Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Euskaltzaindiak programa-kontratua sinatu dabe

Bizkaie! 2010-11-26 14:14   Euskerea berbagai

Asmo nagusiak ondokoak dira: batetik, Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritza, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako Foru Aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak finkatzea; eta, bestetik, Euskaltzaindiaren etorkizuneko jarduna bermatzeko, alderdi bakotxak bereganatzen dituan konpromiso materialen zein finantziazinoaren arloen esparrua arautzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, batetik, eta Euskaltzaindiak, bestetik, lau urterako programa-kontratua sinatu dabe gaur, zemendiak 26, Akademiaren egoitzan. Datozen lau urteetan indarrean izango dan dokumentuaren asmo nagusiak ondokoak dira: batetik, Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritza, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako Foru Aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak finkatzea; eta, bestetik, Euskaltzaindiaren etorkizuneko jarduna bermatzeko, alderdi bakotxak bereganatzen dituan konpromiso materialen zein finantziazinoaren arloen esparrua arautzea.

Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dau eta EAEko Herri Aginteen izenean, honako honeek: Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak; Claudio Rodríguez diputadu nagusiordea eta Foru Administrazio saileko foru diputaduak; Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako foru diputaduak; eta Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputaduak.

Programa-kontratuak lau urteko iraupena izango dau (2010-2013). 2010ean, Jaurlaritzeak eta Foru Aldundiek, danetara, 2.356.777 € emongo deutsiez Euskaltzaindiari. Eusko Jaurlaritzeak: 1.664.427 €; Bizkaiko Foru Aldundiak: 350.000 €; Arabako Foru Aldundiak: 100.000 €; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak: 242.350 €

Kontratu-programan zehazten dan legez, Herri-administrazino sinatzaileek Euskaltzaindiaren jarduera suspertu eta bermatzeko hainbat neurri hartu ditue azken urteotan, hasieran banan-banan, eta, harrezkero, arian-arian modu bateratuan. 'Orain, etenbako ikerkuntza-jarduereari euste aldera, aurrera egin behar da, eta fruituak emon, batez be Akademiak egiten dituan argitalpenen eta programen bidez erakusten diranak'.

Holan, herri-administrazino sinatzaileek eta Euskaltzaindiak, kontratu-programa hau Akademiaren kudeaketa eta jardueren gainean aholkua emoteko eta segimendua eta ebaluazinoa egiteko tresna moduan hartuta, berau egiteko oinarriak adosten ditue. Era berean, programa-kontratu honen helburua da, hain zuzen, eskuragarri dagozan baliabideen kudeaketea optimizetea eta helburu eta erronka barriak planteetea, epe ertain eta luzera. Hori guztia euskerea ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan, etorkizunari begira.

Hola, bada, programa-kontratu honen bitartez, Euskaltzaindiari finantziazinoa bermatuko jako, euskerearen gainean dituen arau-, kontsulta-, ikerketa- eta zabalkunde-eginkizunak bete daizan, eta, aldi berean, baliabide publikoen bidez finantzietan dan edozein jarduerak eskatzen dituan ebaluazino-mekanismoak ezarrita geratuko dira.

Hitzarmen honen jarraipenerako, bi batzorde izentauko dira:

- Jarraipen Batzordea: EAEko Herri Aginteen aldetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek izentautako ordezkari bana eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkaria; eta Euskaltzainditik, barriz, euskaltzainburua, idazkaria, diruzaina, Iker sailburua eta Jagon sailburua.
- Batzorde Teknikoa, sei kidek osotua: herri-administrazino sinatzaileen ordezkari bana, Euskaltzaindiak eginiko lanen alde tekniko eta ekonomikoen barri dabenak. Beste biak, barriz, Euskaltzaindiaren gerentea eta idazkariordea izango dira.

Gaur Bilbon sinatu dan hitzarmena, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzeak eta hiru diputazinoek adosten daben bosgarrena da. Jakina danez, 1918. urtean, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko lau diputazinoen babespean sortu zan Euskaltzaindia eta, EAEko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak dinoanez, Euskaltzaindia erakunde aholku-emoile ofiziala da, euskereari jagokozan gaietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu