Euskerea Internet bidez zabaltzeko kanpainea jarri dau martxan Etxepare Institutuak

Bizkaie! 2010-11-24 11:06   Euskerea berbagai

www.euskaramundiala.net webgunearen bidez, herritarrek hamarnaka esaldi izango ditue eskura, besteak beste, esaera zaharrak, eguneroko berbak eta aho-korapiloak. Bide horretan, webgunera sartzen danak aukerea izango dau esaldi bat aukeratu, entzun eta, esaldi bera ahoskatuz, webcam bidez grabetako.

Etxepare Euskal Institutuak 'Euskara Mundiala' izeneko kanpaina barria jarri dau matxan. Internet bidez egingo dan kanpaina honen bitartez, herritarrek euskeraz grabautako hamarnaka esaldi izango ditue eskura entzun, ikasi eta errepetiduteko.

Hurranez hurran Etxepare Euskal Institutuko zuzendari eta Euskera Sustatzeko zuzendari diran Aizpea Goenagak eta Mari Jose Olaziregik aurkeztu dabe kanpaina barria. Biek azpimarratu dabe kanpaina honen bitartez lehenengo aldia izango dala euskerea edota Euskal Herria bera badiranik be ez dakien jentea hizkuntzara hurreratuko dana euskeraz berba batzuk eginez.

Holan, www.euskaramundiala.net webgunearen bidez, herritarrek hamarnaka esaldi izango ditue eskura, besteak beste, esaera zaharrak, eguneroko berbak eta aho-korapiloak. Bide horretan, webgunera sartzen danak aukerea izango dau esaldi bat aukeratu, entzun eta, esaldi bera ahoskatuz, webcam bidez grabetako.

Webguneak beste aukera bat be eskaintzen dau, hau da, edonork gura dauena esatea sistema baten bidez eta 24 ordutan sistema horrek euskerara itzulita eskaintzea.

Ganera, ekimenak igotako materialaren potentziala eta sare sozialek emoten daben ahalmen biderkatzailea aprobetxauko ditu, euskerea eta Euskal Herria ezagutzen ez dituen pertsonetara heldu ahal izateko.

Bide horretan, Goenagak adierazo dau kanpainea 'oso adoretsua' dala; bere esanetan, 'sare sozialen bidez, jenteak euskerea berea egitea proponiduten dau egin daiteken modu bakarrean, hau da, erabilita'.

Etxepare Institutuko arduradunek nabarmendu dabe euskerea ez dala apaindura bat, ezta defendidu beharreko ondare bat be, 'zirkulazinoan dogun eta bizirik dagoan zeozer baino, eta zirkulazioan jarriko dogu sare sozialetan'.


'Zortzigarren lurraldea'

Goenagak argitu dau 'Euskara Mundiala' ez dala hilebete iraungo dauen kanpainea izango, baizik eta luzarorako dala, 'gura doguna da jentea webgunera sartzea eta parte hartzea; teknologiak distantziak laburtu eta mugak apurtu dituan sasoi honeetan, Internet euskerearen zortzigarren lurraldea bihurtu da', ganeratu dau.

Kanpainearen aurkezpenean, Etxepare Institutuko zuzendariak gaur egun dagozan 800.000 euskaldunen eta euskeraz berba egiten ez daben baina berbak ezagutzen dituen 'beste euskaldun askoren' laguntzinoa eskatu dau.

'Euskal herritar guztiak gara euskerearen enbajadoreak eta horregaitik deitzen doguz herritar guztiak lagunak eta ezagunak animau dagiezan eta berbak euskeraz esatera animau daitezan', esan dau Goenagak. Ganera, euskal etxeen, atzerrian dagozan euskal herritarren eta beste izaera batzuetako erakundeen laguntzinoa izatea espero dauela azpimarratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu