'Bilbao como has cambiao', urteen joanean Bilbo zelan aldatu dan ikusteko liburua
2010-11-25 14:36 KultureaBilbao como has cambiao izeneko liburuan, Bizkaiko uriburuko argazki zaharrak eta barriak batera ikusi geinkez eta uriaren itxurea hamarkada gitxian zelan aldatu dan jakiteko lan aproposa da. Ehun irudi baino gehiago dakarz liburuak, Manu Cecilio, Begoña Zubero eta Vicente Paredes argazkilari ezagunek egindakoak.
Bilbao como has cambiao izeneko liburuan, Bizkaiko uriburuko argazki zaharrak eta barriak batera ikusi geinkez eta uriaren itxurea hamarkada gitxian zelan aldatu dan jakiteko lan aproposa da. Ehun irudi baino gehiago dakarz liburuak, Manu Cecilio, Begoña Zubero eta Vicente Paredes argazkilari ezagunek egindakoak.
Liburuaren abiapuntua, Manu Cecilio prentsa-argazkilari erretiratuaren artxibo erraldoian dago. Hiru miloe negatibo baino gehiago daukaz Bilboko etxean gordeta, aitarenak asko eta Manu Ceciliorenak berarenak beste pilo bat. Bilboko argazki zahar ugari egozala eta, artxibotik 25 irudi hautatu eta horreen inguruan eregi dabe Bilbao como has cambiao liburua. Begoña Zuberok eta Vicente Paredesek, Manu Cecilioren eta haren aitaren ikuspuntutik abiatuta ataratako argazki modernoek osotzen dabe lana.
Manu Ceciliok 50 urte baino gehiago jardun eban argazkigintzan eta, horregaitik, antxinako Bilbo ezagutzeko aproposa da bere lana. '50eko hamarkadan, 15 urtegaz, aitagaz joan nintzan hegazkin istripu baten argazkiak ataraten, harrezkero, lan eta lan ibili naz', holan ekarri dau gogora zelan hasi zan argazkien munduan. 'Bilbo, arin modernizetan doa, baina betiko Bilbo balitz lez maite dogu bilbotarrok', ganeratu dau Manu Ceciliok.
Begoña Zuberok eta Vicente Paredesek, Manu Cecilioren ikuspuntua berrinterpretau eta kontrastean jarri ditue Bilboko argazki zahar eta barriak. Zuberok zuri-baltzezko argazkiak atara ditu, 'ez daigun ahaztu Bilbo moderno eta sofistikaduaren oinarrian, behinolako Bilbo gris eta industrialeko lana dagoala'. Zuberok azaldu dauenez, libururako argazkiak egitea, memorian bidaiatzearen parekoa izan da, 'umetako sasoietara bueltau naz, bidaia interesgarria eta hunkigarria izan da aldi berean', azaldu dau bilbotar argazkilariak. Begoña Zuberoren esanetan, urte asko egin ditu Bilbori argazkirik atara barik eta horregaitik, interes berezia biztu deutso liburua egiteko proiektuak.
Vicente Paredesek, bien bitartean, koloretako argazkiak atara ditu libururako, 'bilbotarren ohiturak eta jarrerak islatu gura izan dodaz', aitatu dau. 'Batzuetan, Manu Cecilioren eta nire argazkien arteko loturea topatzea gatxa egingo jako ikusleari, lotura sotilak, subjektiboak bilatu dodaz eta'. Paredes Alacantekoa da, Bilbon urte asko daroazan arren, eta horrek be beste ikuspegi bat emoten lagundu deutso.
Bilbo zaharra eta barria alderatzeko, alkarren alboan ikusteko, sortu dabe Bilbao como has cambiao liburua eta 124 orrialdetan barrena, urteek ekarritako aldaketea nabarmen geratzen da. Cesar Cocak egin dau hitzaurrea eta bertan esaten dauenez, 'zuri-baltzezko Bilbok bat egiten dau koloretako Bilbo modernoagaz, kolore biziko uriagaz, esan leiteke gaur egun eguzkiaren argia be indartsuago dabilela zeruan'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!