Musikea eta jantzea bat eginda, infernuko hauspoari esker
2010-12-02 14:42 MusikeaKorrontzi eta Oinkari taldeek diskoa atara dabe alkarlanean, batzuen doinuak besteen jantzeagaz lotu ditue eta ikuskizun eta DVD barria sortu da, Infernuko hauspoa izenekoa. Korrontzi folk boskotearen hirugarren diskoa da eta Villabonako Oinkari Dantza Taldearentzat, barriz, euskal jantza tradizionala barritzeko ahaleginean beste pausu bat.
Korrontzi eta Oinkari taldeek diskoa atara dabe alkarlanean, batzuen doinuak besteen jantzeagaz lotu ditue eta ikuskizun eta DVD barria sortu da, Infernuko hauspoa izenekoa. Korrontzi folk boskotearen hirugarren diskoa da eta Villabonako Oinkari Dantza Taldearentzat, barriz, euskal jantza tradizionala barritzeko ahaleginean beste pausu bat.
Proiektua orain dala urte bi inguru hasi zan mamitzen, Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek azaldu dauenez, 'Oinkarikoekaz emonaldi txiki bat eratu genduan, baina ikusi genduan alkarlan horrek emoitza zabalagoa ekarteko aukerea eukala eta beharrean hasi ginan'. Holan sortu da Infernuko hauspoa DVDa, hamabi abestiduna. Musikea Korrontzik jarri dau eta Oinkarik, bere aldetik, kanta bakotxari jantzea ipini deutso. DVDagaz datorren liburuxkan, musika guztien partiturak sartu dabez eta baita jantza bakotxa ikasteko argibideak be. Doinuari jagokonez, Korrontzik ohiko folk doinu tradizionalak erabili ditu oraingo honetan be, ikutu modernoa eta barritzailea emon guran.
Oinkari Dantza Taldea 1975ean sortu zan Gipuzkoako Villabonan, baina azkanengo hamarkadan eraldaketa sakona egiten dabil, izan be, euskal jantza tradizionalak modernotasunera ekarteko ahaleginean hasi dira. Oinkariko Alaznek esan dauanez, 'badaroaguz urte batzuk geure jantzetan barrikuntzak bilatzen eta Korrontzigaz proiektu honetan sartzea, beste pausu bat da norabide horretan'. Korrontzi be, euskal tradizinozko kantak barritu eta gaur eguneko joeretara hurreratzeko lanean dabil eta horregatik, Alaznek uste dauanez, 'talde biok antzeko helburua daukagu, eurak musikan eta gu jantzan, alkarregaz behar egitea erreztu dau horrek'.
Korrontziko taldekideek be antzeko berbak esan ditue proiektuari buruz, 'musika herrikoia aktualizau gura dogu, erritmo tradizionalei eutsi baina eraldatuta', Agus Barandiaranen esanetan. Orain arte, musika CD bi atarata euki ditu Korrontzik eta, honako honetan, DVDa hobetsi dabe, 'jantzeari lehentasuna emon nahi izan deutsagu, alderdi bisualari, musikea be ezinbestekoa da, baina kantak gure aurreko diskoetan be entzun leitekez'. Lanari Infernuko hauspoa izena jarri deutsie, Agusen esanetan, trikitixa dalako euren musikearen ardatza; 'XX. mendearen hasieran, abadeek-eta, holan esaten eutsien akordeoiari, herria jantza ausartagoetara bultzatzen ei eban eta'.
Euskal musika eta jantza ikuskizunek atzerrian ikusmina eragiten dabela ziurtau dabe Korrontzi eta Oinkariko kideek, 'Euskal tradizinoen aurkezpen-txartel legez ikusten gaitue askok hemendik kanpora', azaldu dau Agus Barandiaranek. Emonaldien erdia Euskal Herritik kanpora egiten dabe Korrontzikoek eta Oinkariri, barriz, atzerrira lehenengoz urteteko aukerea emon deutso musika taldeagaz batzeak, Alazneren arauera.
DVD formatuan kalean dago dagoeneko Infernuko hauspoa lana. Dana dala, Durangoko Azokan, abenduaren 8an, zuzenean eskeiniko dabe ikuskizuna, arratsaldeko sei eta erdietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!