Bar Puertoko testigantzak betikotu ditue DVD eta liburuari esker
2010-11-26 14:35 MusikeaIkuskizunean sortutako guztia euskarri fisikoan batzeko asmoz argitaratu ditue orain liburua eta DVDa. Bertan, testigantza guztiak, Kirmen Uriberen narrazinoa eta Urdangarinen musikea topatuko doguz, argazki eta guzti.
Kirmen Uribek abiarazo eban Bar Puerto proiektua orain dala hamar urte eta, Mikel Urdangarin musikariaren eta Josu Eizagirre zinegilearen laguntzaz, ikuskizuna eskaini eben Euskal Herriko hainbat txokotan. Egitasmotik ia hamarkada bat igarota, egindako lan guztia grabau eta liburua eta DVDa argitaratu ditue, Bar Puerton jasotako guztia betiko izan daigun eskura.
Liburu eta DVDaren aurkezpenean, Kirmen Uribe idazleak gogora ekarri dau zelan hasi zan Bar Puertoren proiektua: 'Mende barriagaz etorri zan ideia, gure amamaren etxea izandakoa behera bota nahi eban Ondarroako Udalak eta horrek, memoriaren bideetan sakontzeko gogoa eragin eustan'. Josu Eizagirregaz batera, Ondarroako bizimoduan zeresana daukien persona anonimoen testigantzak batzen hasi zan, arrantzale etorkina, gudaria izanikoa, 80ko hamarkadako sasoi gatxak bizitako personea, eta abar. Mikel Urdangarinen musikeagaz, Bar Puerto ikuskizuna osotu eben, Ondarroako testigantzak, Uribek sortutako fikzinozko hari narratiboa eta itsasoagaz lotutako kanta sorteagaz.
Ikuskizunean sortutako guztia euskarri fisikoan batzeko asmoz argitaratu ditue orain liburua eta DVDa. Bertan, testigantza guztiak, Kirmen Uriberen narrazinoa eta Urdangarinen musikea topatuko doguz, argazki eta guzti. 'Egunerokoaren itxurea dauka narrazinoak, testigantzak tartekatzen dituana, baina protagonisten berbak izan ezik, beste guztia neuk sortutako fikzinoa da', azaldu dau Uribek. 'Egunerokotasunaren indarra bilatu dot, etxeak ez dira etxeak solik, lekuak ez dira lekuak solik, memoria daukie', ganeratu dau idazleak. Jentearen bizitza agertutea, bere horretan, Bar Puertoren ezaugarrietako bat da, 'zeozer erreala kontau gura izan dogu, soziala, alkarrizketatuen hizkerea be gorde dogu aldatu barik, dala Ondarroako euskerea, dala etorkinen espainol berezia'.
Ahozko historia jaso eta fikzinoa eta errealidadea batu ditu Kirmen Uribek Bar Puerton eta, alde horretatik, Bilbao-New York-Bilbao nobeleagaz lotura garbia dauka, 'eleberriaren hazia izan zan Bar Puerto', autortu dau Uribek. Bar Puerton kontetan dan historia Ondarroan kokatuta dago, baina, hori bai, zehaztapen bat egin gura izan dau idazleak: 'Ondarroa gitxitan aitatzen da narrazinoan zehar, kostaldeko edozein arrantzale-herri islatu gura izan dot, kontzeptu globalagoa'. Holan, Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek eta Josu Eizagirrek, Bar Puerton, XX. mendearen kronikatzat jo geinkeana ondu dabe.
Josu Eizagirre zinegilearentzat, proiektu berezia izan da betidanik Bar Puerto, orain dala hamar urte grabazinoa hasi ebenetik; 'formatu estandarretik urten neban, literaturea kontetako beste modu bat topatu genduan, musikeagaz eta zinemeagaz buztartuta', azaldu dau Eizagirrek. 'Jentearen etxean sartu eta zenbat istorio! Bizi osoan alkar ezagutu bagendu lez kontetan euskuezan euren bizipenak', gogora ekarri dau zinegileak.
'Parte hartu dodan proiekturik onena izan da', horixe esan dau Kirmen Uribek Bar Puertoren DVD eta liburua aurkezteko ekitaldian, Bilbon. Ganera, orain euskarri fisikoan gordeta dagoanez, lasaiago geratu ei da idazlea, XX. mendeko Ondarroako herritarren memoriaren zati bat, behinik behin, betiko batuta egongo da eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!