Gazteak eta artea indarkeria matxistearen kontra buztarturik, Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2010-11-25 09:15

2005ean sortu zan Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Euskadiko Udalen sarea, EUDELen eta Emakunderen bitartez. Aurten, bi horreei Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzea gehitu jake. Egun 48 udalerrik osotzen dabe sarea, eta euskal biztanleen %70 ordezkatzen dau.

Zemendiak 25, Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren harian, Beldur Barik! kanpainea antolatu dau Berdinsarea-Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Euskadiko Udalen sareak. Eudelek, Emakundek (Emakumearen Euskal Erakundea) eta Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren Zuzendaritzeak sustatu dabe ekimena, eta hiru foru aldundiek bat egin dabe haregaz. Artearen bidez gazteak arazo horretara hurreratzea da aurtengo erronkea. Edozein dalarik adierazpide artistikoa, emakumeakanako indarkeriaren kontrako jarrerak eta proposamenak sustatu gura dira. Kanpainearen helburu nagusia euskal gazteei indarkeria sexistea atzemoten laguntzea da, hari aurrea hartu eta aurre egiteko.

Horretarako, Adieraz Zaitez Beldur Barik! lehiaketearen lehenengo edizinoa abiatu zan, zeharka edo zuzenean indarkeria matxistea baztertzen daben orotariko arte-adierazpenak balioetsi eta sustatu guran. Danetara, 90 lan aurkeztu ditue 16 eta 26 urte arteko gazteek. 500 parte-hartzaile baino gehiago izan dira. Epaimahaiak aukeratutako hiru lan onenek 1.000 eurona jasoko ditue. Ondokoak dira epaimahaikideak: Dora Salazar eta Maite Garbayo, arte feministan adituak; Maria Silvestre, Emakundeko zuzendaria; Mariola Serrano, Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzako zuzendaria; Jokin Bildarratz, EUDELeko alkarteburua, eta Josebe Iturriotz, kanpainearen talde eragileko kidea.

Kanpainearen barrukoa da, aurten, zemendiaren 27an ospatuko dan Beldur Barik I. Jaialdia. Ospakizunak kanpainan parte hartu dabenen lana agerrarazoteko plataforma izan gura dau, eta bertan ikusgai izango da orotariko adierazpide artistikoen aukeraketea: pinturea, musikea, zinea, jantzea, argazkigintzea eta poesia-lanak. Bilboko Zabalguneko Merkatuan izango da jaialdia. Lorearen Nahia taldearen eskutik datorren perfomanceak zabalduko dau egitaraua, 11:00etan. Egunean zehar berbaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, gazteriari, arteari eta indarkeria matxisteari buruzkoak, adibidez: Generoa eta Ziberespazioa Artearen ikuspegitik, Arte Feministaren Genealogia edo Artea eta Feminismoa Euskadin. Era berean, jaialdiko parte-hartzaileek talde-sorkuntzak egingo ditue, eta, bertan, sorkuntza tailerrak be izango dira. Arratsaldean, erakusketako bisita gidatua eskainiko da. Azkenik, Adieraz Zaitez Beldur Barik! lehiaketearen emoitzen barri emongo dau epaimahaiak. Tradizinozko estereotipo maskulino eta femeninoetatik harago indarkeria matxistea modurik originalenean landu daben proiektuak sarituko dira. Eutsi taldearen kontzertuak zarratuko dau jaialdia.


Sentsibilizazino-kanpainea

Gazteei zuzendutako kanpainea da Beldur Barik!, eta emakumeen eta gizonen arteko hartu-emonetan jarrera positiboak eta errespetuzkoak sortzea eta finkatzea dau helburu, batez be helduaroari bide emoten deutson bizitza-sasoi garrantzitsu horretan.

'Aurreko kanpaina bietan legez, aurten be puntu lila erabili dogu emakumeakanako indarkeriaren kontrako iruditzat. Irudi hori erabiliko dogu zemendiaren 25eko astean. Kanpainea sustatzen daben erakundeek dei egiten deutsee herritar guztiei, alkarteei, komunikabideei, saltokiei eta abarri, indarkeria matxistearen kontrako jarrerea adierazo daien, puntu lila hori eurek ikusgarrien uste daben moduan agertuz. Irudi horren bidez, indarkeria matxistea islatzen daben portaera eta jardunbideen kontrako jarrera bateratua erakutsi gura da'.


Berdinsarea

2005ean sortu zan Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Euskadiko Udalen sarea, EUDELen eta Emakunderen bitartez. Aurten, bi horreei Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzea gehitu jake. Egun 48 udalerrik osotzen dabe sarea, eta euskal biztanleen %70 ordezkatzen dau.

Berdinsarearen egitekoa da toki administrazinoek kudeatutako gizon eta emakumeen bardintasunerako eta emakumeakanako indarkeriaren kontrako programa eta zerbitzuak bultzatzea, sendotzea, koordinetea eta ebaluetea. Horretarako, jarduera- eta ebaluazino-erispide bateratuak definidu behar ditu; lan hori tokiko jardunbide publikoaren maila guztietara helduko dan programa integralean sartu beharrekoa da; gainera, Sarea udalaz gaindiko beste erakunde batzuetara heltzeko lotura moduan erabiltekoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu