Laura Lapeyrak jasoko dau Getxoko I. Euskera Saria, euskerearen erabilerea sustatzearen aldeko lanagaitik
2010-11-30 10:55 Euskerea berbagaiLaura Lapeyra Lasak jasoko dau Getxoko Udalak lehenengo aldiz emongo dauen Euskera Saria, euskerearen erabilerearen alde azken urteotan Juan Bautista Zabala herri ikastetxeko Gurasoen Alkartetik egindako lanari esker ona adierazoteko.
Laura Lapeyra Lasak jasoko dau Getxoko Udalak lehenengo aldiz emongo dauen Euskera Saria, euskerearen erabilerearen alde azken urteotan Juan Bautista Zabala herri ikastetxeko Gurasoen Alkartetik egindako lanari esker ona adierazoteko. Sari honen lehenengo edizinoa izango da eta bere helburua euskerearen gizarte erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko kultur zereginetan nabarmendu diran erakunde, alkarte edo personea nabarmendu nahi dau. Saria Luis Artola artisauak egindako lana izango da eta Imanol Landak, Getxoko Alkateak, emongo dau etzi, eguena, abenduaren 2an, 20:00etan Udaletxeko batzar aretoan izango dan ekitaldi publikoan.
Laura Lapeyrak 41 urte ditu, Eibarren jaio zan baina 8 urte daroaz Algortan biziten. Zabala eskolan ikasten dabilzan 10, 8 eta 6 urtetako hiru alaben ama da eta horko Gurasoen Eskolatik lan egiten dago umeek euren eguneroko bizitzan euskerea erabil daien; 'eskolara heldu nintzanean harrituta geratu nintzan ikasgeletatik kanpoko hartu-emonak gazteleraz zirala ikustean, ni Eibarren euskeraz berba egiten entzutera ohituta nengoalako'.
Sariak ezustean atrapau dau Laura 'holako sariak normalean persona ezagunei emoten jakezalako eta kasu honetan niri, ezezagun bati emon izana, niri ez eze euskerearen erabilerearen alde lan anonimo handia egiten dabenei errekonozimendutzat hartzen dot' nabarmendu dau auzokideak. 'Oso pozik eta oso urduri nago, eta saria lanean segiduteko bultzadae da' adierazo dau Laurak.
Argia ereiten lelopean, Euskal Kulturearen XII. Jardunaldiek Euskara Saria antolatu dabe aurten lehenengo aldiz, euskerearen erabilerearen aldeko lanari esker ona adierazoteko. Urtero legez, Jardunaldiak datorren abenduaren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian izango dira, euskerea eta egun euskal kulturan egiten dana getxotarrei erakusteko eta hurreratzeko helburuagaz. 'Horregaz batera euskeraz bizi nahi dabenei aukerak ahalbidetu nahi deutseguz mota honetako ekimenakaz, izan be, horixe da egungo gobernu taldearen asmoa ze ezin dogu ahaztu gure udalerrian euskerearen egoerea hobetzen doala etenbarik. Gaur egun 10 biztanletatik 3 euskaldunak dira eta 2 ia euskaldunak' nabarmendu eban jardunaldion aurkezpenean Josu Loroñok, Komunikazinoko zinegotziak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!