Kepa Junkera: 'Energia edadearen, estetikearen gainetik dagoala konturatu naz'

Koldo Isusi Zuazo 2010-11-22 12:04   Barriketan
Musikaria

Kepa Junkera bilbotarra (Errekalde auzoa, 1965) 11 urtegaz hasi zan soinu txikia joten, aititek panderorako eta amak euskal jantzetarako euken zaletasunari erantzunez eta laster ezaguna egin zan munduko beste musika mota batzuekaz bilatu dituan bat-egite eta fusinoakaitik. Orain arte 19 disko plazaratu ditu, azkena Herria, euskal kulturea eta musikea munduan zabaltzeko asmoz orain lau bat urte abiatutako trilogiaren azkena.

Diskoez gan, talde eta artista askogaz kolaborau dau, besteak beste, Oskorri, The Chieftains, Carlos Nuñez, Tomas San Miguel, La Bottine Souriante, Alasdair Fraser, Hevia, Justin Vali, La Musgaña eta Xose Manuel Budiñogaz.

Kepa Junkerak irabazi dituan sarien artean, ondokoak azpimarratuko doguz: Grammy Latinoa irabazi eban K diskoagaitik eta bi urrezko disko lortu ditu Bilbao 00:00 eta Maren diskoakaz.

Keparen biografiak luze joko leuke baina beste bi kontu azpimarratzearren, Etxak, Euskadiko Txalaparta Konpainiaren eta Lur Soinuak musika eskolearen sortzailea be bada.

Edozelan be, batez be Herria diskoaz ondoko barriketaldia izan dogu beragaz


1.- Trilogia biribiltzeko Herria diskoa aurkeztu ostean, zer sentiduten dozu?

Sentsazino positiboak dodaz. Proiektu potoloa izan da, lehenengo pausuak orain bost bat urte emon nituan eta denporea konturatu barik pasau jat, ez dakit hori ona ala txarra dan baina sano pozik nago egindakoaz eta arlo personalean zein profesionalean ikasitakoaz. Harro nago egindakoaz, barriro egingo neuke eta jarraitu be pozik jarraituko neuke. Dana dala, badakizu geldi eta gora begira egoten diran horreetakoa ez nazela eta honezkero pentsetan nago trilogiaren prozesu osoan grabautako irudi eta ataratako argazkiaz zeozertxu egin daitekela ze pena handia litzateke material hori guztia alperrik galtzea.


2.- Etxea (2008), Kalea (2009) eta Herria (2010) hiru disko dira baina datuei erreparauko deutsegu orain. Zenbat musikari, zenbat abeslari, zenbat kantu izan dira?

Bai. Datuetan potoloena Herria diskoa izan da. Kasualidadez kantu gitxien hor dagoz, 23 hain zuzen; Etxea lanean, 27 izan ziran eta Kalea-n, 24. Hortik gora, Herria diskoan txiki itxi doguz aurrekoetako datuak, munduko 28 herrialdetako 66 abeslari, 71 musikari, 11 produktore, 16 teknikari, 13 estudio, 8 argazkilari eta 7 kamera izan dira.

Proiektu osoaren datuei jagokenez, hiru edo azpimarratuko deutsudaz: parte hartu daben abeslari eta musikarien artean, munduko 49 herrialdetako 283 lagun izan dira, 74 kantu, 17 produktore eta 53 teknikari.

Datuak datu baino ez dira baina egindako lanaren dimentsinoa adierazoten deutsue eta behin beharra amaituta, oso emozionantea da jaubetzea zenbat lagunek proiektu honegaz bat egin eta geure musika eta kulturan sartu diran.


3.- Proiektu osoan, danetara, 74 kantu aurkeztu dozuz. Aukeraketarako ze erispide erabili dozu? Zelakoa izan da moldaketak egiteko prozesua?

Bai, 74 kantu izan dira, danak euskal kulturako kantu tradizionalak eta, esangura horretan, klasikotzat hartu geinkezanak erabili gura izan dodaz, gehiago be badagoz jakina baina trilogiara batutakoak sano esanguratsuak eta adierazgarriak dirala pentsetan dot, besteak beste, Etxea-ra batutako Haurtxo Txikia, Joxe Migelen Batela, Oh Pello Pello, Iruten Ari Nuzu edota Haika Mutil; Kalea-ra batutako Txoria txori, Glu, glu, glu, Aita San Antonio edota Atxiketan potxiketan; eta Herria diskoan dagozan Egun da Santi Mamiña, Itsasoa laino dago, Ederra zira maitea, Begak barrez barrez edota Ene izar maitea.

Ganerakoan, kantuen moldaketa prozesuan askatasuna eta malgutasuna izan dira nagusia. Nik neure ideiak euki arren, musikariek eta abeslariek euren ekarpenak egitea gura izan dot eta prozesua ederra izan da ze eurekaz eta euren lanagaz hazi, aberastu egin nazela uste dot. Estudioetan ordu asko emon doguz eta kasu batzuetan di-da lortu badogu gura genduana, beste batzuetan buelta bat baino gehiago emon behar izan doguz.


4.- Aurreko biekaz konparauta eta parte hartu daben musikari eta abeslariei erreparauta, askoz potoloago agiri da Herria. Holan nahi izan dozulako ala kasualidade hutsa da?

Hasieratik pausuak emoten joan gara eta ibiliaren ibiliaz ikasten be joan gara; Etxea diskoan Penintsulako 42 abeslarik parte hartu eben, Kalea lanean, barriz, 11 herrialdetako 82 artista izan ziran eta Herria-n, barriz, abeslari eta musikarien artean, 137 lagun izan dira. Badago aldea bai. Baina ez da aurretiaz pentsautakoa izan, alderantziz be izan eitekean baina gauza naturala dala pentsetan dot, ze hasieran beti daukazuz zalantzak, nondik nora jo... Apurka-apurka proiektuari neurria hartzen zoaz eta azkenerako errazago egiten da dana.

Herria diskoan, aurrekoetan legez, kantu tradizionalak dagoz oinarrian baina sonoridade bereziak topauko ditu entzuleak, munduko musika tresna ugari, batzuk nahikoa ezezagunak, berbarako, laud, Kretako lirea, arabiar gitarrea eta Australiako didjeridooa. Horrezaz gan, besteak beste, Armenia eta Turkiako haize instrumentuak, indiar tanbor-joleak, jazz giroko Dave Doyglas, tex-mex-aren ordezkari Flaco Jimenez eta Steve Jordan, metal boskotea, gospel korua edota Boiseko korua be agiri dira.

Herria diskora batutako kantuak New Yorken, Oaklanden, Los Angelesen, Parisen, Casablancan, Istanbulen, Atenasen, Boisen, San Frantzizkon, San Antonion, Hawaiin eta Bilbon grabau doguz baina horreetako asko uri internazionalak izanik, Hego Koreako abeslariak, pakistandarrak, irandarrak, japoniarrak batu dira gurera, uri horreetako asko beste kultura eta dimentsino batzuetara joteko ate dira, munduan mugarik bako aukera musikalak dagoz baina danatara heltzea ezinezkoa da.


5.- Proiektua biribildu ondoren eta bizitakoak bizita eta sufridutakoak sufriduta, maila personalean eta profesionalena aldatu zarela pentsetan dozu?

Bai, argi dago. Urte asko izan dira beharrean eta ibilbide horretan gauza asko ikasi dodaz bai alor profesionalean eta bai personalean. Maila profesionalean erronka handia izan da niretzako ze gehienbat maila instrumentalean ibili ostean, lehenengoz sartu naz musika kantatuagaz, eta artista horreen artean zuzendari lana egitea ederra izan da.

Frustrazino puntu bat be hor gelditzen jatzu ze konturatzen zara musika aukerak mugarik bakoak dirala eta danetara ezin zarela heldu baina, oro har, egindako lanagaz harro nago, sano pozik. Ate batzuk zabalik ixtea be ondo dago, konturatu naz ames egitea posible dala, kultura txikietan be posible dala sortzea, konpartidutea... Hori bagenkian baina orain beste intensidade bategaz bizi izan dot hori. Gurean melodia zoragarriak daukaguz, berbak ulertu ez arren, jente asko emozionetako kapaz diranak eta niretzako lan hau aurrera ataratea esperientzia ederra izan da.


6.- Izan be, trilogia honen helburua euskal musika tradizionala munduan zabaltzea izan da...

Bai euskal musika tradizionala zabaltzea eta konpartidutea. Nik neuk musikea sortzen dodanean, konpartidutea gustetan jat, zabaltzea eta munduan beste kultura eta musika batzuetako ordezkari diranen aldetik jarrera edegia ikusten dozunean, geure txikitasunean handi diran kantu eta melodiakaz disfrutetan dabela sentiduten dozunean, pozik gelditzen zara egindako lanak merezidu izan dauelako.


7.- Atzera egin eta Etxea diskoa gogoratuko dogu. Zelakoa izan zan lehenengo pausu hori?

Lehen be esan deutsut. Hasierak beti izaten dira aldatz goran, esan gura dot apaltasunez baina bildurrik barik jokatu behar dala, lan egiteko modua zehaztu behar da, metodoa ezartzeko ordua da eta lehenengo momentu horretan, maketa bat egin neban abeslari bategaz eta piano-jole bategaz. Materiala preparau eta gero nik buruan neukazanei bialdu neutsen kantu proposamena proiektuaren barri emonaz eta parte hartzeko konbita eginaz. Esangura horretan, ilusino handiz abiatu nintzan Etxea lanagaz, eregite prozesua zalako eta pausu guztiak zehaztu behar ziralako. Hori oso garrantzitsua izan zan, ze bigarren lanean, Kalea-n saltoa emon behar genduan Hego Ameriketara eta nahitaezkoa zan metodoa eta bestelako gauza batzuetan zalantzarik ez izatea.

Hori bai, ideia argi euki arren, inprobisazinoari be tartea egin behar jako ze jarrerea edegia nahitaezkoa da beti.

Horrezaz gan, tale lanaren garrantziaz jaubetu nintzan, lekuan lekuko produtoreen lanean oinarritzen ikasi neban eta hori erabagiorra izan zan.


8.- Ia bost urteko prozesuan makinatxu bat anekdota edo pasadizo bizik zenduzan, momentu on eta txarrak. Bateren bat nabarmenduko zeunke?

Persona positiboa naz betidanik eta sinistuko ez badozu be, esperientzia danak izan dira positiboak. Pozik nago, harro egindako beharraz, barriro egingo neuke ezelako duda barik eta segidu be segiduko neuke. Koherente izaten segiduko dot pentsetan dodanagaz, ez daukat ezelako arazorik.

Anekdotak eskatzen deustazuz eta esango neukizu proiektua bera anekdota bat dala. Holako esperientziak egun normalak dira baina orain urte batzuk gogorragoa zan. Gaur egun be egongo dira batzuk esaten dabenak ia zelan dan posible Madagaskarreko edo Hawaiiko batek euskeraz kantetea. Niretzako oso normala da hori. Duda barik, parte hartu daben guztien ekarpen, sentimentu eta maitasunagaz gelditzen naz.

Momentu berezi bat Boisen bizi genduan. 105 urteko Luci Garateari alkarrizketea egin neutsanean, Etxea laneko kantu bat, Bermeoko portuan kantau eban, trikia joten hasi nintzan eta zahar-etxeko andrak sartzen hasi ziran, danak laurogeitik gorakoak, eta hareek danak kantetan eta jantzan ikustea ez dot sekula ahaztuko. Momentu hunkigarria izan zan. Energia edadearen, estetikearen gainetik dagoala konturatu nintzan.


9.- Trilogia amaitu barri dozu, baina oraintsukoak dira Provenca Session, Habana Sessions eta Beti Bizi. Geldi egoten ez dakian horreetakoa zara...

Bai, proiektu interesgarriak dira. Rolando Luna pianisteagaz eta Melonius Quarte taldeagaz itzel pasau dot eta Xabier Amurizaren kopla zaharrakaz eta Leioako Kantika Koralagaz be bai. Azken hori, ganera, Glasgow-n aurkeztu behar dogu, Celtic Connection jaialdian, datorren urteko urtarrilean, 20an oso oker ez banago.


10.- Herria lana zuzenean aurkeztea ez da erraza izango... Aurrera begira zer?

Ez. Etxea-gaz zuzeneko bi egin genduzan Arriagan eta zoragarria izan zan baina Etxea-ren dimentsinoa askoz handiagoa da eta zuzenekorik oraingoz ez dogu zehaztu. Aurrera begira, barriz, badago nondik jo. Esan deutsudanez, material ugari daukat argazki eta bideo formatoetan eta zeozer egingo dogulakoan nago. Horrezaz gan, pare bat disko atarateko beste material daukat honezkero. Filtro lana egitea falta jat baina disko bat atara gura neuke laster, kolaborazino barik, neure taldeagaz. Laster izango dozue horren barri.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu