Datorren zapatuan jokatuko da Irunen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketea

Bizkaie! 2010-11-25 13:48   Euskerea berbagai
Hogeta hamabost lehiakide txapelaren alde

LUMA aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketea jokatuko da Irunen datorren zapatuan, zemendiak 27. Euskerazko berba joko, berba kurutzatu eta denpora-pasa jokoak eskaintzen ditu hilero LUMA aldizkariak (108 zenbaki kaleratu ditu honezkero) eta laugarren aldia da txapelketa hori antolatzen dauena.

LUMA aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketea jokatuko da Irunen datorren zapatuan, zemendiak 27. Euskerazko berba joko, berba kurutzatu eta denpora-pasa jokoak eskaintzen ditu hilero LUMA aldizkariak (108 zenbaki kaleratu ditu honezkero) eta laugarren aldia da txapelketa hori antolatzen dauena. Hogeta hamabost zale lehiatuko dira aurten (inoizko parte-hartzaile kopuru handiena) Txipi Ormaetxea arrasatearrak igaz jantzi eban txapela lortzeko.

Euskaldunen jokalari izaera proberbiala bada be, ez dira gurean oso ohikoak lehiaketa mueta honeek, hau da, hizkuntza langai hartzen daben probak. Berba kurutzatuen txapelketa honetan, hiru berba kurutzatu taula edo kurutzegrama osotu beharko ditue lehiakideek txapelketa eguneko goizean luzatuko dan norgehiagokan. Hiru saio egin beharko ditue horretarako: kanporaketa izaerakoa da lehendabizikoa eta hogei hoberenak baizik ez dira bigarrenera, hau da, finalerdira igaroko. Finala jokatuko daben lau lehiakideen izenak zehaztuko dira bigarren saio horretan. Mahaian eseri eta arkatza ondo zorroztu ondoren ekiten diete lehiakideek bi saio horreei. Finaleko berba kurutzatu taula, aldiz, jentaurrean eta paneletan bete beharko ditue finalistek, bestek eginikoaren barri zuzenean jakiteko modurik izango ez dabela.

Hizkuntzearen ezagutza sakonaz ganera, zentzua, gogo ernea eta mundutasunak eskatzen dauen erudizino-punta hori be erakutsi behar ditu lehiakideak, ez baita hau sinonimo lehiaketa huts bat. LUMA aldizkariko profesionalek sortu eta preparautako jokoak beteko ditue lehiakideek, eta zuzentasuna, lehenik, eta bizkortasuna, ondoren, hartuko ditue kontuan epaileek hareen lana neurtzerakoan.

Datorren zapatuko eguerdiko ordubiak aldera jakingo dogu nork jantziko dauen aurtengo Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen lehiaketako txapela. Lehengo txapeldunak, Txipi Ormaetxeak, barriro be? Beharbada, baina gatazka bizian ahalegindu beharko dau horretarako, aurtengoan be aurkariak indartsuak izango baititu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu