Bizkaiko 17 udalerri, hiru mankomunidade eta Foru Aldundia alkarlanean, Euskararen Egunean
2010-11-24 13:51 Euskerea berbagaiUrtero legez, aurten be, abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, hainbat udalerrik bat egin dabe, 'danok batera jarduteak programazino osoagoa egiteko aukerea emoten dau', Josune Ariztondo kultura diputaduak azpimarratu dauenez.
Urtero legez, aurten be, abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, hainbat udalerrik bat egin dabe, 'danok batera jarduteak programazino osoagoa egiteko aukerea emoten dau', Josune Ariztondo kultura diputaduak azpimarratu dauenez. Holan, 146 ekintza antolatu ditue udalerri eta mankomunidadeek abenduaren 3rako eta inguruko egunetarako. Aurten, euskerearen erabilerea bultzatzea izango da ekitaldien asmo nagusia.
Antolatu diran 146 ekintzak euskeraz egingo dira, baina Josune Ariztondok zehaztu dau euskeraz ez dakienentzat be egokiak dirala jarduera asko eta asko eta horreek erakartea dala, hain zuzen, Euskararen Egunaren beste zeregin bat. Agendea, ekintza guztiakaz, Azkue Fundazinoaren webgune barrian eta www.bizkaia.net helbidean topatuko dogu. 'Ekintza asko ez eze, anitzak be badira, danetariko ekitaldiak dagoz agendan', azaldu dau Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudel erakundeko ordezkariak.
Izan be, Foru Aldundiagaz batera, Eudel udalerrien alkarteak eta Azkue Fundazinoak be parte hartu dabe egitarau bateratua bultzatzen. Baita Alkarbidek be, Bizkaiko udaletako euskera zerbitzuak batzen dituan erakundeak. Kanpainearen hartzaileak, Alkarbideko udalerrietan bizi diran herritarrak dira, miloe bat pertsona inguru. Aurten lehenengo aldiz, herri guztietarako kartel bakarra be diseinau dabe.
Bizkaiko Foru Aldundiak berak, Lauaxeta Saria emongo deutso Joan Mari Torrealdairi abenduaren 3an, eguerdiko hamabietan egingo dan ekitaldian. Euskaltzain osoa da Torrealdai eta Anaitasuna, Euskaldunon Egunkaria eta Jakin agerkarietan egindako lanagaitik ezaguna bada be, unibersidadearen munduan ibilbide oparoa dauka. 'Behargin nekaezina da, euskal intelektuala', Josune Ariztondoren esanetan.
Beste alde batetik, Euskararen Egunaren kontura, Banden Lehia dalako musika lehiaketea egiten dabil Bizkaiko Foru Aldundia. Horren bidez, euskerazko taldeek euren kantak Interneten jarteko aukerea daukie eta erabiltzaileek botoa emon leikee. Hiru bozkatuenek Bilboko Kafe Antzokian joko dabe abenduaren 3an, The Uski´s taldeagaz batera. Argibide gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukerea, www.bandenlehia.com helbidean.
Bilboko Udalak be ekitaldi sorta mardula dakar abenduaren 3ari begira. Alde batetik, harrera instituzionala egingo dabe Euskararen Egunean bertan, udaletxeko Arabiar Aretoan eta konbidatu berezia, aurten, Bizkaia Irratia izango da. Hogei urte bete ditu euskera hutseko irrati horrek eta urteotan egindako lanari gorazarre egin gura deutso Bilboko Udalak, Ana de Castro euskera zinegotziaren arabera. 'Hizkuntzak egunero erabili eta elikatu behar dira', azpimarratu dau de Castrok. Ideia horri jarraituta, sentiberatze kanpainea be hasiko dau Bilboko Udalak datorren astean, 'zurea da hitza' lelopean, 'batez be, euskerearen erabilerea sustatzeko kanpainea izango da', zehaztu dau de Castrok.
'Hizkuntza gizarteari lotuta doa aurrera, globalizazinoaren prozesuan euskereak be zeresana emoten jarraitu behar dau, biziko bada', horra Josune Ariztondoren gogoetea, 'mundu digitalean sartu behar dogu', ganeratu dau. Eta garrantzitsuena, Bizkaiko Kultura Diputaduaren ustez, 'egin daigun euskeraz, ondo pasau eta gozau euskeraz'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!