Mikel Martinez: 'bakarrizketa barri hau antzeztea Bat Formula ibilgailu bat gidatzea baino gogorragoa da'

Karolina Almagia 2010-12-06 10:59   Barriketan
Aktorea

Karrera luze bat dauka atzean Mikel Martinezek ((Lizarra, Nafarroa, 1955), baina bere ibilbidearen erronka handienetarikoari aurre egin behar deutso orain, izan be, abenduaren 7an (Durangoko San Agustin Kultur Gunean, 20:00retan) estreinauko dauen Larria, kutsakorra, mendebaldekoa obran hiru pertsonaia interpretau behar ditu, eszenatokian bakarrik dagoala. Hiru pertsonaia jarraian, batetik bestera salto eginaz, erritmo arin eta zorabiagarrian. Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzi daben eta azken honek zuzendu dauen obra hau komedia barbaroa da, azken bolada honetan gaixotasun batzuen inguruan izan diran alarma sozialari, eta horren inguruan eratu dan negozio farmazeutikoari buruzkoa.

Ez da izango hau Mikel Martinezen lehenengo bakarrizketea; aurretik, Pirandelloren Ni eta nire sudurra (1987) eta Patrick Süskind-en hain arrakastatsua subertau jakon Kontrabajua (1988) egin zituan, besteak beste. Horrezaz aparte, hamaika montajetan hartu dau parte, lehenengo Maskarada taldeagaz (Gastibeltzaren Karabinak, 1985, Marxkarada, 1981, Kontenedore Baten Istoriak, 2001, eta abar luze bat), eta gero Patxo Telleriagaz osotzen dauen Ez Dok Hiru BikoTeatrogaz (Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru Haizetara eta Euskarazetamol triologia). Ganera, lau film luzetan hartu dau parte (Historia de las guerras carlistas, Lauaxeta, Maité eta La máquina de pintar nubes), baita telebistako hainbat serietan (Jaun da Jabe, Mi querido Klikowski, Goenkale…) be. Interpretatzeaz gan, Mikel Martinezek irakasle, gidoilari, zuzendari laguntzaile eta bikoizlari lanak egin izan ditu.


1.- Zelan definiduko zeunke obra hau?

Bakotxaren jarrerearen arabera, bakarrizketea da izatez, komedia barbaroa, jenteak kriston barreak egingo ditualako gai oso serio baten gainean. Azken finean, teatroa da, sentipen pilo bat eta oso desbardinak sortzen dituana: barrea, emozinoa, ternura, ausnarketea...


2.- Osasuna eta negozioa. Zergaitik aukeratu dozue gai polemiko hori?

Enpresa Farmazeutikoek botere gehiegi daukielako, dirua lapurtzen deuskuelako eta gure osasuna arriskuan jarten dabelako. Enpresa horreek beharrezkoak dira, bai, baina erne egon behar dogu egiten daben negozioaren aurrean.


3.- Orduan, barregarria izateaz gan, kritikoa be bada...

Jakina, oso barregarria eta oso kritikoa.


4.- Zein tonoan garatzen da?

Komedia, komedia eta komedia. Basatia, barbaroa.


5.- Hiru pertsonaia, aktore bakar bat. Zergaitik?

Oso joku teatral polita sortzen dauelako eta egia egiaren parte bat baino ez dalako. Kolore askotako kristalak dagoz.


6.- Zuretzako zer izan izan da pertsonaia batetik bestera salto egitea 'espiral etenbako batean'?

Lan handia prestaketetan, konzentrazinoa emonaldietan, erronkea, adrenalinea. Eszenatoki baten gainean behar egitea erronka handia da, Bat Formulako auto bat gidatzea baino askoz gogorragoa. Benetan, erronka erraldoia da. Badakit obra-motor ona daukadala, oso ona, eta nire eskutan dago publikoa atrapau edo erakartea. Kriston ilusinoa egiten deust hori lortzeak.


7.- Honen aurretik beste bakarrizketa batzuk egin dozuz. Zelako gomutak daukazuz horreen ganean?

Bakarrizketa batzuk egin dodaz, bai: Ni eta nire sudurra, Pirandelloren nobela baten moldaketea; Kontrabaxua, Patrick Süskind-ena, eta Izarretako bitakora, Stanislaw Lem-en testuen moldaketea. Gomuta onak dodaz hirurekaz, baina Kontrabaxua-arena puntu eta aparte bat izan zan nire ibilbidean. Testu zoragarria da, euskerara bikain eroanda eta guk oso ondo planteau genduan, jentearen artean, edozein aretotan, gelatan, ikasgelatan, jantokitan, tabernatan, bai eta edozein antzokitan be antzeztuz. Dametara, 350 emonaldi egin nituan, leku guztietan. Jentea harritu egiten zan baina gozau egiten eban eta baita neuk be. Ez daukat ahaztuteko esperientzia hori.


8.- Zeintzuk dira taula gainean bakarrik egotearen abantailak eta desabantailak?

Bakarrik egotea gatxa, gogorra da, bai, erantzukizun osoa daukazu, ezin zara inoiz ezkutatu eta momentu txarrak badaukazuz (kontzentrazino edo energia faltea, hanka sartzeak, istripuak...) ez daukazu beste aktore bat ondoan zelan edo halan laguntzeko. Baina abantaila handi bat be badaukazu. Taulan bakarrik agertu eta ikusleak harritu egiten dira; hasieratik 'irabazita' daukazu ikuslegoa, neurri batean. Zeozelan abantaileagaz hasten zara, beraz. Dana dala, antzezlana eskasa baldin bada abantaila hori azkar galduko dozu, jakina, baina hori 20 aktorez osotutako antzezlan batean be jazo daiteke.


9.- Gaztelaniazko bertsinorik ez dozue egingo?

Bai, egingo dogu. Zezeilean estreinauko dogu, Barakaldon, baina beste aktore bategaz, Gorka Minguezegaz.


10.- Tartean taldea Euskarazetamol eta aurreko lanakaz arrakasta handia lortzen dago. Zenbat emonaldi egin dozuez dagoeneko? Non dago arrakastearen giltza?

Emonaldi dezente egiten dogu, bai, 'zigilu' desbardinakaz: Ez Dok Hiru Bikoteatroa eta Marie de Jongh izenakaz, eta orain Tartean beragaz. Zenbat emonaldi? Ez dakit, baina laurogeiren bat urtean bai.


11.- Euskerazko antzerkia egiteak zer suponiduten dau? Laguntzino gehiago ala zailtasun gehiago?

Laguntzinoaa eta zailtasuna. Publiko potentzial gitxiago daukazu, baina fidelagoa da eta gainera hobeto ezagutzen dozuna. Badakizu, gitxi gora behera, zeintzuk diran euren ardurak, penak eta mundua ulertzeko manerak. Hau abantaila handia da. Ez dok Hiru Bikoteatroan bereziki: oso umore kontestualizatua egiten dogu, publiko euskaldunari zuzenduta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu