Eñaut Elorrieta: 'diskoan indarrak batzeko mezua dago'
2010-11-29 11:27 BarriketanKen Zazpi taldea 1996. urteko udagoienean jaio zan Gernikan. J.M. Arronategik (Exkixuko baxujolea) eta Eñaut Elorrietak (Lugarriko abeslaria) bultzatua. Orduan, Bi eta bat aurrerapen abestia kaleratu eben urte haretako Aurtengo Gorakada, 1-ean, Gor diskoetxearen bilduma diskoan.
Dana dala 2000. urterarte ez ziran lanean serio hasi. Gaur egun taldea osotzen daben taldekideak batu eta maketa bat grabau eben Muxikan Batizen laguntzinoagaz. Grabazino hau Iñaki Uohoren etxean egin eben. Euren estreinako lana 2001eko maiatzean argitaratu eben, Atzo da bihar. Gero etorri dira: Bidean (2003), Gelditu denbora (2005), Argiak (2007), Ken Zazpi urtez zuzenean (2009) eta Ortzemugak begietan (2010).
1.- Nahikoa tartea hartu dozue disko barria preparetako, izan be, Argiak 2007an kaleratu zenduenetik hiru urte joan dira, tartean igaz zuzeneko CD/DVDa argitaratu arren...
Bai. Geure ibilbideari begiradatxua emoten badeutsazu diskotik diskora pare bat urteko tartea hartzen dogula ikusiko dozu eta orain be argi geunkan patxadaz behar egin gura genduala, ezelako prisa barik. Gure lanaren kalidadea lehenesten dogu, aurrera begira inbertsinoa dala pentsetan dogu. Ortzemugak begietan diskoagaz bagenkian zeren bila ginoiazan eta horretarako denporea hartu behar da. Merkatu arrazoiak be kontuan hartu behar dira baina ez dozu itxi behar eurek zure lana baldintzatzen.
2.- Zeren bila joan zarie disko honegaz? Pozik zagoze emoitzeagaz?
Emoitzeagaz oso pozik geratu gara. Esperientziak emoten dau lortu nahi dozunaren eta lortzen dozunaren arteko diferentzia murriztea eta nik uste dot inoiz baino gehiago hurerratu garela nahi genduan horretara. Soinuaren aldetik kalidadearen alde jokatu dogu, pausu bat emon dogu eta, bide horretan, Rafa Sardina erabagiorra izan da, produktore ez eze, grabazino eta nahasketen soinu-injinerua be izan da, kantuei makinatxu bat buelta emon deutseguz eta sarritan ustez prest egozan kantuak deseregi eta soilago itxi doguz.
Diskoak erronka dira guretzako eta beti jakiten dogu motibazinoa bilatzen. Gure estiloan sakonduz, oraingoan, bide barriak esperimentau gura izan doguz, tinbre desbardinakaz jokatu, beste musika tresna batzuekaz kantuak janzteko aukerak aztertu... Diskoaren dinamikan sakontzea izan da gure asmoa, disko homogeneoa gura genduan, melodiak eta gitarrak gehiago landu eta, batez be, diskoa intensidade desbardinakaz osotu nahi genduan, bai kantuen artean eta bai kantu bakotxean be igoerak eta jatsierak, momentu lasaiak eta azkarragoak gura genduzan.
3.- Berbak aparte itxita, soinuaren sendotasuna eta oreka atzemoten dira diskoaren lehenengo entzunaldian baina estiloari jagokonez, Ken Zazpiren estiloa ondo definiduta al dago? Kantu batzuetan igarten diran U2ren zipriztinak nabarmenak dira...
Gustetan jakuna egiten dogu eta nik uste dot disko hau % 100 dala Ken Zazpi. Geure nortasuna daukagu, gure birtude eta gure mugen artean oreka bat dago eta konposizino prozesuan gu saiatzen gara horrenbeste kontroletan ez doguzan terrenoetan be esperimentetan. Baina heltzen da momentua hankak lurrera bajatu eta kontroletan dozuzan baliabideakaz biribiltzeko kantuak.
U2 taldearen zipriztinen harian, kantuak entzuten dozuezanean, zuoi hotzean holako erreferentzia batzuk etortea burura gauza bat da baina gu saiatzen gara bide propioa eta estilo propioa eregiten eta nortasun aldetik diskoa oso geurea dala esango neuke. Dana dala, holako talde handien erreferentziak eta aitatzen deskuzuezenean, guretzat ohore handia da.
4.- Ortzemugak begietan diskoan, teklatuak, pianoa, koruak agiri dira. Zein izan da asmoa?
Diskoan mezu aldetik be indarrak batzeko mezua dago; uste dot Euskal Herrian bizi dogula momentu oso berezia eta guk horren alde egin gura izan dogu, indarrak metatzearen alde. Diskoa koedizinoa da Elkar eta Argiak gure zigiluaren artean, ez da gaur eguneko disko bat produkzinoaren aldetik; esan gura dot, esfortzu ekonomiko inportantea egin behar izan dogula, gaur egun industria musikalak eta diskoen balioa galtzea tarteko dirala, garai ilunetan bizi gara baina lehen esan deutsudanez, guk kalidadearen alde egin gura izan dogu eta gauzak guk imajinau dogun moduan urten ahal izateko indarrak batzera jo dogu eta horregaitik diskoa koedizinoa da eta kolaborazinoak be garrantzitsuak dira. Gure inguruan jente interesgarria dago, eredu diranak alor batzuetan eta, berbarako, Joserra Senperena izan dogu geugaz piano moldaketak egiten eta teklatuetan Cheche Alara argentinarrak bost kantutan jo dau.
Berbatan eta mezuetan be saiatu gara diskoa aberasten, diskoari beste dimentsino bat emoten eta horretarako Joseba Sarrionaindiaren testu bi, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Julen Gabiriaren testuak erabili doguz. Koruetan, barriz, Uxue Alberdik parte hartu dau.
5.- Danetara, 10 kantu batu dozuez Ortzemugak begietan diskora eta berbei jagokenez, aitatu dozuzan horreez gan, diskoko lehenengo bostak zeuonak dira...
Bai. Gustetan jaku letrak egitea. Lehenengo musikea sortzen dogu eta sentsazino bat edo emozino bat nabarmen ikusten dogu; gero saiatzen gara berbakaz emozino hori azaltzen. Kontua da ze lehenengo bost kantu horreek orain bi abuztu sortu genduzala eta sentsazinoa izan zan esateko geunkazan guztiak esanda egozala. Hortik gora, mezuari arnas apur bat emoteko egile ezagun horreekana jo genduan. Edozelan be, kasu horretan be, lehenengo musikea konposatu dogu eta gero, jakina, hartu-emonetan egon gara letragileakaz, guri zer adierazoten euskun testuak eta egileei eurei zer adierazoten eutsen alkarri azalduz. Azkenean, berba horreek geure egin doguz eta diskora batutako 10 kantuak % 100 geure sentiduten doguz eta holan defendiduko doguz zuzenean.
6.- Ken Zazpiren ezaugarrietako bat ahotsa da, zure ahotsaren indarra eta berbarako kantu batzuetan deigarria da noraino heltzen zaren. Alde horretatik, aparteko lanketarik, ahotsa lantzeko ariketa berezirik egiten dozu?
Bai. Talde moduan be aurrera pausuak emotea gustetan jaku eta uste dot diskotik diskora igarten dala gauzak finduten goazela. Horrezaz aparte, bakotxaren eboluzinoa be hor dago; danok ibilten gara, bakotxa toketan jakon arloan hobetzeko pausuak emoten. Eta nire partetik, bai saiatzen naz melodiak gero eta gehiago finduten, ahotsa topetan, tinbreak lantzen... Hori guztia etenik bako ikasketa prozesu baten barruan kokatzen dogu eta horrek emoten deusku indarra kantuak konposatzen eta kantetan jarraitzeko.
7.- Rafa Sardinak egin dau oraingoan be produkzino lana eta grabazino eta nahasketen soinu-injinerua be izan da. Zertan igarten da 11 grammy dituan holako profesional baten lana?
Disko honetan garrantsitsuena kantuak eurak dira, konposizinoa bera. Rafa bermeotarrak eskua sartu dau estudiora heldu garenean. Esan gura dot lokalean lan handia egin ondoren hasi dala bera beharrean, kantuak sakon landuta eta biribilduta eroan doguz estudiora. Dana dala, Rafak taldearen kanpoaldetik begiratu eta aztertzu dau gure lana eta orrazketa eta txukuntze edo fintze lana egin dau. Esperientzia handia dauka eta kantuen gainean ikuspegi hotza darabil beti be kantuak aberasteko asmoz. Ekarpen hori oso garrantzitsua da ze kantu bat konposatzen dozunean, kantuari buelta asko emon arren, sarritan kantuek behar daben hoztasun hori galdu egiten dozu.
Grabazino prozesuan hemen egon zan baina esan euskun nahasketak bere estudioan, AEBetako Los Angelesen egin gura zituala eta guri ondo begitandu jakun.
8.- Ortzemugak begietan diskoa aurkeztu barri dozue baina honezkero, zaleakaz hartu-emonetan zabilze, berbarako Hel nazazu eskutik bideokliparen harian edota Mungian oraintsu egin dozuezan entsegu edegiak tarteko dirala...
Bai. Bideoklipagaz aukerea ikusi genduan gure zaleakaz zeozer batera sortzeko, ze oso eskertuta gagoz eurek emoten deuskuen babes eta berotasunagaz. Bideoklip horrek plus hori dauka, Ken Zazpi eta zaleen arteko alkarlana, hain zuzen be.
Mungian emon doguzan egunak be politak izan dira, zuzenekoaren eszenografia barria preparetan ibili gara. Beti saiatzen gara disko barria eta zuzeneko barriak aurrekoak baino hobeak izaten eta ahalik eta gehien hurreratzen buruan daukagun horretara. Zuzenekoa preparetan urte eta erdi edo daroagu eta ilusino handiagaz gabiz.
9.- Zuzeneko gitxi baina ondo preparautakoak izaten dira zuonak...
Bai. Diseinu eta eszenografia barriagaz, kantua barriak aurkezten Durangoko Plateruena Kafe Antzokian hasiko gara, abenduaren 4an; Bilboko Euskalduna Jauregian, abenduaren 23an joko dogu; Donostiako Kursaalen urtarrilaren 8an; eta Zallako Zine Antzokian, abenduaren 30ean.
Ibilita gagoz lehen be eta disko honegaz be izango dogu Kataluiniara eta beste leku batzuetara joateko aukerea baina gure espazio naturala eta indartsuena Euskal Herria da. Eta egia da, ez dogu gura izaten jentea nekatu edo abrozidutea eta kontzretuak mimo handiz preparetea gustetan jaku. Inportantea da guk motibazino hori zaintzea, jenteak gu entzuteko motibazino, gogoa izatea eta kasu honetan be kalidadearen alde egiten dogu, espazioak eta guneak ez erretearen alde.
10.- Jakitun zarie Durangoko Liburu eta Disko Azokan disko salduenetakoa izango dala zuona?
Ez deutsut guzurrik esango, guk espero dogu diskoa ondo saltzea, batez be, esan deutsudan moduan, kalidadearen alde egin dogulako eta disko batek funtzionetan dauenean guk hartzen doguzan irabaziak eta hurrengo proietkuetan inbertiduten doguzalako. Gu ez gara musikatik bizi nahiz eta espirituz modu profesionalean bizi dogun egiten doguna.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!