Mintzola Fundazinoaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe
2010-12-01 16:22 Euskerea berbagaiHitzarmen horrek Mintzola Fundazinoaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlanean sakontzea dau helburu, batez be, euskerea, euskal kulturea eta, oro har, ahozko-ondarearen egoerea ikertu, irakatsi eta zabaltzeko.
Gaur, abenduaren 1ean, Mintzola Fundazinoak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango dauen lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Mintzola Fundazinoaren izenean Maria Jesus Aranburu presidenteak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horrek Mintzola Fundazinoaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlanean sakontzea dau helburu, batez be, euskerea, euskal kulturea eta, oro har, ahozko-ondarearen egoerea ikertu, irakatsi eta zabaltzeko. Josune Zabala Fundazinoaren zuzendaria be izan da sinatze ekitaldian.
Ondokoak dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
• Euskaltzaindiak eta Mintzola Fundazinoak bi erakundeen arteko lankidetza eta ikertzaileen arteko hartu-emonak sustatuko ditue, ahozko euskerearen eta kulturearen eremuan behar bateratzaileen harira jorratuko diran ikerketa, irakaskuntza eta zabalkunde egitasmoetan. Horren harira, curriculumaren ondorioetarako eta meritu legez, Mintzola Fundazinoak eta Euskaltzaindiak kontuan hartuko dabe euren ikertzaileek erakunde bakotxaren barruan egindako lana.
• Erakunde biek erraztasunak emongo deutsiez alkarri beren ikerketa-ondareak eta ezagutza erabilteko, eta, batez be, euren artxibategi eta bibliotekak erabilteko aukerea.
• Mintzola Fundazinoak Euskaltzaindiaren arauak zabalduko ditu.
• Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Mintzola Fundazinoak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikeari, toponimiari, onomastikeari, ortografiari eta, oro har, euskerearen idatzizko zein ahozko araugintzearen bestelako gaiei buruzkoak diranean. Kontsulta horreek bideratzeko orduan, Jagonet zerbitzua erabiltea sustatuko dabe.
• Argitalpenen arloan, alkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
• Erakunde biek alkarren esku jarriko ditue ikerketarako interesgarriak izan daitekezan lan argitarabakoakk, berbarako, tesiak, monografiak edo bestelako lanak.
• Mintzola Fundazinoak eta Euskaltzaindiak alkarlana garatuko dabe, euren bibliotekako euskal funtsak sendotzeko.
• Lankidetza politikea bultzatuko dabe ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezan, euskerea, euskal kulturea eta, oro har, ahozko-ondareari jagokezan eremuetan.
Helburu horreek lortzeko, Mintzola Fundazinoak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, lau kide izango dituana, bi Fundazinoak izentautakoak eta beste biak Akademiak izentautakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!