizkaie! 2010-12-09 10:42   Kulturea

Ezaugarri eta helburu nagusiari eusten deutso Azokeak, baina aldaketak emon dira eta emoten dagozala autortzea ezinbestekoa da. Horren adibide dira Azoka barruko aurkezpenak, Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, Azoka TB, Internet... eta etor daitekezan beste ekimen batzuk, guztiek Azokearen funtsa indartzeko balio dabela inoiz baino argiago erakutsi dabe edizino honetan.

Bost egunetan, Durango Euskal Herriko kulturearen uriburu izan da, Euskal Liburu eta Disko Azokearen 45. edizinoari esker. Gerediaga Alkarteak orain 45 urte Durangoko Azokearen antolaketea helburu nagusi bategaz hasi eban: euskal liburugintzan eta diskogintzan egoan produkzinoa erakustea. Helburu hari eutsi deutso aurten be eta, antolatzaileen esanetan, aurreikuspenak bete ditue aurten be, batez be jente-kopuruari jagokonean.

Ezaugarri eta helburu nagusiari eusten deutso Azokeak, baina aldaketak emon dira eta emoten dagozala autortzea ezinbestekoa da. Horren adibide dira Azoka barruko aurkezpenak, Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, Azoka TB, Internet... eta etor daitekezan beste ekimen batzuk, guztiek Azokearen funtsa indartzeko balio dabela inoiz baino argiago erakutsi dabe edizino honetan.


Aretoa

Azoka barruan egokitu da hirugarren urtez ekitaldietarako eta argitaletxe, diskoetxe eta erakunde zein alkarteen proiektu eta produktuak ezagutzera emoteko lekua. Hainbat ekitaldi egin dira, mahainguruak, tailerrak, aurkezpenak, emonaldiak... Ekitaldiaren arabera, eta batzuetan ordutegiaren arabera, aretoa bete edota erdi hutsik egon da.


Haur Literatura Aretoa

Elkartegian, Landagunearen ondoko eraikinean, izan dau kokapen barria. Aretoa handiagoa eta erosoagoa izan da, eraikin zarratu batek emoten dituan zerbitzu guztiak eskura izan diralako.

Abenduaren 5etik 8ra zabaldu ditu ateak eta 30etik gora ekitaldi egin dira. Umeentzako tailerrak, lehiaketak eta irakurketa librerako tarteez gan, pailazo, txotxongilo eta ipuin kontalari emonaldiak izan dira. Umeentzat berenberegi argitaratutako liburu eta jolasen aurkezpenak be izan dira.


Ahotsenea

76 zuzeneko ekitaldi izan dira eta danetara 200 bat sortzailek parte hartu dabe aurtengo edizinoan. Hirugarren urtea egin dau eta aurten be jakinmin handia sortu dau Ahotseneak.

Sortzaile ezagunak, ez hain ezagunak edota ezezagunak, publikoagazko lotura zuzenerako plazea izan dabe. Jente askok sortzaile barriak deskubridu ditu. Arrakastarik gehien zuzeneko emonaldiek izan dabe eta arratsalde partekoak. Horrelakoetan, sarri, aretoa txiki geratu da. Kultur eskaintza eta propoposamen barriak be izan dira tarteko.


Azoka TB

Bigarren urtez egin da. Azoka erdigunean pantaila handia izan da eta www.durangokoazoka.com webgunean streaming bidez mundu osora zabaldu da sainalea. Euskaltel izan da aurten ekimenaren laguntzaile barria. Bost egunetan, 20 bat inguruko lan-taldea izan da Azokan pasetan zanaren barri emoten.


Internet

www.durangokoazoka.com eta facebook eta twitter sare sozialak be Azokean jazoten zanaren barri emoteko tresna bihurtu dira. Bost egunetan 25.000 bisitari izan ditu Azokeak eta, gehienak Euskal Herriko bisitariak izan badira be, mundu zabalera be ailegau da, Irak, Filipinak, Etiopia, Australia, Errusia, Nikaragua, Polonia, Kanada… izan baitira bisiten jatorri batzuk.


Bisitariak

Gora-beheratsua izan da bisitarien joan-etorria. Azoka hasi lasai antzera hasi zan zapatuan. Bigarren egunean jente gehiago etorri zan eta abenduaren 6an inoizko jenterik gehien ibili zan. Hurrengo egunean be, goiza motel hasi arren, arratsalderako jente nahiko ibili zan.


Salmentak

Salmentak gora-beheratsuak izan dira, bisitarien antzera. Ondo saldu dabe ia gehienek aurtengo Azokan. Nobedadeak izan dituenek salmenta hobeak izan ditue, ale batzuk be agortuz.

Salmentetan eragin handia dau nobedaderik ekarri edo ez. Eroslearen joera, krisiaren eraginez, liburu eta disko kopuru gitxiago erostea izan da. Eta erostekotan, gehienek, nobedadea nahi izan dabe.

Produktu salduenen artean, diskoei jagokonean, Ken Zazpi (Elkar), Seiren (Brian´s Records), Zea Mays (Bonberenea), Berri Txarrak (Gor), Gatibu (Baga-biga) edota Joseba Tapia (Zakurraren bibolina) topauko doguz. Liburuei jagokonean, Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak, Miren Agur Meaberen Zazpi orduak, Toti Martinez de Lezearen Nur eta magia kanpamentua eta Joseba Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean? lanak izan dira salduenak, besteak beste.

Hona hemen salmenten inguruko informazino gehiago.

Azkenik, ezin da ahaztu Azokako lehen egunean hil zan Xabier Leterentzat. Omenaldia egin jakon Azokako bigarren egunean eta egun guztietan izan da haren oroimena Durangon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu